Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Guraso
   

Lagun batek poema bat oparitu zidan haurdun gelditu nintzen lehen aldian. Eta ama naizenetik, biziki gogoratzen ditut poemaren hitzak: gezia, eskua, bidea,... Halakoxe kuadroa dut marraztuta memorian.

Lehenekoz haurra erditu izanak ematen duen estresaldia eramangaitza egin zitzaidan; aitortzen dut. Ezjakintasunaren korapiloa askatzeko lehenik amari egiten nizkion galderak , ondoren ahizpari, gero pediatrari… Baina azkenean amona zen egindako galdera nik behar nuen bezala erantzuten zekiena:

- Laztana, haur txikiak negarra du hitz. Nola jakingo duzu bestela noiz den gose, nekaturik ala logale? Haurrak lo, zuk ere lo. Haurra esna, zu ere bai. Berdin dio eguna ala gaua izan. Poliki-poliki txoritxoen ordutegia hartuko du txikiak, eta zuk harekin. Denbora eman behar duzue elkar ezagutzeko, elkar ulertzeko… Horrelaxe da, ez dago beste sekreturik!

Guraso hasi-berriok kasu egin genion amonari eta, apurka-apurka txikiaren arabera hasi ginen bizitzen. Haren ordutegira moldatu genuen gure egunerokoa: loa, jatordua, enkarguak... Horrela ulertu genuen amonak esandakoa: txikiaren erritmora egokitu behar genuen, haren mundua errespetatu eta pazientzia izanda.

Handik aurrera, lasaitasuna sendotzen joan zen etxean, eta harekin batera, alabaren negarra.

Nolanahi ere den, ez geneukan, ordea, egoera menperatuta: kezkaturik geunden alaba hainbestetan gaisotzeagatik. Astero-astero anbulatorioan ginen: ezarritako errebisioak gutxi ez eta, ditxosozko birusak ez zigutelako bakean uzten…

Pediatrarengana joan ginen batean (auskalo zer piura geneukan!) sekulako ateraldia egin zigun: “Oso-oso ondo goaz; primeran!” Bikoteak eta nik aho zabalik begiratu genion mediku andereari, eta hark jarraitu: “Demagun hirurehun eta laurogeitahamar birus edo xamorro harrapatzen direla normalean… Bada, zuen alabatxoak berehala akabatuko du guztiekin! (kar-kar, kar-kar…).

Kontuak kontu, handik aurrera txantxak egiten genituen txikia gaisotzen zen bakoitzean. Eramangarria bihurtu zen hasierako kezka hura. Eta egunetik egunera hobeto ulertzen genituen alabaren gora-beherak.

Konfidantzaz erantzuten genien eguneroko erronka berriei: botakadak, gainezka egindako pardelak, bapateko sukar igoerak, gau amaigabeak … Horrela, eta ganora-ezak aurrea hartu baino lehen, bigarren haurra izan genuen.

Guraso esperimentatuak sentitu ginen egoera ezaguna zelako; eta aise joan zitzaizkigun lehen hilabeteak; zaharrenaren jokoak hasi ziren arte! Kontxo, ez genuen horrelakorik izan lehen aldian: zeloak!

Orduan ulertu genuen, bai: gurasoak izatea eta eguneroko sorpresa, ezusteko eta azken--ordukoak eskutik doazela. Kostata, baina ulertu genuen. Ez puenting, ez rafting eta ez kristo: seme-alabak eragindako adrenalina bezalakorik ez dago munduan!

Ai, haurra…: etxekotresna balitz erabilera-liburuxka izateko; landarea balitz, noiz-behinka ureztatu eta bertan lagatzeko… Baino ez. Seme-alabak: energia agortzen diguten horiek, milioika aldiz gauza bera errepikatzeko gaitasuna ematen diguten horiek, neke fisikoa ez ezik, neke emozional eta neke mentala zer den erakusten diguten horiek…

Zer izango zen baina, zuek gabe?

Asmatutako leihotik barrena begiratzen erakusten digute; norberaren mugak zalantzan jarri, eta esparru berriak sortzen, memoriaren ganbaran genituen trasto zaharrak botatzen eta beharrezkoak direnak bakarrik gordetzen…

Orain, nerabeen guraso gara. Aro honetan beharrezkoa dugu ahalegin mentala, emozionala, sentimentala…; aukeran, banaka, ala denak batera. Eta hasierako moldatze bera egiten jarraitzen dugu; seme-alaben erritmora dugu egokituta bizitza, haien mundua erabat errespetatuta.

Arestian marraztutako gezia bere indarra hartzen ari da, arkuarekiko soka erabat tenka jarrita. Seme-alabak beraien bideak dituzte aurrean, eta gu aldean. Ez da helmugarik ikusten, ikustezina baita.

Duela gutxi esan nien: “Hona egin beharreko bidea: bizitza bera! Aurrera joan zaitezkete, alborantz ere… Gera zaitezkete gustuko lekuan edota berri baten bila joan; baina gogoan izan, nekez igaroko duzue leku bera bitan. Gurasoak aldean izango dituzue beti, iparrorratza bagina norabide zuzena aurkitzen laguntzeko; batzuetan asmatuko dugu, bestetan ez. Baina zuenak dira pausoak, zuenak indarrak… Bidearen zabalera norberaren joanaren araberakoa bihurtzen da. Estu bihurtzen da larrialdietan, zabal eta sendo lasaitasunean. Leuna da batzuetan, ibil-erraza, besteetan harri-koskorrez josita; zaila… Norberaren bidea asmaezina da, errepikaezina eta bakarra! Eta ez ahaztu: beti izango gaituzue aldean. Marratuko dizuegu bidea, baina pausuak zuenak dira.”

Nirea ez da poema; hizki, hitz eta markak besterik ez dira... Baina marrazki berdina osatzen dute: gezia, eskua, bidea... Halakoxe kuadroa dut marraztuta nire memorian.

(Kahlil Gibran-en poema: “Zure seme-alabak ez dira zureak, bizitzaren seme eta alabak dira, ez datoz zugandik, zure bitartez baizik, eta nahiz eta zurekin dauden, ez dira zureak. Eman diezaiekezu zure maitasuna, baina ez zure pentsaerak haiek badituzte eta, beraien pentsamenduak. Ahal dituzu bere gorputzak eztali, baina ez haien arimak biharraren etxean bizi baitira haienak, eta zu ezin zaitezke haiek ikustera joan, ezta ametsetan ere, haiek bezalakoa izaten saia zaitezke, baina ez ahalegindu haiek zu bezelakoa egiten, bizitzak ez baitu atzera egiten, eta biharra ez da geratzen. Seme alabak jaurtitzen dituen arkua zara zu, bizitza duten geziak bailiran, utz ezazu zure eskuaren indarrak. Zoriontasunerako bidea har dezan” ).

Miren Usandizaga

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli