Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
luma8    

Bart gauean bat-batean esnatu naiz, izerditan blai. Guardia Zibil batekin egin dut amets eta gustatu egin zait. Trikornioa zeraman jantzita, eta bere biboteak kilimak egiten zizkidan. Irudi horrek berriz lo hartzea galarazi dit, eta, ohean bueltaka minutu batzuk pasa ostean, ezinegonak egongelako sofara eraman nau; mandoa eskuan hartu, eta automatikoki telebistari begira gelditu naiz begiak zabal-zabalik.

Kontzientzia itzali dut telebista piztu ahala; psiko-analisia ez zait gustatzen, ametsei tripak atera eta neure trapu zikinei begira gelditzeak ez nau lasaitzen, ez naiz fio nire barruko Sigmun Freud txikiaz.

Eta amets honen ostean, zer esanik ez, ez dut inolako azalpenik nahi, isildu eta ahaztu, ez dut besterik egiteko asmorik. Horrexegatik nago telebistari begira goizaldeko hiruretan, kontzientzia edo analisirako joera ezabatzeko ezagutzen dudan tramankulurik eraginkorrena hauxe delako. Imajina ditzaket politikariak, erretiro adina atzeratzearen alde bozkatu ostean, etxera iritsi eta, zapatak kendu gabe, sofan botata telebistako mandoa astintzen.

Halaxe nago neu ere,pantailan harat-honat dabilen neska ilehori batek hipnotizatuta. Hitz egiterakoan desafinatzeko daukan abileziagatik kontratatuko zutela pentsatu dut, baina segituan konturatu naiz begiak bere bularren dantzan mugitzen zaizkidala: gora, behera, eskuinera... Bi titi handi besterik ez ditut ikusten orain. Telebistako saioak ez dauka misterio handirik; Call show hauetako bat da,bost letrako fruta bat asmatu behar da, “M_LON”. Deiak bata bestearen atzetik entzuten dira baina inork ez du asmatzen. “A ze meloi-buru koadrila” atera zait barrenetik, ilehoriaren meloi dantzari arretarik kendu gabe.Konturatu baino lehen telefonoa esku artean daukat, eta hatzek arin markatu dituzte pantailan dirdirka dabiltzan zenbakiak. Plazako erlojuaren kanpai-hotsak ekarri nau berriro lurrera. Nire burua neska titi handiari deika ikustean sekulako nazka sentitu dut, telefonoa sofaren beste muturrera bota eta telebista itzali dut. Ez dakit zer esango lukeen nire lagun Freudek, baina bai nire amak: “gero eta errazagoa da burua erabili gabe bizitzea, horregatik galtzen duzuenean ez zarete konturatzen”.

Telebista itzalita bakar-bakarrik gelditu naiz, ohera joateko beldur, telebista pizteko ikaraz; inoiz ez nuen pentsatuko lanerako ordua iristeko gogoa izango nuenik, neure nahiak amatatu eta besteren aginduak pentsatu gabe betetzeko desioa, ordu batzuetan behintzat ni izateari utzi eta nomina bat izatekoa, baina oraindik lau ordu luzek banantzen naute lan mekanikoaren paradisutik.

Subkontzienteari ihesi, logelatik egongelara, eta, azkenik, sukaldera erbesteratua; hozkailuaren parean nago, atea irekita.

“Mokadu on batek dena konpontzen du” esan neure buruari, eta ludopatak azken txanponarengan duen esperantza berarekin hasi naiz gauzak ateratzen: gurina, marmelada, txokolatezko pastela... Sekulako azukre oturuntza prestatu dut amen batean, eta abiadura berean jan dut behar baino hiru aldiz gehiago.

Betekada ikaragarria daukat, eta urduri jartzen nau neure buruarengan dudan kontrol eskasak. Amorraturik mahaiko apur eta zakarrak jaso, hortzak garbitu, eta subkontzientearen beldurrik gabe ohera sartu naiz, oihana zeharkatzera doan Rambo pijamaduna bezala.

Goizean izerditan blai esnatu naiz; Guardia Zibil batekin egin dut amets, eta gustatu egin zait. Trikornioa zeraman jantzita, eta nire meloi handiekin egiten nizkion kilimak pastel itxurako ohe batean. Baina lasai nago, lanerako ordua baita, eta han ez zaizkio inori axola nire amets edo amesgaiztoak, ezta niri ere.

Odei Arregi

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli