Haserre gaude, etxekoandre. Zurekin, bai, etxekoandre, gure denon etxekoandretzat zure burua izendatu duzun horrekin. “Familia batek bere etxean egingo lukeen legez” esan duzun horrekin.
Haserre gaude, etxekoandre, eta ez dugu denok Stéphane Hesselen “Indignez-vous” liburua irakurri edo 15M-ko kanpaldian parte hartu.
Haserre gaude hemengo begi asko Eurokopari begira dauden bitartean Europako begi asko guri begira dauden une honetan.
“Familia batek egingo lukeen legez” -esan zenuen- “guraizeak atera behar dira”. Eta atzera ere haserrarazi gaituzu familia batek zuek baino hobe dakielako guraizeak erabiltzen.
Maiatzera arteko diru sarrerak %13´5 jaitsi omen dira gure etxean eta hori dela eta, 132 milioi euro aurreztu behar omen ditugu orain nola edo hala. Kontua da, etxekoandre, familia batek ez diola Ogasunari iruzurrik egiten, batetik, ezin duelako eta, bestetik, egingo balu, ez lukeelako inongo hitzarmenik lortuko zuek egin bezala Volkswagenen aferan, adibidez, oinarrizko zerbitzuen kontura, osasuna eta hezkuntzaren murrizketen kontura, hain zuzen ere.
Familia batek ez du etxekoek nahi eta behar ez duten obra batean dirurik gastatzen, zer da eta, gainera, igeltseroak lanean hasi baino lehen bertan behera utzi behar bada diru asko (3´7 milioi euro) erre delako proiektua gauzatzeko aurreko prozesuan, sanferminen museoarekin gertatu bezala. Ala aurreragorako inbertsioa deitzen zaio horri?
Haserre ez, oso haserre gaude, etxekoandre, Nafarroan 120.000 lagun (populazioaren %18) pobreziaren atarian daudela enteratzen garenean. Jangela solidarioak, jantoki sozialak eta elikagai bankuak gaurko errealitate gordinaren isla krudela dira, etxekoandre, eta familia batek ez lioke etxeko inori jatekorik lortzeko ilara horietako batean egoten utziko dirua erreserbaturik edukita beste lehentasun batzuendako. Dena den, AHTaren finantziazioa ez al da ilun xamarra? Ez al zuen Foru Gobernuak Parlamentuan kantitate hori zehaztu behar? Ez al dugu familiako kide guztiok 2010eko Sanz eta Blancoren arteko akordioaren ondorioak jakin behar eta pobreziaren mugan dauden horiendako soberan izango liratekeen zenbaki horiek ezagutu behar? Gainera, etxekoandre, zertarako behar dugu 3.200 milioi euro balio duen, gure bazterrak txikituko dituen eta gure herrietan geldituko ez den trenik?
Zertarako, zure gobernuak onartu bezala, 2016rako Nafarroatik pasatuko den 76 milioi tona merkantziatik lau besterik eramango ez dituen trenik? Kantaitan baneki, etxekoandre, abesti bat idatzi eta kantatuko genizueke Gaztelu plazan 15M San Isidro Solfónicakoek Sol-en egin bezala, baina ez da hala eta lerro haserre hauek dira gure adierazpide isila.