Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Gaurko lehen bezeroa

7k1018Ilustrazioa: Cristina Fernandez

Iragarpenek ez dute asmatu oraingoan ere; sargoriak zanpatu du eguna goizean goizetik eta narrasti bihurtu ditu ibiltari guztiak. Kamera geldoan ikusten nuen dena kristalaren bestaldean. Pisutsua zirudien giroak, arropak. Pisutsuak ziren segundoak, denda barruan ere, haizagailuaren jirabirak gorabehera. Lehen bezeroa heldu arte. Zu heldu arte. Beroak eta iraganak zapla jo naute atea zabaltzearekin batera.

Dotore zindoazen, arropa iluna jantzita, eta ziurrenik damutu zaizu saparen amaraunean harrapatuta.

Damutu zaizu?

Agurtu eta gelditu zara ezkerraldeko esekitokietan, udako soineko eta alkandoren artean, presarik gabe. Ezin izan duzu ikusi nola eten zaidan arnasa. Nola izoztu zaidan azala, bizia, berriz ere. Une batez iruditu zait zerraldo jausiko nintzela eta bermatu ditut besoak erakusmahaian. Negar egin dut isilean. Zuk ezer sumatu barik.

Denbora hartu duzu. Galduta ematen zenuen. Mutil zintzoa, bere neska-lagunaren oparia aukeratzen. Botagura sentitu dut. Desbideratu dut begirada, lehen aldiz sartu zarenetik, kanpoaldera. Pelikula bestelakoa zen; begitandu zait azkar zihoazela guztiak, sugandilak ihesi. Eskapu egiteko premia nuen neuk ere. Gorputz-adarrak, aldiz, indarge nituen, mugiezin. Orduan bezala. Zu parean ostera, itsatsita nire ninietan. Beste dena, hutsa.

Segitu duzu dendako txoko guztiak miatzen, zalantzati, trakets. Arriskutsuak bailiran ukitzen zenituen elastikoak, prakak; beldurra emango balizute legez.

Zeri ote diozu beldur?

Telefonoak mezu baten berri eman dizu eta urduritu zaitu. Niregana gerturatzen hasi zara, pantailari so. Ordenagailukoan bilatu dut nik itzurbidea, indarrak biltzeko denbora sikiera. Saiatu naiz zure mugimenduak begi bazterretik irakurtzen. Ez, ez nauzu ezagutu. Ez dakit nola amaitu duzun hiri honetako auzo honetako denda txiki honetan, baina ezin duzu jakin nor naizen. Oso desberdin nago: ilea moztu dut, betaurrekoak daramatzat, arropa zabaletan ezkutatzen dut gorputza.

Npdf2itaz akordatzen ote zara?

Nik ez zaitut segundo bakar batean ahaztu. Ez nintzen ume bat, eta hala ere, ez nintzen aurre egiteko gai izan. Lotsak mututu ninduen, eta erruak guztiz indargabetu. Zurekin joan nintzen: errudun. Ez nizun aurka egin: errudun. Ez zintudan salatu: errudun, beti errudun. Nahiago dut inork pentsa ez dezan biktima naizela, dena den; ez dut errukia jasaten. Neure buruarekiko gorrotoa areagotu besterik ez du egiten. Inor gutxik jakin zuen. Are gutxiagok sinetsi eta ulertu.

Bolada batean etxean gordetzea deliberatu nuen, herrikoa ez zinen arren, zurekin topo egitearen beldur. Egunero ikusten zintudan, baina; begiak itxi eta berehala. Hilabete batzuen ostean ospa egin nuen. Lana topatu nuen hirian, lehendabizi taberna batean, eta duela hiru hilabete, arropa denda honetan. Banoa ohitzen, eta mina batzuetan desagertzen da. Baina ez nuen zu berriro aurrean izaterik espero.

Ez dut laguntzarik eskatu denbora honetan; egia esan, ez dakit nola, ez dakit nori. Umiliazioa eta gutxiespena jasan nituen, baina zugandik urrunduta ere errepikatu egiten dira; nahikoa da telebista piztea umiliazio bera, arbuio bera, amorrazio bera sentitzeko. Behin eta berriz bizi izaten ditut, beste gorputz batzuen bidez.

Halakorik sentitu ote duzu zuk inoiz?

Telefonoak jo dizu. Betertzetik ikusi dut gelditu egin zarela. Erakusmahaitik metro batera zeunden, hartu ala ez hartu, bosgarren tonuan moztu duten arte. Lasaitua hartu dut nik ere; ez nuen zure ahotsa entzun nahi. Niri begira igarri zaitut orduan. Zure arnasotsa heldu zait eta eztanda egin dit tinpanoan.

Altxatu dut burua. Ikusi dut zure begietan: badakizu. Orain ezagutu nauzu. Oihu egin dizut ezer esan baino lehen.

Desegin zara.

Eli Carrascoa

1979an Iruñean jaioa, baina Bilbo aldean bizi da betidanik. 2001ean ekin zion euskara ikasteari.
Egun, euskara irakasle dihardu Bilbon.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli