Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Haize bila

GALERNA. Iratxe Esnaola, Elkar 2010

li24    
pdf    

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko IX. Augustin Zubikarai nobela laburrentzako saria irabazita izan dugu idazle donostiarraren berri. Baina ziurrenik, bestela ere helduko zitzaigun, handik edo hemendik, sortzaile honen oihartzuna. Ederra egin baitu bere lehenengoa eta, aldi berean, muga goian jarri.

Kostaldeko hiri zehaztugabe batean kokatzen da honako eleberria. Uda amaitzear da eta istorioko protagonistentzat ere gauzak argitzeko garaia heldu da. Nora eta Sebastian Bechenerrek osatutako bikotea dugu alde batetik, eta hoteleko zuzendaria eta haren alaba, bestetik. Liburuan zehar, ordu gutxiren buruan beraien arteko harremanak nola katramilatzen diren ikusiko dugu.

Idazleak, eguraldiaren eta pertsonaien harremanen arteko paralelismoa egiten du. Hortik dator izenburua. Hasieratik guztiak galernaren zain daude, ekaitz bat-batekoaren esperoan. Oso eguraldi bero eta sargoria izan dute uda garaian, eta horrekin hausteko desiratzen daude. Antzematen da haustura hori badatorrela, kapituluz kapitulu gertuago sumatzen baita, azkenean eztanda egiten duen arte. Tentsioari etengabe eusten laguntzen dio honek guztiak ere.

“Galerna” pertsonaien nobela dela esan daiteke. Bere onena emana duen bikotea, Noraren beharra sentitzen duen hoteleko zuzendaria, eta helduarora behar baino azkarrago ailegatuko den neskatoa. Maisuki erakusten zaigu bakoitzak jasaten duen egoeraren konplexutasuna. Ezinezko maitasunak, gizartearen dogmak, porrot pertsonalak edota erruduntasun sentsazioak ere, giro ilun eta lazgarria mantentzeko orduan ongi erabilitako pieza bihurtzen dira. Era honetakoak baitira egileak lantzen dituen gaiak, nahiz eta guztia gertatzen den inguru turistikoak zerbait desberdina irudikatzera eraman gaitzakeen.

Bereziki interesgarria iruditu zait liburuaren laugarren atala, Nora heldua eta neskato nerabea bakarrik geratzen direnean lehenengoaren apartamentuan. Neskaren aitarekin oheratzen ibili dena batetik, eta Noraren senarra bereganatu duena, bestetik. Bien arteko borroka psikologikoa nola garatzen den, zaharrenaren eskarmentuaren eskutik hasieran, formak mantendu nahian baina formak galduz; gazteenak, aldiz, behetik gora egiten du, hastapeneko lotsak baztertuz min gehien egiten duen horretara joz. «Aitaren maitale izandako baten antza duzu, Nora. Bizkarra agerian uzten zioten soinekoak zituen hark beti, zuk bezala. Aita ez zitzaion hurbildu uda batean. Emakumeak amore eman zuen. Nola jakin nuen nik? Senarraren jaka ipini zuelako sorbaldetan, jada ikusgarria ez zena estaltzeko. Zuk ere hobe duzu jakaren bat eskura eduki».

Izan ere, bi emakumezkoak dira nobelaren benetako protagonistak, beraien ingurura biltzen den gizonezko parea bigarren mailan geratzen den bitartean. Gustatu zait nola jorratzen duen bi andrazkoen erlazioa, Noraren kasuan batik bat.

Liburu hau orain dela urtebete baino gehiago bukatu zuela entzun diogu idazleari, eta geroztik ez duela idazteko beharrik sentitu. Eta “Galerna”hiru bat urteko lanaren fruitua omen da. Ondorioz, badirudi pixka batean ez dugula Iratxe Esnaolaren lan berririk irakurtzeko modurik izango. Har dezala bada, behar duen denbora, eta ea besteren batekin gozatzeko aukerarik eskaintzen digun, askok eskertuko genioke-eta.

Iban Balerdi