Gidoiak eta antzerkia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Zu berri bat

 

luma25  

- Ba al zoaz Gasteizko festetara?

- Ez, gaur Anjelekin aterako naiz, lasai- lasai. Zerbait jan eta...

- Parrandarik ez ?

- Ez, berak bihar lana du eta.

- Nik zure adina banu...

- ???...

- Orain disfrutatu behar duzu Enara, urteak berehala pasatzen dira. Jendea ezagutu...

- Eta ez al dut egiten? Ni gustora asko bizi naiz.

- Bai, baina, ez da hori. Gaztea zara, gero ere denbora izango duzu mutila bilatzeko.

- Ama, ez hasi. Ni Anjelekin oso gustora nago, badakizu. Poztu egin beharko zenuke.

- Baina, begira zure lagunei: Ikerne, Ainhoa, Izaskun... ederki bizi dira, hara eta hona, gaur batekin eta bihar bestearekin; “Carpe Diem”, neska.

- Ni ere bizi naiz ama, eta pozik, gainera.

- Zu azkarregi zahartu zara, azkarregi formaldu. Nik ez dut esaten Anjel mutil txarra denik, baina... Gero damutu egingo zara

- Damutu? Eta zer egon behar dut, ezer egin gabe gero damutuko naizen beldurrarekin? Mesedez eh...Orain oraingoa, gero gerokoa.

- Horixe esaten dizut nik; orain oraingoa; atera, bidaiatu, lagunekin egon, mutil berriak ezagutu...

- Beno ama, nahikoa da! Mutil berriak, mutil berriak... ez daukazu beste konturik! Zer uste duzu, horrek egiten duela zoriontsu? Ahalik eta mutil gehien pasatzeak?

- Beno beno, zer du horrek txarra? Zure adinean eta...modernagoa zinela uste nuen!

- Tira, ez esan umekeriarik! ez du ezer txarrik baina ni maiteminduta nago, Mai-te-min-du-ta. Ea ulertzen duzun, gustora nago eta ez dut modernarena egin beharrik.

- Lasai eh...Nik bakarrik esan nahi dizut gero ere bizitza osoa daukazula tipo batekin egoteko, munduko denbora guztia haren ondoan nazkatzeko, eta ahal den bitartean gozatu behar duzula. Bestela damutu egingo zara. Ni ere hamabost urterakin hasi nintzen zure aitarekin...

- Eta? Zu damutu zarelako nik ordaindu behar al dut?

- Aizu! nik ez dut horrelakorik esan eh, inoiz ezertaz damutu naizenik. Ni oso gustora nago egindakoarekin, baina garaiak aldatu egin dira. Zuek, orain, askatasuna duzue nahi duzuena egiteko, eta, hala ere...

- Askatasuna? Horixe nahi dut ba nik, askatasuna zer egin erabakitzeko. Zoriontsu izateko ez dago bide bakarra. Eta zuk, ama, zure arazoa konpondu beharko zenuke.

- Nik neure arazoa? Ze arazo?

- Bai, zu eta aitaren artekoa. Onartu; zuek ez zaudete maiteminduta, ez zarete zoriontsu elkarrekin. Ez al da hala?

- Beno Enara, ez esan txorakeriarik.

- Zergatik zaude aitarekin? Egoteagatik, ez zarelako ausartzen begiak ireki eta arazoa ikusten. Erreta zaude, nazkatuta, itota, eta horregatik egoten zara aita kanpora noiz joango zain.

- Aski da! Ez dizut horrelakorik onartuko; ez dakizu zer esaten ari zaren. Zu ez zara inor gure gauzetan sartzeko. Zer ote dakizu zuk bizitzaz...

- Ez, entzun zuk orain niri. Egiak min ematen dizu, ama. Berrogei urte dituzu. Ziru al zaude bizitza osoan horrela jarraitu nahi duzula? Bide bat hartzeak ez du esan nahi amaieraraino jarraitu behar duzunik.

- ...

- Ez, ama. Ez zara bizi. Mundua jan nahiko zenuke, baina ez zara ausartzen, eta zure arazoak nire egiten dituzu!

- Zergatik diozu hori?

- Nazkatu naiz ama, nazkatu zure ezinezko ametsak nik bete beharraz. Jaio nintzenetik izan nahi zenukena ikusi duzu nigan; zure neurrira eraiki nauzu, zure ilusio galduen neurria. Dantzan apuntatu ninduzun, eta gitarran. Gorroto nuela jakinda. Inoiz ez didazu galdetu zer nahi nuen. Ez. Zuk jantziko zenituzken arropak erosten dizkidazu. Nik aukera izan banu... esa- ten didazu beti. Baina neuri ere aukerak ukatzen dizkidazu, erabakitzeko aukerak.

- Baina Enara, maitea, ez da hori nire asmoa...

- Zabaldu begiak, ama. Hau ez da bidea. Zergatik izan behar dut nik zuk izan nahi duzuna? Zure sabeletik irtena naiz, ama, baina ez naiz zu berri bat.

Ione Gorostarzu

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli