Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

Goizabar eguzkitsua bezain gertu

7k19    
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    

Belusezko gortina gorrien artetik, etxe azpiko lorategi hilari so igaro du gaua, ilargi borobila begira- begira duela, Mariak. Begiak gorri antzera nabari zaizkio, nekearen eta oinazea desegin nahian jaurti dituen malkoen eraginez. Hankartea eta ezker eskua umelduak, gorputzaz azken aldiz gozatzeko saiakeran emandako jardunagatik. Larrua urteen poderioz zimur-zimur eginda. Baina titipuntak tente, esne jauzirik ezagutu gabeak.

Dagoeneko itzaltzera doan argizari-argiak eta gauaren erreginarenak gelako horma janzten duen ispilu zaharkituan islatzen dute haragi zimel biluzia. Enbor garbalak lehor du odola, hauts eginik barrualdea. Deabru txar baten eran lapurtu baitzion anaia frankistak, urteak atzera eta aitaren aginduz, bizipoza.

Begiak itxi eta zinkurin intimoetan urtu da Maria, sekula ahantzi ez duen lore-baratze loratua azkenengoz oroitu nahian. Etxe azpiko lorategi hila biziarazi du iratzar-ametsetan, gerraz aurretiko lili zein arrosa koloretsuen arteko brinko eta alegerak erraietara barreiatuz. Eta Markosek musukatu zuen pago azpia begitandu du berriki, bizitza osoan zehar hamaika bider hamaika aldiz errepikatu zaizkion hitz haiek atzera ere barnean adituz.

–Ez zaitut hemen utzi nahi, Maritxu, etor zaitez nirekin. Zureek garbitu aurretik alde egin beharra daukat. Pago honexen azpian izango nauzu zain arrats beheran. Etor zaitez nirekin, mesedez. Behar zaitut nirekin.

Eta musu eman zion. Besartean estutu eta musu eman zion.

Udazkeneko bazkaloste egutera zen, pago-itzalaren babesean eta sendiaren gordeketan gertaturiko kuluxka ordua. Kirioen dantza urduriak eutsi ezinik itzuli zen Maria, hodei zurien antzera, bere gelara. Aitaren batean, isil-misilka eta arrastorik utzi gabe. Halere, sabeleko txinpartek eragindako ezinegona irribarre fin batean ezkutatzen zuen, tarte batean burua hotz izaten ahalegindu zen arren, tarte batean behintzat, tarte labur batean. Baina denbora hutsala zen hartu beharreko erabakiaren neurrirako!

Bazekien itzulbiderik gabeko ihesaldiari ekinez gero, bere bihotzaren zati bat familiarekin geratu eta bitan er- dibituko zitzaiola. Bazekien amari bihotza desegingo ziola, aitari bihotza ustelduko ziola. Ama negar batean imajinatzen zuen eta, aita eta anaia, berriz, herritarren artean lotsaizunetan. Bestalde, ulertua zuen kakatiaren bidea hartu eta etxean geldituz gero, barru-zurrunbiloei jaramonik egin ezean, per secula seculorum sustraitutako eta maite- minez jositako espero bakarti batek atonduko zituela handik aurrerako egun errepikakor amaigabeak.

Beraz, lapitza eta papera hartu eta, eskolan hain ederki landu zuen hizki elegantez, eskutitz labur batean maitaroki adioa eta bere asmo, desirak zein barkamenak idatzi zituen. Ondorean, musu berrien tripazorriek ohe azpian gorde ohi zuen larruzko baliza irekiarazi zioten; eskuek, zilborreko garren aginduetara, premiazko izango zituen bi trapu tolestu zizkioten. Eta Markosekin urrutira bidaiatzeko prestatu zen. Urrutira bidaiatzeko, edo, erbesteak berarekin omen dakartzan abenturak, arrotz-bizipenak, kultura berrien aterpeak eta, entzuna zuenagatik, sarritan une mingots zein latzak, pairatzeko. Erabakia hartua zuen, ordea, duda-mudarik gabeko deliberamendua: Markosen alboan igaro nahi zituen aurrerantzeko egunak eta gauak.

Hala, ordua noiz helduko zain geratu zen Maria, eguzkia noiz sartuko peskizan, ohatze gainean etzanda, ahaztu nahi ez zituen oroitzapenak buruan ordenatu asmotan, gainera zetorkion herriminari aurre egiteko indarrak batuz, eta etxea eta haurtzaroa betikoz agurtuz. Ekia mendebaldetik kukutzen hasi bezain pronto, mamuen tankeran oraingoan, leihoan esperoan agertu zen Maria, kolorez jositako lorategian Markosen txistua noiz adituko, Markos noiz iritsiko. Txistua hauteman zuen bat-batean.

–Arreba hain erraz ostuko hidala pentsatzen bahuen, neuk uste baino inozoagoa haiz, Markos. Okerreko etxera etorri haiz. Ez diat beste aukerarik.

Eta tiro bakan baten danbateko ozena entzun zen. Marru bat haren gibeletik.

Hamaika sasoitan hamaika urtetan negar zotinak emendatu nahian lokartu da Maria gela honetan. Zilarrezko maindireen arteko intziri ahulek soilik hautsi izan dute maiz gauaren mututasuna. Aieneka eta imintzioka erotu izan da Maria luzaroan, ilargi borobila begira-begira zuela, Markosen oroimenetan. Baina gaur bereziki nabari zaizkio begiak gorri antzera, nekearen eta oinazea desegin nahian jaurti dituen malkoen eraginez. Gaur, bereziki ditu hankartea eta ezker eskua umelduak, gorputzaz azken aldiz gozatzeko saiakeran emandako jardunagatik.

Mariak, belusezko gortina gorriekin estali du poliki-poliki bere haragi zimel biluzia. Lorategiari so itxi ditu betazalak. Xaloki eta ziztada leun batez, eskumuturreko malko gorrien jarioa ezagutarazi du, odol jauziaren isuria. Bare du arnasa, gero eta astiroago estutzen zaizkio birikak hasperen bakoitzeko. Hur du herioa. Markos bera bezain hurbil. Goizabar eguzkitsua bezain gertu.

NOR DA

Idoia Gereñu Odriozola

Filosofia eta Gizarte Zientzietako ikasketak burutu ditu.
Antzerkiaren amaraunean murgildu da azken urteotan, besteak beste.
Egun, Idazle Eskolako ikaslea da.

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli