Narrazioak
ZUBELDIA DE ESTEBAN,Leire "Erabakia" (Narrazioak)
- Xehetasunak
- Nork idatzia: Zubeldia de Esteban,Leire
- Kategoria: NARRAZIOAK
- Bisitak: 25701
Erabakia
Lanera garaiz iritsi eta lasai ibili nahi badu, berehala jaiki beharra dauka. Nahiago du ordea, gosariari muzin egin, eta Markelek desegin gabe utzi duen ohe zatiari begira geratu, bost minutuz bada ere. Pentsatzen zuen bezala, mugikorrak jo du.
Gaur ere bulegoan. Ez etxean itxaron, ordu pare bat barru joango naiz. Lo kuluxka egin eta berriro lanera. Gauera arte. MZ.
Iritsitako mezuen zerrenda errepasatzen hasi da. Azkeneko hiru mezuak Markelenak dira. Hirurak oso antzekoak. Banan bana irakurri eta ezabatu egin ditu. Laugarren mezua duela ia aste bat bidali zion ahizpak. Ama kezkatuta dago. Aspaldian ez zara bera ikustera joan. Non zabiltza?. Ezabatu egin du hau ere. Laguna, kafea hartzeko hitzordua jarriz; lankidea, lanera beranduago iritsiko dela abisatuz; telefono konpainiako publizitatea... Mezu guztiak desagerrarazi ditu. Bakar bat utzi du zerrendan:
Zure ondoan zahartu nahi dut. Elkarrekin biziko gara?
Markelek bidali zion mezua, duela bi urte edo. Mugikorreko botoitxoei telefono agendara joateko agindu die. “Ane lana” agertu zaio pantailan eta botoi berdeari sakatu dio.
–Ane... Ez nago ondo eta ohean geratuko naiz... Ez dakit, gripea edo... Moldatuko zarete ni gabe, ezta?... Benga guapa... Muxu bat!
Mugikorra mesanotxean utzi eta maindireak lepondora ekarriz logelako atera begira jarri da. Erabakita dauka. Gaur Markeli esango dio, badakiela gaur gaua ez duela bulegoan lanean pasa, beste emakume batekin egoten dela, eta ez duela gehiago engainatuko. Mutil lagunari esango dizkion esaldiak osatzen ari da. Elkarrizketa osatu du hasieratik bukaeraraino, Markelen erantzunak irudikatuz. Behin eta berriz egin du ariketa bera, eta horretan ari dela, minutuak nahi gabe pasa zaizkio. Zerrailaren hotsak ohartarazi du denboraren iraganaz. Txistua irentsi du, eta erabakia berretsi dio bere buruari Markelen harridurazko aurpegia ikusi duenean.
–Hara! Laztana, gaixorik al zaude?
–Ez noa lanera. Jota nago.
–Sukarra daukazu? Lo pixka bat egiteak on egingo dizu orduan. Ni ere nekatuta nago. Gaua luzea izan da.
–Markel, aurretik hitz egin beharra daukagu!
–Gero, bai laztana?
Markelek hogeita hamar segundu eskas behar izan ditu arropa erantzi, ohean sartu eta hizketarako gogoz dagoen neska-laguna musu batez isiltzeko. Elkarrizketaren lehenengo segunduan, buruan sendo zuen erabakia, bihotzeraino jaitsi zaio hamargarrenerako. Hogeigarrenean biriketaraino hazi da, eta azkenengo segunduan, eztarrian geratu zaio, trabaturik.
Ohekidearen loa benetakoa dela frogatu duenean jaiki da ohetik. Kontu handiz egin du mugimendu bakoitza, maindire hotsak salatu ez dezan. Atzoko arropa bera jantzi du. Alkandora ximurtuta dago, baina gaur, horrek ez du axola. Armairutik barruko jantziak, pare bat alkandora eta galtzak hartu ditu. Lanera eramaten duen poltsa berean sartu ditu denak, baita galtzerdi parea ere. Etxetik irteterakoan hartuko du jaka. Logela eta egongela arteko pasabidean, telefonoaren altzarian egoten den orri sorta eta boligrafoa hartu ditu hurrena.
Ezin dut egoera hau jasan. Erabaki bat hartu dut…
Orriak ozta-ozta eman dio. Parean duen ispiluan ikusi du bere aurpegia. Arnasa hartu du, sakon, eta bere islada estaliz bertan itsatsi du idatzitako orritxoa. Markelen gorputzak maindireekin egiten duen marrazkiari azkenekoz begiratu, eta irten egin da etxetik, «gehiago ez itzultzeko» pentsatu du bere baitarako.
Bi hilabete, hiru; urte bat, bi? Zenbat denbora eman ote du “Markel mutil katxarroaren neskalagun gaixoa” izaten? Zenbat denbora beste mingain batek miazkatutako haragia miazkatzen? Zenbat beste ezpain batek bustitako ezpainak musukatzen? Nor ote da gauetan mutila lapurtu dion maitalea? Lankideren bat ote? Bazkaltzen duen tabernako zerbitzaria? Tuntuna! Gau bat bai eta bestea ere bai etxeratu gabe ibili arte ez zuen susmorik hartu. Ez du disimuluan ibili beharrik izan. Erraz jarri dio, eta horrek amorrua zabaltzen dio erraietan, su emandako polboraren antzera.. Egia esatera, ez dauka frogarik: Mugikorrean ez dio mezu susmagarririk aurkitu. Inoiz ez du masailean ezpainetako margo izpirik ekarri. Agendan ere ez du aurkitu arrastoa jarraitzeko pistarik. «Ederki moldatu da nazkagarria». Senak ordea ez du sekula engainatu. Ziur dago.
Baina kito! Amaitu da antzerkia, amaitu da Markelekin duela bi urte hasi zuen elkarbizitza. Kalean aurrera ematen duen pauso bakoitzak, orain arteko bizimodutik urrunago sentitu arazten du. Askea da. Bere bizitzaren jabe bihurtu da berriro. Erabakiak hartzeko gai da. Berak erabakiko du hemendik aurrera emango dituen pausoen norabidea..
Tren geltokira iritsi da. Pantaila erraldoiean begiratu gabe leihatilara joan da zuzenean.
–Zein ordutan irteten da hurrengo trena?
–Nora joan nahi duzu? – galdetu dio txartel saltzaileak.
–Berdin zait. Hurrengo trena noiz irteten den jakin nahi dut.
–Hemendik ordu betera irtengo da Bartzelonara doan trena.
–Ongi da. Emadazu txartel bat, mesedez.
Mugikorraren soinu zalapartatsuak eten du elkarrizketa. Markel da. Deia erantzun gabe moztu dio. Erabakia hartuta dauka. Poltsan sartu du ostera mugikorra. Berriro hasi da joka. Moztu egin dio bigarren aldiz. Ez dago atzera bueltarik. Hirugarrenez Markel deika.
–Andrea, joan-etorrikoa nahi al duzu?