Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Des-egiten 

Ione Gorostarzu. Elkar. 2012

Izatea/ des-izatea
zelofanetan bildurik
“Hemen nago orain / ene gorputza eta
ene poemak/ ez naiz besterik”
     

Des-egitenizeneko bere lehenengo poema-liburuan, hitz garbi bezain sendoetan paseatzera egiten digu gonbita Ione Gorostarzuk. Bidaia intimoa gorputzeko bazter guztietara: azal, bihotz eta hezurrak agerian utziz. Emakumea izatearen gatazkan, bidean sortzen zaizkion ahulezien aurrean, harro ateratzen du poetak indarra. Sentimenduetatik bidaia tzera gonbita egiten digu, bidaia intimoa zein publikoa arimaren zirrikituetan zehar: “Banaiz ile –kizkur, luze– / banaiz begi –urdin, erne– / banaiz ezpain / eta banaiz azal // Banaiz esku –leun– / banaiz azkazal –gorri– / piercing-atxilborrean / eta tatuaje ezkutuan gordeak // Banaiz hitz –samur, gordin– banaiz ilusio eta desio / banaiz kezka, arazo / poesia eta musika // Batzuetan baina / titi eta alu bakarrik sentiarazten naute” 

Takoi altuegietan eta zirriborratutako makillaje artean ezkutaturik, dagoeneko helduak direla sinetsi nahi ez duten ahotsak entzun ditzakegu. Heriotzaren beldur, heriotzari muzin eginez, heriotzaren begietara so. Amaierak goizegi heltzen direlako, maitasunean, bizitzan. Baina amaierarik gabe ez dagoelako hasierarik, ezta biderik ere: “Heriotza bizitzaren laguna da / eskutik helduta paseatzen dira / elkarrekin amodioa egiten // Baina guk heriotzari / zein bizitzari /ez ikusiarena egiten diegu”. Dena den, heriotza heldu baino lehen, geure benetako izatea bilatzeko gauza askori egin behar diogu uko ibilbidean; Gorostarzuk hori transmititu nahi du poemetan, bizitzan nahiz idazketa prozesuan des-egiten goazela, hautu bakoitzean baztertutako larruazalak uzten ditu gula bidean.

Poesia irakurtzea zaila egiten zaigu maiz, ederra izan arren, arrotz ditugulako hitzak. Ione Gorostarzuren poemak, ordea, hurbilak dira, lagun batek xuxurlatzen dizkizun hitzak bezala; sekretuak eta konfidentziak kafe katiluen artean. Hala ere, bertsoak ez dira egitura sinplekoak, zainduak daude estilistika eta estruktura aldetik, zelofan ederrean bilduriko hausnarketa sakonak dira.

Poema-liburu hau bukaeraren hasiera besterik ez da; izan ere, Gorostarzuk urte askotan des-egiten jarraituko duela desio baitugu: “Eta banoanean / zer gertatuko da? / Besarkada birtual bat / besterik ez // Eta banoanean / zer geratuko? / Azukre eta gatzezko uneak –espero– / besterik ez”

XABI LOPEZ