Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Usoa, hegan etorritako neskatoa

ZUBIZARRETA, Patxi. BALZOLA, Asun. Erein, 2008.

   

Haur-gazte literaturan ere hain uzta oparoa eman digun idazle honek Usoa esaten dioten Kasai neskatoaren sabeleko inurriez hitz egin digu Usoa, hegan etorritako neskatoa ipuinean. Inurriak sentitu dituelako andereñoaren hitz potolo eta gogorren aurrean.

Inurriak, gora eta behera, ama on batek izan behar duenaz ari baitzaie hizketan andereñoa; inurriak, andereñoaren moral eta etika hegemonikoak seinalatu egin duelako bere Afrikako ama, bi ama dituelako Kasaik, bata Afrikan eta hemen bestea.

Afrikarra baita sortzez gure Kasai, artean umetxoa zela, amak hona zetorren hegazkin batean abandonatu behar izan zuen neska. Eta oso argi du Kasaik, edo Usoak, hegan etorri zenez hemen denek deitzen diotelako Usoa, bere arrazoiak izango zituela erabaki kontziente hark. Horre gatik egingo dio bihar aurre andereño aho handiari, autoritateari, eta lasai geratuko da.

Usoaren inurriez eta amatasunaz, batez ere amatasunaz edo, hobeki esanda, amatasunez ari zaigula esango genuke, ipuinean erakusten den ama tasun aniztasunak amaren gaineko irudi eta estereotipo asko irauli eta eredu berriak aldarrikatu dituelako. Batetik, alaba baten abandonua genuke eta, bestetik, alaba baten adopzioa. Amatasunaren eredu berriak proposatzearekin batera, amatasuna bizitzeko modu ezberdinak aurkeztu ditu eta, horrela, kolokan jarri emakume izatearen ustezko ezaugarri naturalizatuak. Horregatik erakutsi nahi izan dizkigu, andereñoaren pertsonaiaren bitartez, eredu tradizionalaren irudiak, eragina eta indarra. Izan ere, proposamen berriak egiteko ezinbestekoa baita gibeleko ereduen berri ematea.

Idazketa bidez amatasun eredu berriak sortzeak ezinbestean zabaldu nahi du generoa berridazteko eta irakurketa berri zein aldarrikatzaileak proposatzeko bidea; literaturak, errealitatea des kribatzeaz gain, aldarri eta gogoeta eremu baden heinean, errealitate bat eraikitzen duelako.

Alaitz Andreu