Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Gutxiegi agian 

ETA ORAIN ZER? Ignazio Arregi, S. J. Alberdania, 2010

li89    

Erromatik euskaraz zetorren ahotsa zen berea. Vaticano Irratiko albistegietako arduradunetako batek helarazten zizkigun Italiako berriak, euskadi Irratiko berriemaile lanean. Datu hau ona edo txarra izan daitekeen aztertzen hasi gabe, ez dago zalantzarik euskarazko ia irrati bakarrak Italian zuen kazetaria ez zela edozein. Hainbat proiektu interesgarrietan aritua bere bizitza profesionalean, ardura handiko lanak izan ditu bere gain. Zer kontatu izan dezakeen gizasemea dirudi, beraz.

Ignazio Arregi Zendoia Oñatin jaio zen 1931n. Hamaika urterekin jesuiten Durangoko ikastetxera joan zen, jesuita bihurtzeko gogo sendoarekin. Hemendik aurrera, hamabost urte iraun zuten ikasketak egin zituen, Jesusen Lagundiko hezkuntzak eskatu bezala. Hurrengo urteetan ez zion, hala ere, ikasteari utzi. Izan ere, Bergamora (Italia) bidali zuten gizarte-komunikazio ikasketak egitera, gero beste batzuen maisu izateko asmoarekin. Garai horretan (1963-1965) ez zegoen honelako gaiak ikasteko zentro askorik, kontu nahiko berriak baitziren. Ondorioz, lehenengoetako euskal kazetari tituluduna behar du izan oñatiarrak, lehenengoa ez bada. Hiru zutabe nagusiren inguruan dago josita Ignazio Arregiren autobiografia: Eliza eta Jesusen Lagundia, kazetaritza eta Euskal Herria. Aurrenekoari dagokionez, Elizaren barnean jesuita izatearen zentzua azaltzen du, elkartearen historia eta aurrera eramandako lanen inguruko aipamenekin. Pertsona desberdinen garrantzia azaltzen du, eta hauen artean Pedro Arrupe eta bere proiektua goraipatzen ditu. Jesuitek aita santuekin izandako desadostasunak ere kontatzen ditu baina gehiegi sakondu gabe. Bestalde, Ipar Amerikako zenbait apaizen pedofilia kasuak aztertzerakoan, badirudi arreta handiegia jartzen duela Elizaren aurkako kanpainarekin.

Esan bezala, kazetaritza da liburuko atal ugari betetzen dituen beste kontu bat. Euskal irratigintza barren-barrenetik ezagutzen du, Loiola Irratian egindako lanarengatik batetik, eta Eusko Irratia elkartearen zuzendari izateagatik, bestetik. Bi kasuetan, gainditu beharreko oztopoen gainetik, baikortasuna gailentzen da, egindako lanaren eta sortutako harremanen emaitza pozgarria. Anekdota gisa, «Nik Loiola entzuteko moduko irrati bat nahi dut» eskatzen zutela erosleek dendetara joatean kontatzen digu, FM frekuentzia berria izan eta irrati guztiak berau harrapatzeko oraindik prestatuta ez zeudenean. Azkenik, Euskal Herria eta euskalduntasuna ere gogoan ditu, liburua hainbatetan zipriztintzen duten kontu eta gogoetekin. Bere bizitzako etapa desberdinetan euskaldun izatearen esanahiak ezagutu ditu, bere alde on eta ez hain onekin, eta hauen berri ematen digu. Bestalde, euskarak arlo pertsonalean nahiz herri mailan izandako garapenaren kronika egiten du, hamaika aldaketa eta berrikuntzaren garaia.

Orokorrean, eta jakingarri ugari egon arren, desengainua hartu dut liburuarekin. Eta ez bakarrik kontu batzuk nahiko azaletik ukitzen dituelako, baizik eta kontatzeko modua ere oso lineala egin zaidalako. Agian, gauza gehiegi kontatu nahi ez horretan, oso modu neutroa aukeratu du, eta irakurketak ez du tamainako bizitza batek sor lezakeen interesik pizten. Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi liburuan topa daitekeen akats gramatikal pila, berriz ere errepika ez dadin.

Iban Balerdi