Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
LEHOIEZ ETA SAIEZ 
   
Izaskun Etxeberria    

Martxoaren 15ean Iruñeako Katakrak liburu-dendan Sabino Cuadrak aurkeztu zuen “Arrojado a los leones” liburua. Izenburu esanguratsua duen eta ezin esanguratsuagoa duen argazkiaz lagunduriko azalean tente agertzen zaigu politikari nafarra Daoiz?, edo Velarde? izena duen brontzezko lehoiaren begirada arranditsuaren begiradapean.

246 orrialdeetan Cuadrak, gladiadorea bailitzan, zirkutzat daukan Madrilgo Legebiltzarrean bizitutakoak kontatzen dizkigu estilo garbi, arin eta, zenbaitetan, umoretsuz; jubilatu berria zela Madrilera joateko proposamena egin ziotenetik gaur egun arte, hain zuzen ere, inolaz ere plaza horretara (lehoiek zanpa-zanpa jan nintzaten) bueltatuko ez litzatekeela dioenera arte. Zirku hartako esanahi hutsalez eta gezurrez beteriko hitzaldiak salatzeaz gain, helburu xume batek bultzatu zuen liburua idaztera, alegia, herritar guztiok mundu desberdin bat eraikitzen ahalegindu gaitezen bultzatzeko helburua.

Madrilgo Legebiltzarreko paretek janzten dituzten margolan elizkoi eta monarkikoak eta diputatuen absentismoa eta tabernarako bueltak deskribatzetik, dotore jantzitako legebiltzarkideen edukazio onak saihesten eta galarazten ez duen ezin justifika daitezkeen pribilegioetara, Cuadra zorrotza da. Eta Cuadra oso kritikoa da legebiltzar aldia hasieran bertan Amaiur-ekoei ez zietelako taldea osatzen utzi, nahiz diputatu-kopuruak hori baimendu; noiznahi gutxietsi egiten dituztelako; hedabideek ere boikot egiten dietelako. Aldiz, esker onekoa da hiritarrekin eta sare sozialekin emandako tratu onarengatik, hemen zein Madrilen. Lehoiak babesten dituzten segurtasun-indarrak salatzen ditu, eta lehoien ustelkeria, eta lehoien instituzioen lotsagabekeria, eta lehoiek mantentzen duten egiturazko sistema, eta lehoien justizia-klasea, eta… lehoien fartsa demokratikoa.

Hiru egun aurretik, martxoaren 12an, Altsasuko Iortia kultur etxean Greta Alfarok, Bego Antonek, Naia del Castillok eta Cristina Lucasek estreinatu zuten “Saiak, elfoak, mariorratzak, gizonak eta emakumeak” erakusketa. Bertan bideo hau ikus daiteke: Almendrondoz inguraturiko soro baten erdian mahai luze bat. Mahai-zapi zuria. Zortzi aulki. Platerak, kopak. Ardo-botilak. Mahai erdian haragi errea. Jatordua. Halako batean, sai tzar bat. Segidan, beste bat. Ondoren, beste batzuk. Putre-saldoa. Haragi-usaina erakargarriegia da. Ausartenak salto egin du mahaira. Ondoren, zalantzati, beste batzuek. Mahaia estalirik dute hegaztien hegal erraldoiek. Hotsak. Hots ozenak. Hegaztienak eta plater hautsienak. Aulkiak lurrera. Botila-ardoak ere. Putreek alfonbra lumaduna osatzen dute. Soroa saiez josita dago. Hondarrak banatuko dira gero. Inpaktu handiko bideoa da artista gazte hauek erakusten dutena.

Artistek fikzioa eta errealitatea elkarri lotuta daudela adierazi nahi digute erakusgai dauden obren bitartez, batzuetan animaliek gizakion tokia hartzen dutela edo alderantziz.

Nork hartzen du noren tokia saien banketean? “El banquete” datorkit burura: Kontuz kontsumitzaileen elkarte-kide diren Alberto Gil, Aritz Intxusta eta Patxi Zamoraren liburua, urte beteko ikerketaren emaitza. Testigantza. Eskandalua. Nafarroako lehoien neurri gabeko antsia.

Cuadrak ere salatu zuen Madrilgo Legebiltzarrean CAN-en inguruko Nafarroako begi bistako ustelkeria, Espainiako lehoien babespeko Nafarroako lehoikumeen ustelkeria.

Izaskun Etxeberria

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli