Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

BERBENETAN, DANTZA
   
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    

Esango nuke txalapartarena dela sortu orduko bizitzan entzuten dugun lehen soinua; zeren eta, esango nuke, geure bihotzak ttakun-kun-ttakun erritmoan ikasten baitu taupadan. Eta, esan ere esango nuke, orduez geroztik, berbena bat den honetan, etengabe dantzan gabiltzala.

Gure lehen dantzetan ez dugu inongo erritmorik jarraitzen, doinuren bat entzutea nahikoa dugu giharrak astintzeko, gozatzen hasteko; gorputzari berez jarduten utziz soilik, inori erreparatu gabe. Etengabeko kalejira batean gabiltza, jiraka, saltoka, bulkadaka dantzan; estropezu eginez, eroriz sarri, eta sarri negarrez ere bai, dantza lekuan bertan ahuspez etzanda eta eskuak kopetan jarrita, ezin ulertuz nola baina eragin dezakeen halako gozamenak halako erresuminik.

Eta halako batean txo, geure garuna erritmoaren ahalmena garatzen hasten da txo, eta geure giharrak txo, dantzarako eredu batzuk jarraitzen hasten dira. Gogotik egiten dugu dantza, egin ere, eredu horiek barneratzeko. Sasoian gaude txo; odolak fandango eta ariñ-ariñaren erritmo bizia darama geure zainetan. Sasoian gaude txo; Rock and Rollak munduko biztanle bilakatu gaitu, eta haren erritmora txo, edozein leku nahiz egoeretan dantzatzeko gai sentitzen gara. Every body is Rock and Roll, baby.

Bada garai honetan ere doinu goxo eta melengentzat tarterik; bada gure amets erromantikoentzat soinu-bandarik. Doinu horien erritmora mugitu baino kulunkatu egiten ditugu gorputzak, eta doinu horiek entzutearekin batera hasten gara dantzarako, kulunkarako bikotea amesten.

Urteek aurrera egin ahala, ikasten dugu dantzarako benetan garrantzizkoena jarrera dela; dantza bakoitzari doakiona ulertuz gero, geure egin dezakegula edozein erritmo, salsa, pasodoble, hip-hop edota sebillana berak ere. Urteek aurrera egin ahala, berbenan mota askotariko dantzak jotzen diren arren, ororen gainetik geure gustukoak dantzatu nahi ditugula konturatzen gara, urteek aurrera egin ahala.

Eta hara non, egun batean, batarekin eta bestearekin jardun eta gero, gustuko doinuak bikote berdin batekin dantzatzeko nahiaz jabetu nintzen neu ere, eta “dantza-laguna” bilatzeari ekin nion: Neure erritmo berdinean mugituko zena, neure musika mota berdintsua atsegingo zuena, doinurik gabe ere dantzarako piztuko ninduen “hura”. Eta hara non, egun batean, ustez aurkitu ere egin nuen; eta orduan, denboraldi luuuze batez, neuretzat sortua zela zirudien balada zoragarri, hunkigarri, txundigarri bat dantzatu nuen etengabe, lau teilaturen gainean, ilargia erdian zegoela.

Konturatzerako berriro ere kalejiran hasia nintzen, oraingo honetan ostera nire seme-alabekin jiraka eta saltoka; baina ez jada bulkadek eraginda, erortzeko beldurrez baizik.

Jada odola ez zihoakidan zainetan fandango eta ariñ-ariñaren erritmo bizian. Eta zenbait dantzalekutan gainera, arrotz sentitzen zen neure burua, ez baitzegoen bertakoen erritmo berrietara jarria. Baby, NO everybody is Rock and Roll.

Dantzatzea praktika kontua da, eta bikoteka jardutea are eta gehiago. Praktikatu ezean, dantzari arteko sinkronia eten egin daiteke. Gertaerek, bizipenek, aldatu egin ditzakete dantza kideen erritmoak, baita dantzarako gogoak lapurtu ere. Bizitzaren aldi bakoitzari erritmoa hartzea ez da erraza, eta hori ezean zaila da musikarekin bat egin eta dantzan jarraitzea.

Halakorik gertatu eta zer egin ez nekien batean, jiraka eta bueltaka hasi nintzen, txikitan bezala; giharrak astinduz, gorputza mugituz, gogorik gabe ere, erritmoa berriro sentitu nuen arte.

Elkar sarriegi zapaltzen genuela-eta, bikoterik gabe egiten dut dantza orain; denetatik dantzatzen dut dantzatu ere, eta binakakoetarako aurkitu aurkitzen dut noizbehinka kiderik.

Egun, tango doinuak ditut gustukoen.

Tangoak, ezinbestekoa du dantzarien arteko besarkada on bat: indartsua bai, baina ez sobera, eta dantzarien gustura hurbildu eta urrundu daitekeena. Gidariak, musika nahiz kidea interpretatu egin behar ditu, eta gidatuak, haren interpretazioa ulertu, eta aberastu. Ez da lan erraza gero, behintzat ez dut orain arte tango-lagun egokirik aurkitu; besarkada estuegia egiten zaidalako batzuetan, eta bestetan ez dudalako zipitzik ere ulertzen.

Hala ere esango nuke, bakarka nahiz konpainian, dantzan jarraitu beharra dagoela beti; zeren eta, esango nuke, berbena batera heldu bagara dantzatzeko izango dela. Eta, esan ere esango nuke, horrexegatik, txalaparta soinuak iraun bitartean, ez genukeela geldirik egon behar.

NOR DA

Ruth Martin Apezetxea

Hernaniarra. Antzerki nahiz dantza

tailerrak zuzentzea du lanbide, eta

istorioak asmatzea dibertimentu.

Idazle Eskolarainoko bidaien falta

sentitzen hasia da jada.

 

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli