Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Simaur-lurrina
    luma9a

Simaurrak ere badu bere lekua aromaterapian. Medikuntza alternatiboaren eremu batzuentzat, sineskeria besteentzat... entzunda geneukan antzinatean landare jakin batzuk sendabide bezala erabiltzen zirela; hosto, lore edo fruituei ateratako koipeak baliatzen omen ziren gorputzaren zein arimaren harmonia lortzeko: izpilikua erlaxatzeko, albahaka apaluneei aurre egiteko, jengibrea estimulatzeko... Hori guztia bagenekien, baina simaurrarena sekulako aurkikuntza izan da, guretzat behintzat, ustekabekoa bezain berritzailea. Eta dena telebistari esker. Askotan gutxietsi edo juzku txarra egiten dugun arren, aitortu beharra dago noiz edo noiz telebistak badakartzala bere onurak.

Telebista piztuta zegoen lehengo afalostean. Abentura- lehiaketa baten txanda zen larunbat hartako iluntzean, abentura-lehiaketa baten parodia, zehatz esanda. Parte-hartzaileak: bi talde, launa gaztez osatuta. Erronka: nor lehena simaur pila batean ezkutatuta zeuden hogeita bi giltza aurkitzen. Han hasi ziren zortzi lehiakideak, deabruari beheratuta bezala, gorotzak eta lasto ustelak oratzen, besaurreak simaur mordoiloan murgilduta eta burua lohi kiratsuaz zipriztinduta.

Ezaguna da simaurra marruskatzean zer gertatzen den... eta hori gertatu zen ukuilu hartan ere. Usain sarkor eta nazkagarri hura harrotu eta hedatu egin zen. Kamera eta kamera-mana horditu zituen amarruti, zuntz optikoa limurtu etorri xaramelatzailearekin eta, gutxienik ustean, telebista bere egin zuen sutsu, pantailaren pixelak simaur-lurrina izerditzen hasteraino. Guk orduan, izu laborriak hartuta, ahalik eta arinen sofatik jauzi egin, telebista itzali, zer gerta ere, eta ohera joan ginen. Orduz geroztik dakigu simaurrak, kanelak edo larrosak bezala, propietate afrodisiakoak dauzkala.

Eta orain, gau hartakoa errepikatzen dugu telebistari simaur-usaina darion bakoitzean.

Irene Gil Legarra

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli