Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Arrakalak itzaletan
   
Ilustrazioa: Kristina Fernandez    
pdf    

Berriz ere begiratu diot argazkiari, argi-itzalezko marren artetik ageri da zure aurpegia, irribarretsu gordegordeketan ari den haurraren tankeran, begiak erdi itxita, jostari. Betaurreko lila lauki luze horiek erabiltzen zenituen orduan, ederrago egiten zintuzten, begi politak ez zenituelako ei zen, zure ustez. Txintxeta gorriarekin jarrita daukat mahaia kokatuta dagoen hormako kortxoan, hortxe daramatza urteak, esertzen naizen aldiro begien parean. Gauzak beltz samar ikusten hasten naizenean begiratu egiten zaitut argazkiko-zure-aspaldiko-aurpegira, eta handik, aspaldiko Berlindik, zure keinuak lasaitu egiten nau.

Ez zen gaitza izan argazkia hautatzea. Gure egunerokotasunetik erauzi zintuztenean behin-behinekoa izango zela uste nuen, laster ikusiko zintudala, eta so egingo niola zure egiazko irribarreari. Horrela gogoratu nahi zintudan tarte horretarako, gorde eta karratu baten zein bestearen atzetik agertzen, algaraka, lekuaren solemnitateari trufa eginez. Edozein unetan itzalen artetik ageriko zinelakoan.

Gaur egunkarian irakurri dut Europan eraildako juduei eskainitako monumentu memorialeko hormigoizko karratuak zartatzen ari direla. Eta argazkiari so egin diot. Berriz. Berlin. Gau hartako solasaldira joan zait gogoa, juduek beren mindurari eskainitako azpiegituren inguruko hitz-aspertura, betirako gogoan izateko sorturiko eraikuntzen esangurara. Inbidiaz paseatu ginen juduen museoan zehar, ez infernua erakargarri suertatu zitzaigulako, sufritu zutena gerora nola idatzi eta erakutsi jakin izan zutelako baizik.

Isiltasuna nagusitu zitzaigun museoko korridoreetan, begiak eta belarriak adi geure hizkuntza mugapenekin, Leireri galdetzeko soilik zabaldu genuen ahoa. Lagun bisitari guztiak eramaten zituen berak hara, ikusteko ezinbestekoa zelakoan, Berlinen historian suz markatutako pasarteen bilgune. Handik aterata, arnasa hartzeko beharra gailendu zitzaigun, azukredun kafe handi horietako bana hartu eta kalez kale oinen dantza erritmiko biziarekin batera hasi ziren hiruron burutazioak astintzen. Basakeriaz, talde-minaz, harrotasunaz eta Palestinaz; sufritzeaz eta kontatzen jakiteaz; oroimenaz eta honen hauskortasunaz.

Brandenburgeko atetik gertu dago naziek Europan erail zituzten sei milioi judu horiei eskainitako monumentu ikusgarria. Hara iritsi ginenerako dantzan genituen mihiak ere, burua bezala. Arnasa moztu zigun ikusmirak, ordea. Leirek kontatu zigunez, 2.700 harlauza baino gehiagok osatzen zuten, denak hormigoizkoak, denak altuera ezberdinetakoak. Milaka begirada beharko genituzke hura ikusteko, zirrikituen marrak irakurri ahal izateko, argi-itzalen hizkuntza ulertzeko. Minaren marrazkia begitantzeko. Korrika hasi ginen batetik bestera, ingurutik, hamaika ertz hautatuz, barruan harlauzen arteko tarteek sortzen zituzten marretatik, gora eta behera, harrizko itzal eta argi izpien arteko saretzean bat eginda. Harrien itzalen grafian geu ere ikur bilakatuta.

Goxoa da uztaila Berlinen, urtearen gehienean nagusi den hotz sarkorrari oporrak eman eta egunak goiztiar zein eguzkitsu sortzen direnean. Ezinbestekoa kalera ateratzea, errainuetatik edatea. Bertako zein kanpokoen artean, eskertu egin genizkion eguzkiari bere distira epelak. Eta bere irudiak, harriarekin, azalekin, forma zuzen zein borobilduekin talka eginez sortzen dituenean. Harlauzak nabarmenagoak dira argiitzalen borrokan, baita adierazten digutena ere.

Edonondik begiratuta, harrizko itsasoa zirudien monumentu erraldoiak, hormigoizko olatuen dantza trinkoa. Eta milioika minen solemnitatean igeri egin genuen. Barrutik, labirintoa. Hamaika bider galtzeko adinakoa, amaigabea, mugagabea, mila begirada batean bilduta. Denak eta bat. Desagertuak baina ez. Harrizko hitzekin idatzitako memoria gogorra, hautsezina, sendoa. Ukaezin bilakatu nahi duten oroimena.

Juduek beren oroimena gordetzeko duten maisutasunaz jardun genuen gaueko garagardoen bueltan. Rote Insel-eko patioaren txikitasunean eguerdiko ikuskizuna harrizko sare bilakatzen joan zen gure garunean, bitsak harrotuta, geure min txikiei barre egiten zien itzal erraldoi grisa. Ba ote dago min txikirik, ordea? Neurgarria ote, milakako edo milioikotan? Konta al daitezke sufrimenduak berba arinekin? Itaun anitz Alemaniatik, bihotzean generaman herrira. Mindura ttipi eta ikusezinen herrira.

Galderak zintzilik geratu zaizkit argazkian zure bisaia inguratzen duen gerizpean. Gaur irakurri baitut hormigoizko karratu horiek zartatzen hasi direla, ezinezkoa zirudiena gertatzen ari dela. Ez dira apurtezinak, garaiezinak, geure txikitasunetik hala iruditu bazitzaizkigun ere. Geroari utzi dioten kontakizuna zartatzen ari da, marraztu zituzten itzalak ez dira trinkoak. Bizirik daudelako, beharbada. Orain badakit edozein unetan haien artetik ageriko zarela, argitara jauzi egingo duzula, eta argazkia gordeko dut oroimenaren tiraderan. Agian orduan minduraren kontakizunari harrizko hizkuntzarekin helduko diogu, elkarrekin. Edo argi-itzalez margotu, harriak ere arrakalatu egiten baitira.

Arantxa Erasun Urtzelaieta

1972an jaioa, azken urteetan hernaniartutako andoaindarra naiz. Kazetaritzan lizentziaduna, komunikazioaren ertzetan zehar aritu izan naiz, besteak beste. Hitzetan eta hauen idazkeran bide berriak topatzeko, Idazle Eskolako lehen mailako ikaslea.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli