Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Arrunta bezain berezia

GAUAREN SAKONEAN Haruk Murakami. Itz. Ibon Urribari Erein, 2009

li18    
pdf    

Haruki Murakami idazle eta itzultzaile japoniarra da. Haur zela Mendebaldeko kulturak erakartzen zuen, musikak eta literaturak bereziki. Hainbat liburu idatzi ditu, agian arrakastatsuena “Tokio blues. Norwegian Wood” izan daiteke, milaka kopia saldu baitzituen, Japoniako gazteen artean ikur bilakatuz. Berantiarragoa da esku artean duguna, “After Dark” (“Gauaren sakonean”), eta aipatutakoaren oihartzunik izan ez arren, merezi du irakurtzeak.

Izenburuak iradokitzen duen moduan, gauez garatzen da istorio arrunt hau. Dena den, arruntasunak ez du iluntzen berez darion xarma, izan ere, Tokion, halako gau batez elkarlotzen diren hainbat pertsonaiak osatzen dute istorioa. Gau bakarra beraz, berezia bezain arrunta; arrunta, gaua beztitzen duten protagonista askotarikoak ohikoak direlako, izen-abizenak aldatuta apika; berezia, izen-abizen jakin horientzat, gure liburuan agertzen diren protagonista horientzat.

Lehen orrialdetik adierazten zaigu, Murakamik kontaerari dagokionez egin duen hautua «Goi-goian hegan dabilen gautxori baten begiekin atzematen dugu ikuskizun hori zerutik». Gautxoria gure laguna izango dugu irakurraldi osoan zehar, eta kamera bihurtuko da sarritan, gure begirada baldintzatuz. Batetik bestera eramaten gaitu idazleak, Tokioko gauean dir-dir egiten duen hartan arreta jartzen du, kafetegi bat, hotel bat, 24 orduz zabaltzen den elikagai denda, etxe jakin bateko gela, bulego bat...Horietan guztietan, jendea, gaueko zereginean edo zer eginean.

Espazioa, beraz, gautxoriak eta kamerak erakusten digute, jauzika, baina esan bezala, jauzi horiek ez dira denboran luze, gau bakarra da hizpide, gau bakarra deskribatzen da eta goiko eremu guztietatik igarotzen diren pertsonaiak zazpi ordu eskasean gurutzatu eta elkarlotzen dira, patuak edo halabeharrak bultzatuta. Ordularia da, hain zuzen, Murakamik istorioen segida eraikitzeko erabiltzen duen formula, ordulariak adierazten digu noiz eta non gauden, hark lekutzen gaitu eta hark erabakitzen du gaua noiz amatatuko den.

Kontaeraren estiloari dagokionez, deskribapen sakon bezain zehatzak, zehatzegi eta luzeegi zenbaitetan, eta elkarrizketa ugari eta errealistak dira nagusi. Agian oreka da idazleak bilatu nahi duena, elkarrizketak ezartzen duen erritmo biziari, apika, pausa eman nahiko zion xehetasunezko deskribapen luzeak erabiliz; eta egiaz oreka lortu duela esan daiteke, zenbaitetan kameraren zooma aktibatu eta pertsonaia hurbiletik ikus dezakegu, eskua luzatu eta ia ukitzeraino.

Pertsonaia horiek osatzen dute istorioa eta gautxoriaren begi zorrotzak aukeratu eta banaka etortzen zaizkigu. Gauaren sakonean elkar ezagutzen dute, pertsona arruntak dira, baina bakoitzak ditu bere berezitasunak, bakoitzak bere iluntasunak gauaren erdian eta elkarrizketa elkarrizketari lotuta haien zergatiak ageri zaizkigu. Finean liburu ederra da istorio xumeen zaleentzat, fantasiari ihesbide eman eta arruntasunaren zirrara sentitu nahi duten haientzat. Ez dago protagonista heroikorik, ez dago handimandirik, kamerak ausaz harrapatu duen jendea da, zooma gerturatu eta pertsona bihurtzen direnak. Amaieran ere ez espero ustekaberik, ez espero harridura edo ebazpenik, gaua nola horrela amaitzen da liburua, egunsentia da argitzen den bakarra, bakoitzaren barne munduak zazpi ordu lehenago bezalaxe dirau, beste gau bat igarota.

Iker Zaldua