Haur eta gazte literatura

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
Eguzki kristala
Bazen behin munduan Printze jaio eta eder eta galant hazi zen haur zoragarri bat. Trebezi berezia erakutsi zuen batez ere borrokarako guda-tresnak erabiltzen, hala defentsan nola erasoan, bai zaldi gainean bai oinez, bakarrik nahiz talde-buru izanik. Gauza guztien gainetik kostatzen zitzaion inoren esanetara jartzea, inoren taldekide izatea.

Sendo, indartsu eta boteretsu ikusten zuen bere burua. Orduan, buru horren erdian ernatu zitzaion pentsamendu hura “Nor ni baino gehiago?”, hodei gisa lehenengo, geroxeago potolotuz eta laino itsu bihurtuz begietaraino jaitsi zitzaiona, harik eta zentzumen osoa hartu eta erabat aseta utzi arte. Horrela ilundu zitzaion Printze eder hari bihotzetik begietarainoko bide argi eta prestua. Gogoa mugatuta gelditu zitzaion, eta esparru lainotsu hartan zutik gelditutako pentsamendu bakar hari baino ez zion jarraitu nahi izan: “ni ez naiz inoren menpeko izango, neuk nahi dudana egingo dut”.

“Nor ni baino gehiago?” galdetzen zuen. Eta halaxe ibili zen etengabe, ilargitik ilargira. Gau hartan, ordea, pausatu zen lekuan bertan etzan zen lotara, eta orro ikaragarri batzuk esnatu zuten: herensuge izugarri bat handik urruti ez zen leize-zulo batean bizi zen batenak. Berehala zuzendu zen hara, bere indarra herensugearenarekin neurtzeko asmotan. Leize-zuloaren atean dei egin zion ateratzeko esanez, eta herensugea bertan agertu zenean, zazpi Printze halakoa zen altueran. Atzeraka egin zuen Printzeak eta galdetu zuen:

-Zer gordetzen duzu hor barruan?

- Munduko harri kristalik ederrena, erabiltzen ikasiz gero, ahalmen osoak eskura jartzen dituena. Sugarretako diamantearen zaintzailea nauzu. Zein zara zu eta zer nahi duzu?

-Ni Printze Indartsua naiz eta leize-zuloan sartu nahi dut.

-Hemen biluzik sartu behar duzu, eta zu armaz beterik zatoz. Utzi bertan hori guztia, garbi zaitez eta eskatu baimena hona sartzeko.

-Ez! Ni zu bezain indartsua naiz, ez nauzu makurtuko.

Eta Printzea, haserre bizian eta laino gorriak kopeta guztiz itsutzen ziola, ikaragarrizko oihua eginez joan zitzaion tximista bezain azkar herensugeari, eta jauzi batez ezpata hondoratu zion sabelean. Herensugeak buruaz kolpatu eta airean bota zuen Printzea, ahoko suaz kiskaltzeko asmotan, baina hura jaiki eta lepotik sartu zion ezpata, behin eta berriz, bertan zerraldo utzita. Baina Printzea erreduraz zaurituta zegoen eta konortea galduta erori zen. Esnatu zenean hantxe zegoen herensugearen gorpua, baina ez zen leize-zuloaren arrastorik ere. Printzeak, armak eta zaldiak eskuratu eta alde egin zuen handik leize-zuloaren
bila.

Ibai handiak zeharkatu zituen, herri batzuk besteren aurka altxatzen lagundu zuen, baita sarraski handiak egin ere, beti ere askatasunaren eta justiziaren izenean. Baina ez zen inoiz inon gelditzen guztia amaitu eta gero. Herensugeak hartzen zituen mendean, baina leize-zulorik ez zen sekula agertzen.

Halako batean iritsi zen itsasaldera, eta han ikaragarriko nekea sumatu zuen, bertan pausatu zen. Egunsentiero jartzen zen eguzkitan argi izpiez bustitzeko, buruko lanbroa leuntzeko esperantzan.

Handik aurrera luzaroan jardun zuen itsaslapur gisa. Buruko lainoak ez zion bakerik ematen eta itsasoaren ostertzak bakarrik ematen zion atseden.

Orduantxe gertatu zen ekaitz hura. Haizeak gogor eraso zuen itsasoa, trumoiek eta tximistek ere berea jarri zuten, eta istant batean urak ireki eta Printzearen itsasontzia irentsi zuten osorik.

Handik hiru egunetara olatuek Printzearen gorputza utzi zuten hondartzako bazter batean, harkaitz batzuen artean. Euri zaparradak dardara eragin zuen osorik bustitzen zuen gorputz hartan, eta Printzea bere kordera etorri zen. Hotzaren hotzez eta bustiaren bustiz babes bila abiatu zen. Lurretik jaiki eta hotzak airean abiatu zen korrika lanbro artean ikusten zen haitzarteko zulo batera. Hantxe aurkitu zuen herensuge bat, orduan konturatu zen buruko argitasunaz, kanpoan zegoela lanbroa, ez ordea bere baitan. Herensugeak erakutsi zion munduko harribitxi preziatuena. Eguzkizko harri kristal hura bihotz gardeneko gerlarientzat gordeta zegoen.

Argiz beteriko sala ikaragarriko handi batean zegoen. Salaren erdian zulo bat zegoen, bertan eguzkia bera gordetzen zela ematen zuen, horren argi dirdiratsuaz betetzen baitzuen mugarik ikusten ez zitzaion toki neurrigabeko hura. Eguzki haren gainean, goitik zintzilikatuta bezala zegoen elur mataza baten antzeko kristal borobil zuria, oso handia, unetan itsutzeko bezain zuria agertzen zena, eta beste jira batzuetan ortzadarraren kolorerik bizienak eta gardenenak erakusten zituena. Ezkerraldera ematen zituen bueltak, oso poliki.

Horrexek argitu zuen betirako eta sendatu Printzearen bihotzeko eta buruaren arteko bide lanbrotsua, garai bateko lainoaren aztarnarik txikiena ere desagertu arte. Printzea negarrez hasi eta malkoetan joan zitzaizkion bekokiko iluntasun guztiak.

Printzeak bere egiazko izena hartu zuen, Gerlari Kristal Horia zen. Eta hantxe geratu zen, leize-zuloan dragoiarekin batera bizitzen. Handik aurrerakoak dragoiak ditu kontagai, eta niri ez dit oraindik ezer esan.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli