Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Postalen erroetaraino
ERROTIK Gotzon Barandiaran Susa, 2010
 
li58    
pdf    
Protesta ekintza baten argazkia ateratzerakoan, argazkilariak objektiboa non kokatu erabaki behar izaten du. Ez da erabaki  hutsala, klisk egiterakoan bere ikuspuntuaren berri ematen baitu. Antzeko erabakia hartu behar izan du Gotzon Barandiaranek “Errotik”eleberria idazteko garaian.  Argi utzi du bere ikuspuntua zein den: Bilboko Euskalduna ontziolako langileen aldean jarri da, 80ko hamarkadan bizi izan  zuten egoeraren argazkia ateratzeko. Idazlea libre da garai horretako bere ikuspegia  adierazteko. Zilegitasun osoa du horretarako, beti ere zintzotasunez jokatzen bada,  noski. Ezin da ukatu, liburu honi buruzko  hainbat iruzkinetan irakurri den moduan,  eleberriak pisu ideologikoa duenik. Baina  hori ezin zaio idazlea gatazkaren alde batean kokatu izanari egotzi. Euskaldunako lan-gatazkaren kronika literarioak, nahitaez, pisu ideologikoa izango du beti. Atseginez irakurri dut nobela. Baina laburra  egin zait, ez dut nahi adina bazka eduki.  Zuku gehiago ere atera dakioke hain esanguratsua den gertakariari.

1984. urteko Bilbora garamatza Larrabetzuko idazlearen lehenengo eleberriak.  Bilbotarrek gogoan izango dute data hori:  Espainiako Gobernuak Euskalduna ontziolan birmoldaketa egitea erabaki eta  lanpostu kopurua 2.461etik 200era murriztu zuen. Orduan hasi zen Euskal Herriko langile mugimenduaren historian  ezagutu den borrokarik esanguratsuenetariko bat. 1987ra arte iraun zuten Euskaldunako langileen protestek. Bada, hiru  urteko borrokaldi horren kontakizuna  egiten du Barandiaranek eleberriaren lehenengo zatian, hiru zati baititu nobelak.

Lehendabizikoan, Luis Urresti, Euskaldunako langile eta nobela honetako protagonistaren ahotik jakiten du irakurleak urte haietan bizitakoaren berri. Une  delikatu batean erabakitzen du Luisek Euskaldunan pairatutakoa kontatzea: minbiziak heriotzaren atarira eramaten duen unean, hain justu. Aurretik inoiz ez zuen ontziolan arnasten zen giro gatazkatsuaz hitz egiten; Begoña emazteak eta Lore alabak erregutu arren, ez ditu bere kezkak partekatu nahi izan. Aita langile mugimenduan nola, alaba ikasle mugimenduan barruraino sartuta dago, eta Luisek borrokak ekarri dion oinaze guzti horretatik babestu nahi du alaba. Horregatik urtetako isiltasuna. Isiltasun horrek, ordea, aita-alaben arteko harremana hoztu egiten du, eta bien arteko  arrakala hori da zehazki eleberriaren bigarren zatiko ardatza. Luis ospitalean dago bere bizitzako azken egunetan. Berandu baino lehen, arantzak kentzen hasteko garaia da. Protagonisten elkarrizketa oparoa hirugarren pertsonan kontatzen digu narratzaileak. Azkenik, hirugarren zatian, Lorek berak hartzen dunarratzaile papera eta Peru semeari kontatzen dio Euskaldunako gatazka nola bizi izan zuten etxean. Puntu horretatik aurrera Lore bihurtzen da protagonista. Bera da istorioari amaiera ematen dion ekintzaren egilea. Ekintza harrigarria, adierazgarria, egileak erabiltzen duena «bere iraganaz lotsatzen den postaletako Bilbo»-ri kritika egiteko.

Hiru belaunaldi kateatzen ditu idazleak eleberrian: atzokoa, gaurkoa eta biharkoa. Hiru belaunaldi, Euskaldunaren itxiera  gradu batean edo bestean pairatu/ko dutenak. Eta azkenik etorkizunari, oroimenari, zuri, galdera bat: Bilboko ibaiertzera  joaten zaren hurrengo aldian Euskalduna  Jauregiaz eta Guggenheimez haratago,  erroetaraino, ikusteko gai izango zara?

Leire Zubeldia