Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Prentsaren gurutze-bideez 
irenegil2  
pdf  

2010-01-08 asteartea

Aharrausetik agurretik baino gehiago duen “egun on” nagitsua, guztiontzat esan eta inori zuzendu gabea. Ezker eskuko hatz erakuslearekin ordenagiluaren giltza sakatu eta eskuin eskukoarekin pantailarena. Segundu batzuk baino ez, ni ametsetan egon naizen bitartean, mundua zertan aritu den jakiteko. Bigarren aldiz esnatzen nau egunero albisteen muturrekoak, tupustean, goizeko zorti-zortietan:

NOTICIAS DE ÚLTIMA HORA. DIARIOVASCO.COM.

Aurreko asteko lerroburuak, joan den hilekoak edo iazkoak... Naturak eragindako hondamendiak, izan lurrikarak, izan uholdeak... politikarien hitz aspertuen mendeko burtsen kotizazioak... langabeziari buruzko estatistika nahasgarriak... genero indarkeriaren kasuren bat, atxiloketak eta tortura salaketak... kirolak, hil-oharrak, denborapasak... Begiradatxo bat eman eta ezabatu.

Gaurkoan bada, ordea, arreta eman didan bat: “Cada viaje es un suplicio”. Telefonoak jo du eta gorde egin dut mezua, geroago irakutzeko asmotan. Ez da goiz lasaia izan eta ahaztuta izan dut harik eta etxerako bidean jarri naizen arte. Gogora datozkit lerroburua osatzen duten hitzak eta nire baitarako errepikatzen ditut, oroimenean iltzatu nahian bezala. Harrituta nago, ondo ezaguna baita EL DVren jarrera zenbait gairen inguruan. Zer ote zen? Etxerateko kideren bati egindako elkarrizketa? Preso baten senideari egindakoa? Nire inozotasun baikorrenari eutsi eta gauzak aldatzen hasi direla sinetsarazi nahi diot neure buruari.

2010-10-20, asteazkena

Egun on” . Ordenagiluaren giltza eta pantailarena. Gogoan bueltaka dabilkidana argitzeko lasterbidea. NOTICIAS DE ÚLTIMA HORA. DIARIOVASCO.COM. Izenburua klikatzearekin batera 2010eko urriaren 19an EL DVk “Cada viaje es un suplicio” izenburupean idatzi duena irakurgai. Berriak Beti Erreala eta ¡Somos de primera! goiburuak ditu. Kazetariak Realak Anoetatik kanpo zenbat puntu galdu dituen aipatzen du, golak sartzeko gaitasun eza, konzentrazio falta, defentsaren ahuldadea... ahotsa dabilela fitxaketa batzuk egingo ote diren... Eta ondoren: “Bidaia bakoitza gurutze-bidea da txuri urdinentzat; kanpora joatea, tortura”. Argazki bat ere badago; ez porlanezko horma grisik, ez kartzelaririk, ez presorik... berdegunea, entrenatzailea eta jokalariak baizik.

Gurutze-bidea? Tortura? Ez al gara futbolaz ari? Nork jasaten du gurutze-bidea? Nork tortura? Zaleek? Entrenatzaileak? Jokalariek? EL DVk realeko “familia”rentzat gordetzen du gizatasun eta sentiberatasun guztia, eta batzuetan, aipatutako lerroburua kasu, arinegi erabiltzen ditu min eta sufrimenduz osatutako hitzak, iraingarriak izatera irits daitezkeela erreparatu gabe. Egunkari honek 36 orrialde eman zizkion Realari 1. mailara igo zenean, Realaren ikurra daramaten kamisetak eta motxilak zozkatu, baxerak eta beireriak bildumetan eskaini, erretiluak oparitu... Hori guztia gu txuri urdin tintatzeko, gure nortasuna berrindartu eta sendotzeko.

Irene Gil

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli