HAIZEAREN ALABAK
ABEMARIETAN
Arrosario ordua ailegatu da. Ilunabarreko deboziozko otoitza. Gehienak emakumeak dira eta elizan egon zitezkeen baina Zahar etxe batean daude. Gurpil-aulki eta gainontzekoetan eseriak, telebistari begira jarri dituzte. Soinua kendu diote telebistari.
Errezatzen hasi dira, begiak pantailatik apartatu gabe. Ezpainak gora eta behera doaz mugimendu trakets batez. Berbaroa nagusitu da gelan eta kontzentrazio uneek dirauten bitartean apenas dago mugimendurik.
Hamar minutu igaro direnean zaintzaile bat sartu da, eta afaltzeko ordua dela esanez/telebista itzali du. Gero irrati-kasete estereofoniko dagoen tokira hurbildu eta kasetea atera du. Grabatutako arrosarioa bukatu da baina inork ez du protestarik egin.
Ondoren, zaintzaile gehiago sartu dira gelara eta hasi dira adinekoak mugitzen handik eta hemendik, bakoitza bere mahaiaren aurrean kokatu arte.
Laster oheratuko dituzte eta, agian, bihar egun berri bat jaioko da.
BARRASKILOAK
Niregana etorri da, eskuan orri bat duela. Zain dagoela dio eta ea margoak ba ditudan galdetu dit. Ezetz esan diot baina orriari begira gelditu naiz.
Ohartu da nire begiradaz eta erakutsi dit kolorez bete nahi duen marrazkia. Bertan lau barraskilo daude elkarri begira: hiru alde batean, bakarra bestean. Horrez gain, sua darion etxe bat agertzen du marrazkiak, baita txoriak, arbolak eta harriz betetako bidexka ere.
Esplikatzen dit barraskiloek bere familia irudikatzen dutela; bere semeak eta senarra direla marrazkiaren alde batean daudenak eta bakartua dagoena bera dela. Kontatzen dit ahalegindu egiten dela horiengana hurbiltzen baina bidean dauden harriek ez dutela uzten.
Jiratu da eta margo bila joan behar duela esan dit. Ibilera neketsuarekin egiten du alde. Pentsakor utzi nau, baina batez ere, iltzaturik gelditu zaizkit bere aurpegi borobila eta bere harrizko begi urdinak.
Eta galdetu diot neure buruari noiz eta zergatik gelditu zitzaion bizitza izozturik. Marina izena du, berrogei urte bete berriak eta gaixotasun bipolarra dauka.
HAIZEAREN ALABA
Azkar dabil, badirudi gelditzeko beldurrez dagoela. Baina...again haizearen eragina izango da. Airea eta haizea behar dituela dio eta horregatik ito egiten dela ingresatuta dagoenean, orain bezala.
Hobera egin du bere osasun-egoerak eta erosketak egitera lagundu behar izan dut. Enkarguaren bueltan, kanpo aldetik egin dugu bidea eta une batez geratzeko eskatu dit, hor, kale erdian, oskarbi dagoen zeruari begira; orduan, arnasa sakonki hartu du eta kanpoko aire hori arnastea bizitzea dela dio,zenbait eta sakonago, hobe.
Eta kontatzen dit kanpoan dagoenean lagun batekin jolasean dabilela; gustukoa dutela hitzekin jostatzen eta esaldiak asmatzen ibiltzea; batzuetan bere jolasen helburua izaten dela ea zeinek asmatzen duen esaldi ponpoxoena.
Azkeneko aldian, bera atera omen zen garaile. Bere esaldia hala zioen: "Hain da azkarra heriotza eta hain seguru dago bere garaipenaz... ezen bizitza osoko abantaila ematen dizu".
Eta orain hasia naiz ulertzen bere ibilera azkarraren esanahia.
MASKORRAK
Esku ahurrari begiratu dio baina ez du ezer topatu. Bere baitakoari so egin dio baina ez du ezer aurkitu, hutsune bat baino ez.
Leihora hurbildu da eta itsasoaren kolore berunari erreparatu dio. Dagoeneko, itsasoak beherako bidea hartua du. Eta behera egitearekin batera, agerian uzten du bere altxorra, berarentzat behintzat altxor preziatuena dena: maskorrak.
Etxeko atea itxi eta badoa pixkanaka hondartzaraino. Langarra ari du, eta txanoa jantziz, ertzeraino doa. Eskuan otar txiki bat du.
Eta maskorrak biltzeari ekiten dio, egunerolo erritoan, eguneroko denbora ezean, eguneroko hutsunea ekidin nahian. Klik eta klak, maskor bat bestearen gainean, pilatzen, elkartzen, metatzen.
Otarra betetzen duenean, etxerako bidea hartzen du berriro. Etxera sartu, ez dago inor, aspaldiko bakardadea, besterik ez.
Alabak zuen logelara sartu da, eta alde egindako momentuan bezala dago, pijama ohe gainean jarria, pertsiana erdi itxita. Argia itzaliz sukaldera abiatu da.
Hor, mahai gainean otarra hustu du maskorrak trapuaren gainean zabalduz eta gero banan-banan lehortzeari ekin dio. Geroxeago, egongelara joan da eta margoak hartu ditu. Sukaldera doa berriro, mahaiaren ertz batean eseri da eta maskorrak pintatzen hasi da, urdina, berdea, horia, marradunak, izardunak. Une batez, begira geratu da, eta distiratsu azaldu dira maskorrak bere begien aurrean.
Zain egon da lehortu diren arte. Otarrean sartu ditu berriz eta bere alabaren koartora hurbildu da; han belauniko jarri, eta hasi da maskorrak lurrean jartzean.
Zenbatu ditu, honez gero, hirurogei eta hamahiru maskor ditu. Hirurogei eta hamahiru maskor gelako zoruan sakabanatuta: bere alaba falta den hilabete bakoitzetik maskor bat. Alaba noiztik falta den gogoratzeak min ematen dio; ezin du ulertu zergatik kendu zioten baina bere memorian bizirik mantentzeko maskor biltzeari ekiten dio behin eta berriro.
Iluntzearekin batera, logelatik atera eta sukaldera joan da. Trapua eta margoak jaso ondoren, eskuak garbitu ditu. Orduantxe konturatu da M bat idatzia duela esku ahurrean, Malen alabaren izena bezalakoa.
SENEGAL
Liraina da, gazela baten dotorezia du. Txokolatezkoa du azala. Hortzak esnea bezain zuriak.
Afrikan du jaioterria eta mundu berri baten bila dabil. Mundu berri bat barruan duenari eskaintzeko, berak izan ez dituen bizi-baldintzak eskaini ahal izateko. Kanpotarra izateak, segur aski, gure gizartearen bigarren mailako biztanlea izatera eramango du, baina oraindik ez da horretaz kezkatzen, haurdun dago eta egoera horrek itxaropentsu mantentzen du.
Bere lagunari kontatzen dionez, Senegalen haurdunaldia ez da izaten hemen bezala. Hemen, orokorrean, poza nagusitzen da berria bezain pronto, han ordea beldurra gailentzen da. Izan ere, osasun baldintzak kaxkarrak direnez, jaioberria besoetan izan arte ez da benetako motiborik izaten pozteko, askotan ere haurdunaldia etenda gelditzen baita edozein bide zidorretan. Gogoetatsu utzi nau.
Begira natzaio:
Etorkina da. Gaua bezain beltz. Esnerik gabeko txokolatea bezain ilun. Haurdun dago eta pentsakor egiten dio so bere sabelari. Haurdun dago eta itxaropentsu begiratzen dio aurrean duen etorkizunari.