Mirenen oroitzapenak
Irudia: Kristina Fernandez | ||
Miren bizi zen herrian ez zegoen hondartzarik. Itsasoa betidanik maite zuten bere familian, horregatik udara ailegatzen zenean, kostako herri batera joaten ziren oporrak pasatzera. Mirenek gogoko zuen hor egotea, gustukoa zuen jendez beteta ikustea hareatza eta kaleak. Alaia zen giroa, argiak bizipoza ematen zion egunerokotasunari, koloretsu agertzen ziren bazterrak, eta bazirudien arazoak txikiagotu egiten zirela hilabete horietan.
Udako sasoi horretan, herriko ohiko bizilagunen urratsekin batera, kanpotarren pauso ezezagunek zeharkatzen zituzten karriketako harlauzak. Mirenek bazekien garai horretako bisitarien begiradek so egiten ziela inguruan zutenari modu desberdin batez, arintasun axolagabe batekin, akaso haien ibilerak behin-behinekoak zirelakoan. Eta ziur aski, ez zioten erreparatzen herrian izandako hainbat aldaketari.
Baina Mirenek, bai; kontzienteki antzematen zituen herrian izandako gorabeherak; ohartzen zen urte batetik bestera gertaturiko aldaketez. Gogoan zuen amak zapata-konpontzailearengana bidaltzen zuenean.
Herrian bi zapata-konpontzaile zeuden. Bien dendak herriko erdialdean zeuden kokaturik. Gizon-emakume bana aritzen ziren beharrean. Horietako bat familiako negozioa zen eta aspalditik zegoen irekia; besteak urtebete eskas zeraman zabalik.
Denda zaharrenak berdez zuen margoturik kanpoko aldea, berdez ere sartzeko atea, eta harrizko fatxadan, sarreraren goialdean, familiaren abizena letra larriz idatzia zuen. Barruan, mostradore bat eta zapatekin aritzeko tresneria zeuden, zapatak handitzeko hormak, eta oinetakoak josteko makina. Barrurago beste txoko bat zegoen, bisitariaren bistatik babestua. Ezker-eskuinean, zapatak ageri ziren apaletan, lasai eta prest, jabeek noiz jasoko zain.
Mirenen oroitzapenean, barrura sartu ahala izandako sentsazioa: bazirudien denbora mantsotu egiten zela bertan, propio sorturiko erritmora egokituz. Zapatagileak ari ziren lanean, soinean mandarra jarrita zeramatela. Paretei so eginez, antzinako kartelak agertzen ziren zintzilikaturik, beste garai bateko istorioen testigantza ematen. Irratia piztuta egoten zen; euskaraz mintzo ziren hortik irteten ziren ahots leunak.
Batez ere, oso gogoan zuen sartzerakoan egiten zioten diosala: «egun on» edota «arratsalde on», segun. Eta erantzuna, beti berdina: «baita zuri ere». Iruditzen zitzaion horko zapatagileek esamolde hori belaunaldiz belaunaldi bizirik mantentzen zutela lau pareta horien artean gordeta, nolabait arbasoen testigua hartua zutela –usadiozko erritu bati eutsiz– garai berrietan bizirik eusteko, zerbait baliotsua zelakoan. Eta hor, salbu mantentzen zuten ofizioarekin batera.
Zeharo desberdina zen beste denda, itxura gaurkotuagoa agertzen zuen. Atzerritarra zen zapatagilea, eta pare bat urte zirela, hemengo emakume baten eskutik ailegatu zela herrira. Bien artean berritu zuten lokala, ilusioa lanarekin uztartuz, gizonak ongi ezagutzen zuen ofizioan aritzeko. Bizimodua izateko noski, eta bide batez, familiari dirua bidali ahal izateko, horretarako ere ibiltzen baitzen zapatak konpontzen gau eta egun. Bere herrian etxe bat eraikitzea zuen amets, hara bizitzera bueltatzen zenerako.
“Zuk eta Nik” jarri zioten izena dendari. Zuriz margotu zuten; ezkerraldean zuen mostradorea, eta atzealdean, tresneria. Sartzeko lau eskailera zituen. Hasieran hutsik zeuden paretak pixkanaka-pixkanaka gauzaz betetzen hasi ziren; izan ere, laster, larruzko zapata higatuekin batera txanoz, gerrikoz eta abarrez betetzen hasi baitziren baldak.
Pareten koloreak ez zuen bat egiten, ordea, zapatagilearen azalarekin, Kuban baitzuen jaioterria eta beltzarana baitzen gizona. Ez zuen mandarrik erabiltzen eta guayabera izeneko alkandoraren goiko botoiak askatuak eramaten zituen. Lepoan urrezko katea zeraman eta eskuineko eskuan urrezko eraztun potoloa nabarmentzen zitzaion.
Buenas izaten zen bere ongietorri-agurra. Bere begiradak sakonki aztertzen zuen sartzen zen oro, gehienbat emakumezkoa baldin bazen. Salsa doinuak altu samar ateratzen ziren piztuta izaten zuen irrati-kasete estereofoniko batetik. Azkarra zen lanean, fina aldi berean; igartzen zitzaion ohituta zegoela baliabide gutxirekin lana aurrera ateratzen.
Irailarekin batera Miren eta bere familia beren herrira bueltatu ziren. Hurrengo urtean, berriz, kostako herrira joan zirenean, isilago topatu zituzten kaleak eta hareatza. Hainbat lokal hutsik ageri ziren, beste batzuk, ordea, beste zeregin batzuetara jarriak. Horietako bati erreparatu zion Mirenek: “Zuk eta Nik” zapatagilearen denda ez zegoen. Arropa denda bat zegoen haren ordez, zuriz margotua ere, baina zapaten arrastorik gabe.
Barrura sartu zen Miren, dendari gazteari zapatagileari buruz galdetzeko, ea beste tokira aldatu ote zuten denda jakiteko. Ezetz esan eta kontatu zion, herrian zabaldu zen zurrumurruaren arabera, Nik eta Zuk bikotearen arteko amodioa bukatu eta zapatagile kubatarra bere herrira bueltatu zela.
Orduan, beste dendarantz abiatu zen. Atearen kanpoko eskulekua heldu eta...
«Egun on», Mirenen agurra.
«Baita zuri ere», zapatagilearena.
NOR DA