Bosgarren zubia
Hiru ordu eskas, itzulerako hegaldia ateratzeko. Kirol zapatilak kendu eta arnas egin dute Nahiaren oin egosiek; zerraldo erortzen utzi dio gorputz lehertuari. Xabi ondoan balu, suharki biluziko luke eta ostatuko bezero guztiak asaldatuko lituzke ohearen kirrinkak. Badaki, ordea, Xabirekiko desio horren ernarazlea ez dela Xabiren oroitzapena, berriki ezagututako hipster madarikatu hura baizik. Begiak bildu eta azken egunetako aztoramenari zentzua jartzen saiatu da; arraioa, Pragarako bidaia hura oso bestelakoa izateko sortua zen!
Bost urte ziren Xabiri 100 kilometroko ingurumaritik sekula ez zela atera aitortu zionetik. Urtebetetzean, Pariserako bi tren-txartel oparitu zizkion mutilak, bien arteko adiskidetasunak beste bide bat hartzeko trikimailu hutsa. Pont des Arts-en, betiko maitasuna agintzen zuten milaka giltzarrapoen eraginez-edo eman zioten elkarri lehen muxua. Je t’aime. Eta hortxe hasi zen. Urtero bidaia bat opari, elkarrenganakoa zubi baten gainean zigilatzeko. Rialto, O’- Connell eta Triana. Ti amo, I love you, Te quiero. Karlosen zubi zaharra bosgarrena izango zuten: Miluji těmoc, maite zaitut esateko ahalegin berezia.
Baina, orduan, Xabi azken orduko albiste makur harekin iritsi zitzaion: ezingo zuen data horretan lanera huts egin. Nahiaren hastapeneko dezepzioa ilusio bilakarazten jakin zuen mutilak, bakarrik bidaiatzearen xarmaz hitz egin zionean; zubiak deskubritu zituen bezala, deskubrituko zituela beste hainbat gauza ere. Hortaz, zirrara berezia sumatu zuen Nahiak hegazkinak Pragako aireportuan lur hartu zuenean; aspaldian erantsia zuen hiri hura eta haren zubi sonatua bere xedeen zerrendan.
Karlosen zubia, bosgarrena. Iristean zoriontsu sentiarazi zuen turista saldo hartan anonimoa izateak. Erretratugile hura ikusi zuen orduan, eta Xabiri bere irudia opari eramatea otu zitzaion; hura izango zen bosgarren zubia mutilari eramateko modua. Zubi apetatsu hark, aldiz, beste zerbait zuen Nahiarentzat. Erretraturako aulkian eseri eta berehala erreparatu zion artistaren lana behatzen ari zen jende artean: bera baino gaztexeagoa, kalkulatu zuen, bizarra egin eta betaurrekoak kenduko balitu. Arreta eman zion kokospeko ile sarri zainduetan ezkutatzen ziren ezpainei hozka egiteko zeukan moduak. Nahiak ez daki zein unetan erabaki zuen mutilaren so lotsagabeari desafio egitea. Luze jo zuen erretratuak, eta, halere, han zutik iraun zuen mutilak, berari begira, esku bat sakelan, beste eskuan hiriko gida. Eta mutilak zerbait proposatuko balio? Urquell bat terraza jendetsu batean edo Lonely Planeten aholkuei elkarrekin jarraitzea? Baietz erantzuteko gogoa zuela ohartu zen. Baietz erantzuteko gai izango litzateke, baina? Pentsatze hutsak kitzikatu egin zuen. Erretratugileak ez zuen lortuko Nahiaren begiradak zioen guztia islatzea.
Artistak erretratua bukatutzat jo eta irudia ordaindu bitartean, lotsagabe harekin zer egingo ote zuen erabakitzeko une batez aldendu zuen Nahiak begirada. Ohartzerako, ordea, mutila turista andanaren artean desagertua zitzaion. Erretratugileak dezepzioa sumatu bide zuen Nahiaren keinuan, The boy? This way, eta neskak norabide hartara jo zuen itsumustuan. Esne-gainez beteriko trdelnik-a ahoratzen ari zen berriz bistaratu zuenean, eta erabat ahaztu zitzaion hiria bisitatzeko zeukan plana.
Ohatzearen malgukietako batek giltzurrunetan zizt egin dio, eta errealitatera ekarri. Hiru ordu hegaldirako. Oin gorrituei begiratu die; gidetan ez dute ohartarazten kirol zapatilek uda betean izan ditzaketen arriskuez, ez eta ezezagun bati jarraitzeak sor ditzakeen buruhausteez ere.
Mutilaren biografia asmatzea izan zen lehenengo ergelkeria: Piero, italiarra, Pragara Kafkari buruzko doktoretza prestatzera etorria. Bakardadezalea, bikote harreman egonkorra edukitzea oztopatzen dion izaera zailekoa, baina era berean xarmagarria. Bigarren lelokeria, hiru egunez jarraika ibiltzea, hura ez ohartzeko distantzia aski luzetik, baina bihotza taupa-taupa eta odola bor-bor sentitzeko adinako tartetik; desioaren beldurrez atzera egin arte hurbiltzea, jendez gainezka zegoen txotxongilo denda ñimiño hartan, istant batez, ukondoaz ukitzea. Segundo bat bete desio, larrua larruaren kontra.
Badaki ez duela sekula gehiago ikusiko. Hiru ordu eskas Bartzelonarako hegaldia ateratzeko, jada ez du zertan kezkatu. Kitto. Bakea. Arropak maletan egokitu eta aireportura eramango duen taxia hartu du. Arnasa. Arnasa eta urdailean zimikoa Pieroren hotel ondotik pasatu direnean. Ataurrean gelditzeko eskatu dio bat-batean gidariari. Poltsan arakatu du zubian egindako erretratua aurkitu duen arte. Hoteleko harreran marrazkia 203ko bezeroari emateko mezua utzita, ziztu bizian atera da. Hain ziztuan, estropezu egin baitu norbaitekin espaloian. Zimikoa. Taxian arrapaladan sartu eta uhala jartzen ari dela, leihatilan koxk egin diotela sumatu du. Desioaren izua. Ez du begiratuko. Gidariari azkar abiatzeko agindua eman dio. Berriz ere koxk, eta koxk fuerteago. Azeleragailua eta arnasa.
Aireportuan Xabiri kamiseta bat erosteko denbora izango duela otu zaio, urrunean Karlosen zubia bistaratu duenean.
Irurtzun (1975). Euskal Filologian |