Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

Solasean Julenekin

gabiria1.gif 
 HAN GOITIK IKASI NAHIA

Lasai, patxadan, pentsaturiko hitz bakoitzari, ahoskatu aurretik iragazki bat pasako balio bezala, hitz egiten du Julen Gabiriak, baina iragazkiak ez dio jariorik eteten, aurretik abisatu bezalala, hitz aspertu luzeak egitekoa da Julen, eta atseginez entzun daitezke bere hitzek airean sortzen dituzten akordeak. Bere lana, akorde horiek musika bihurtzea da, eta ongi doakio lan horretan gainera, jaso dituen bi Igartza sariak dira horren lekuko.Ez dira eleberriak berak idatzi izan duen guztia,bestelakorik ere egin du Julenek, eta ondorengo hitz aspertuan aipatuko dira horietako batzuk.

IKER ZALDUA -------------------------------------------------------------

Soziologoa, enpresaria,
 
itzultzailea, gidoilaria
 
idazlea, nor da Julen Gabiria?

Beno, ezaugarri asko esan dituzu, baina hainbesteko ezaugarrikoa ez naiz; benetan ezta, hori da kurrikulumean agertzen dena, baina horren atzean gauza asko jakiteko nahia dago eta denera ezin iristea. Enpresariales egiten hasi nintzen arrazoi sendorik gabe eta gero Soziologia egin nuen benetan gustatzen zitzaidan karrera zelako eta beranduago lanean ibili izan naiz gidoilari lez eskaini egin zidatelako. Bidea ez dut nik aukeratu; egia esan, zein bide agertuko zitzaidan ez nekien eta orduan bide guztietara zabalik egon naiz, bide batzuk hartu ditut,  beste batzuk baztertu... Kasu batean gidoilaritzatik joan nintzen eta bertan ibili nintzen eta horrek balio izan zidan idazketan gauza batzuk fintzeko.

Itzultzaile ere bai

Hori da, gaur egun itzultzaile gisa ari naiz lanean, azkenean ez da kasualitatea ere, beti jakin nahi bat, ikasi nahi bat izan dut; hau da, halako ezinegona, lehenengo gauza bat gero bestea... Beti esaten dudana da gauza asko ikasi nahi eta buruan denak ezin sartuta, ezin kabituta ibiltzen naizela, eta horrela ibiltzen naiz, ez dakit hemendik aurrera zein bide agertuko den baina bideren bat agertuko da, ez dakit, baina momentuz hori dio nire kurrikulumak nahiz eta ni ez izan ez Enpresari ez Soziologo...

Eta Soziologo bezala baduzu lan egiteko asmorik?

Ez baina bueno,  soziologoa azkenean bizitzaren aurrean, tabernako soziologo nahi baldin baduzu, apur bat lagunartean, zer pasatzen den munduan aztertu, zer pasatzen den gizartean. Baina hori, jendea futbol taldeen alineazioa egiten egoten den moduan. Taberna zuloan mundu guztia izaten da entrenatzaile, hori da apur bat, mundu guztia ahal da izan soziologo ere, eta ni banaiz,  tabernako soziologoa.

Idazten 23 urte ingururekin hasi zinen

Bai, aurretik bertso munduan ibili nintzen, garai horretan bertso formatuan idazten ibili nintzen, trikitixarako koplak idazten eta halako gauzetan, eta handik ipuinetara pasatu nintzen. Azkenean konturatzen zara ez dagoela hainbesteko aldea bertsoetatik trikitixara eta trikitixatik ipuinera. Jauzi handi bat dagoela ematen du, baina azkenean zerbait kontatzeko beharra eta formatu baten beharra dago, zerbait kontatzeko beti izan dut eta momentuz badut eta behar izaten dudana formatu bat da. Garai batean bertsoa,  beranduago kopla eta azkenean ipuinetara heldu nintzen,  hau da literaturara. Poesian era probatu dut baina niretzako geratu da, ez dut inon argitaratu,  oso poesia txarra gainera, oso oso txarra. Azkenean, ipuinetara heldu nintzen eta golpean nobelara egin nuen jauzia; hala ere, ipuinena ez zen oso epe luzekoa izan,  ez dakit, urte pare bat egongo nintzen agian ipuinak idazten,  apurtxo bat esperimentatzen, apur bat ritmo hori hartzen, apur bat... estiloa ere ez,  estiloa ere ez, estiloa denbora askorekin hartzen da,  baina bai apur bat ritmo hori eta zure luma ezagutzen, zer eman dezakezun eta zer ez jakiten, eta bat-batean nobelarako jauzia heldu zen.
gabiria2.gif

Nola ikusten duzu Euskal Literaturaren harrobia?

Harrobia? beno ni oraintxe bertan 20 gaztegaz egon naiz, oso gazteak 14-18 urtekoak eta harrobi on bat da, 20tik 3 idazle ateratzea, esate baterako, hori harrobi on bat da, eta nik uste dut Euskal Herrian harrobia badela, ez dut Espainiako literatura asko jarraitzen eta gutxiago Frantziakoa, auzoko literaturak edo aipatzearren, eta ez dakit hor nolako harrobia dagoen. Baina orain Galizian egon naiz eta ikusi dut badagoela jende gaztea, ez dakit zertan dabiltzan egia esan, bakarrik esentzia ikusi dut...

Baina mugimendua somatu duzu

Bai, baina hemen askoz ere handiagoa hala ere; datu moduan, Galiziara joan ginela Galeusca horretara, Galiziako idazleak, Catalunyako idazleak eta Euskal Herrikoak, hiru delegazio, delegazio bakoitzetik ez dakit, 15 bat idazle edo, eta gureak adinaren bataz bestekoa ikaragarri jaisten zuen, Katalanen bataz bestekoa 50 urtekoa zen, Galiziarrena 40 eta gurea 30 urte ingurukoa zen, ikaragarria zen eta hori sintomatikoa da, horrek adierazten du ez bakarrik Galeuscara nor joan ginen baizik eta gaur egun Euskal Literaturari begirada bat emanda, presentzia oso handia dutela gazteek. Gero, egia da, komunikabideak, publikoak baduela halako interesa, halako tiradizo bat gazteekiko, egunkari bat gehiago interesatuko da liburu bat argitaratu duen gazte batez, beste batez baino, beharbada e! Hala ere, holako kontuak gora behera Euskal Literaturaren harrobia nik uste dut badatorrela.

Badirudi badela "boom" moduko bat, idazle gazte asko azaltzen ari da.
gabiria3.gif 

Beno, idazle gaztearena nik jada ez dakit zer den, idazle gazteak gu garela esaten dute, ni idazlea naiz orain dela 5 urtetik baina ez dakit, ez dakit zein neurritan gazte, beno ni pozik, baina 31 urterekin idazle gaztea? Ez dakit, gure aurrekoak 31 urte zituztenean, beharbada bazen belaunaldi bat hor, 20 urte ingurukoa, belaunaldi “rolloa” ez zait gustatzen baina, baziren idazle batzuk, adibidez Harkaitz Cano,  muturrak sartzen ari zirenak.

Beno, jadanik bete betean zure lanean sartuz,
 
Connemara gure bihotzean, Han Goitik itsasoa
 
ikusten da. Besterik bada, beste proiekturik?
 
 

 

 
Ba, momentu honetan ideiak batzen nabil. Nik buruan ideia bat izaten dut eta ideia hori botatzen saiatzen naiz, baina beti gertatzen zaidana da, hasierako ideiatik amaieran paperean agertzen denera gauza asko aldatzen direla, hau da, hasieran buruan zeneukanaren zati handi bat botatzen duzu eta beste gauza asko transformatu egiten da edo kanpoan geratzen da edo... Harkaitz Canok esan zuen orain dela gutxi, berari gehiago interesatzen zaiola bidean geratzen dena, zirriborroa,  azken emaitza baino, eta hori gauza interesantea da. Hala ere, nik liburu bat amaitzen dudanean, hasieratik pentsatzen nuena eman zein ez, hustuta geratzen naiz, guztiz hustuta, horrek ez du esan nahi pentsatuta neukan guztia eman dudanik, ziur aski, ariko geratu da bidean eta geratu den horretatik asko material literarioa izan daiteke, baina beno, hustuta geratzen naiz eta gerora denbora bat behar izaten dut burua apur bat berriro kargatzeko, jakiteko zer nahi dudan kontatu, ez zait batere interesatzen idazteagatik idaztea. Beste idazle batek ere esaten zidan, "Connemarak izan zuen arrakastaren ostean, atera behar zenuen beste bat hurrengo urtean''. Baina ez daukat zer kontatu. Zer kontatu behar dut? Nola joaten naizen egunero lanera eta trena hartzen dudan? Edozer kontatzeko nahiago dut ez ezer kontatu, ez dut inolako presiorik ez eta presarik ere, lau, bost, sei urte itxaroteko hurrengo liburua argitaratzeko, beraz,  trankil nabil burua kargatzen, pilak kargatzen,  eta gauzak apuntatzen.

Beno, eta ipuingintzan ere zerbait egina zara.

Oso hasierako gauzak hala ere, baina bai, hasi, horrekin hasten zara; behintzat narratiban ari bazara ipuingintzan derrigor, suizidioa izango litzateke kolpean nobelan sartzea, eta hala ere, ni nahiko suizida izan nintzen alde horretatik, izan ere,  Connemara idatzi nituenean, 10 ipuin edo dozena bat ipuin izango nituen idatziak, hau da, ezer ez. Ez nuen ezagutzen neure burua idazle lez,  eta nobelan sartzea, halako abentura batean, gauza handia izan zen. Hasieran egon ziren ipuin erotiko pare bat, sari batzuk irabazi zituztenak,  hor egon zen boom txiki bat, ipuin erotikoen boom moduko bat baina nik ez dut horretan sinesten.

Beste genero bat ez?
   gabiria4.gif    
   "Askotan generoko literaturetan, adibidez literatura erotikoan, garrantzi gehiago ematen zaio "erotikoari", literaturari baino".    

Bai baina apur bat fortzatua izan zen, bai beste genero bat da. Begira orain. dela urte batzuk debate bat egon zen, "Euskal Herrian ez da literatura erotikoa sortzen, sortu egin behar da! Euskal Herrian ez da nobela rosa sortzen, sortu egin behar da! ". Baina sortu egin behar da, egin behar hori, apur bat fortzatua da, artifiziala da, nik uste dut berez sortzen bada nobela erotiko bat, atzetik inork zazatu gabe, berez sortzen bada, ba ederki egon daitekeela! Hori da naturala, baina ez bada sortzen agian da ez delako behar edo ez dagoela hori kontatzeko beharrik, baina garai hartan bultzatu egin zen literatura erotikoarena eta momentuan ondo egon zen, saldu zen, lehiaketa bat ere sortu zen eta birritan irabazi nuen baina, beno, ez nau erakartzen. Askotan generoko literaturetan, adibidez literatura erotikoan, garrantzi gehiago ematen zaio "erotikoari", "literaturari" baino. Azkenean aitzakia da edozein astakeri kontatzeko. Basaurin bada lehiaketa bat eta ni pare bat bider egon naiz epai-mahi lez eta ikusten duzu, jendeak aitzakia hori edozer idazteko erabiltzen duela, "literatura erotikoen lehiaketa denez, kontatu dut nola nagoen nire ofizinan idazten eta sartzen den emakumezko bezero bat eta hasten garen larrua jotzen", bale, hori izango da erotikoa edo pomoa gura baduzu, baina literatura erotikoan,  beldurrezko literaturan edo nobela rosan,  berdin zait, garrantzia izan behar duena literatura da, hau da, izenak,  ez abizenak. Baina bai, hor egon zen halako boom bat eta nik ere egin nituen saio pare bat eta...

Eta antzerkian ere bai

Antzerki kontua zera izan zen, Bilboko talde batek "Chusma Teatro" taldeak, obra bat sortu zuen eta niri eskatu zidaten poema sonoro bat eta ipuin bat eurentzako sortzeko. Beranduago, egin nuena izan zen "love" antzerki obra, Eskozian eta Ingalaterran kristoren arrakasta izan zuena, baina exageratua; euskarara itzuli nuen lagun batzuk eskatuta, baina gero ez zen estrinatu antzerki merkatuak eraginda. Baina oso gauza polita izan zen, Shakespeareren sonetoak euskaratzea izan zen nire lana rima eta guzti eta metrika eta...

Zaila ez?

Bai zaila , baina oso polita e! oso gauza polita izan zen.

Beraz, antzerkia, ipuingintza, narratiba, literatura barruan
 
todoterreno.

Bueno (kar kar), begira poesia ez dut ukitu eta ez dut ukituko.

Beno, behin ere ez da jakiten noiz.

Ez bueno, baina uste dut badakidala, ez ez, todoterreno, beste gabe, literaturak terrenorik badu, ba bai; baina ez dakit nolako terrenoa den, laua edo malkartsua, edo nolako den, nik literatura ikusten dut. Azkenean hori da, lehen esan duguna; zerbait kontatzeko gogoa. Eta zerbait kontatzeko gogoa duzunean, esateko duzun hori batzuetan ipuin forman ateratzen da edo nobela forman beste batzuetan, edo elkarrizketa moduan ere bai, eta gero hau moldatu daiteke antzerkirako, baina hori da azkenean, zer kontatu, nik kontatzeko zera hori ikusten dut, formatua baino lehen kontatzeko ezer izatea, formatua baino lehentasun handiagokoa da zer kontatu hori.

Narratiban gainera aurten ere Igartza saria jaso duzu.
gabiria5.gif 

Bai, jaso nuen Connemararekin eta honetan ere saria jaso dut, eta hori laguntza handia da idazle gazteentzat, beka sistema hori. Beste kontu bat lehiaketa bidea da; jada obra amaituak dira, argitaratzeko ez da izaten modu txukunena. Beno, lehiaketa hasteko ondo dago, hau da, idazle izan nahi duen batentzat oso bide ona da, denok probatu dugu, nik ere bai. Oso bide egokia da, baina gero, beste pauso bat eman behar duzu. Ez da dena argitaratzea edo ez da dena dirua. Azkenean zure buruaz gustura sentitzea da eta ez bada argitaratzen ba, pena handia da. Hala ere, beste mentalitate batean sartu behar zara, ni behintzat sartu nintzen. Orain, jadanik lehiaketak albo batera utzi ditut, nahiz eta ez dudan esango betiko utzi ditudanik  baina beno, ni momentu honetan lasai nago, ez dut datarik begiratzen, beraz ez dut begiratzen zein lehiaketa dagoen, niretzat idazten dut, lasai-lasai.

Azken liburu honetan, Han goitik itsasoa ikusten da, txirrindularitza hartu
 
duzu gaitzat, txirrindu zale baten ikuspegitik.

Bai, baina txirrindularitza aitzakia da, beno ni txirrindu zalea naiz eta horrek eragina izan du, baina liburu honek elementu lez, eragina izan duten elementu edo ardatz lez, bi ditu: bata txirrindularitza izan da eta bestea zinema. Niretzako oso erraza izan da, izan ere niri biak asko gustatzen zaizkit. Txirrindularitza nire ustez oso kirol polita da, eta beste alde batetik baita pertsonei buruz; gehien esaten duen kirola ere. Nik ikusten badut futbol partidu bat edo pilota partidu bat, (agian izango da ez dakidalako edo ez dudalako ulertzen gai hori edo kirol hori),  ezin dut jakin kirolari horiek nolakoak diren: txirrindularitzak, ordea, aukera hori ematen du: txirrindularitza ikusita, baten jokaera,  bestearen jokaera,  bai jakin ahal dut, hau kabroi bat da hau ez dakit zer da edo dena delakoa, oso kirol humano da. Eta gero betiko kontu hori dago, bizitzaren metafora dela eta kontu hori,  egia esan hau oso errekurtso erabilia da,  baina egia da, batek irabaztea,  liderraren kontua, berak jasoko ditu loreak ...eta atzean ikusten ez den talde hori dago, ikusten ez dena eta jende askorentzat ez dena existitu ere egiten. Zu joan taberna batera eta denerako entrenatzaile diren horiek daude es que Indurain, Indurain... Bai Indurain kristona da baina atzean dauden guztiak... Ez dakit, ipiniko bagenitu garai bateko Tourretan Indurain bakarrik eta ez dakit zein bakarrik eta ez dakit zein bakarrik, ez dakit zer pasatuko litzatekeen. Baina errazenera jotzen dugu eta normala da ez? Eta gizarte honetan gehiago,  izen batetaz gogoratu behar zara,  eta musikan berdin, gogoratu behar zara talde batetaz eta beste guztiak ez dira existitzen. Gizartea halakoa da azkenean, onena onena da,  eta beste guztia ez da existitzen. Beraz, txirrindularitzan bai,  ikusten dut arlo humano hori eta literaturak badu zerikusirik alde horretatik: epikoa da,  sufrimendua ageri da. Gero eta gutxiago sufrimenduarena egia esan, baina behintzat irudi aldetik, egia esan lehengo irudiak askoz ere epikogoak dira, gaur egungoak baino. Beraz Txirrindularitzak badu nire ustez zerikusirik bizitzarekin eta liburu honetan eragin izan du eta bigarren eragina zinema da, zinemak hizkera lez, hizkuntza moduan asko erakartzen nau eta asko interesatzen zait. Hor istorioa kontatzeko modu bat dago, idazleok ez daukaguna eta askotan izatea nahi izango genukeena, irudiak oso erakargarriak dira eta... Guk ere baditugu gauza batzuk, abantaila batzuk eurek ez dituztenak. Harkaitz Canok esaten du, zine zuzendari batek elurra nahi badu, elurra egin behar du, guk ordea idatzi egin behar dugu, Elurra egiten zuen.

Bi eragin horiek egon dira, beraz niretzat oso liburu erosoa izan da alde horretatik, ezagutzen nituen bi esparrutan mugitu naizelako. Txirrindularitza hala ere, aitzakia izan da, izan ere, nik Gino Bartali agertzea nahi nuen, beti gustatu izan zait bere “imagen” hori, gogoratzen dut 80ko amaieran Giroan ibiltzen zenean, jende artean bixeragaz eta... Eta hori nor da? Bartali, Bartali?, ba ideiarik ere ez! Baina arretaz begiratuz gero konturatzen zara bera dela bakarra, tourra bi aldiz irabazi duena hamar urteko tarte batekin, inork ez du hori egin, eta tartean bigarren gerrate mundiala egon zen, bestela batek daki!. Baina gaur egun,  lehen esan duguna, dena zenbakiak dira,  "bost Tour! Baina Amstrongek sei irabazi ditu, beraz Amstrong da onena", hori oso arriskutsua da, zenbaki batek esango dizu nor den inoizko txirrindulari onena? Bartalik bi irabazi zituen, eta ez bakarrik hori,  berari esker eta beste askori esker 800 judu Mussoliniren hatzaparretatik libre geratu ziren, baina lan hori ez zuen Bartalik bakarrik egin, bere atzean bazen talde bat faltsifikazioak egiten, juduak ezkutatzen... Azkenean nahi nuena zen txirrindularitzaren bidez eta berau aitzakitzat hartuz,  jende txiki horri garrantzia eman, taldekideei, sailkapenaren lehen postuetan eta entziklopedietan agertuko ez diren horiei, eta azpimarratu, ziurrenik liderrak ez liratekeela lider izango talde bat atzetik ez balute. Beraz nire asmoa hori zen, txiki ikusten den jende handi horri garrantzia ematea.

Liburua idazteko txirrindulari paperean sartu zara?
gabiria6.gif

Beno, egia esan ez naiz sartu inoren paperean, liburu honetan ez dago lehenengo pertsonarik, dena kanpotik ikusia da. Sartu, sartu, pertsonen paperean sartu naiz, ez da txirrindulariei buruzko liburu bat ez eta zinema gustatzen zaienen inguruko liburu bat, pertsonen inguruko liburu bat da, askotan pertsonak tituluaren arabera begiratzen ditugu, hau arkitekto da eta hau Tourra berrogeita lau bider irabazi duena da, baina tituluaren azpian badago pertsona bat. Txirrindularitza asko gustatzen zaidan kirol bat da eta desmitifikatzeko erabili dut, beharbada nik Bartali bera ere mitifikatuta nuen. Mitifikazio kontu hori aurretik dator, izan ere, Connemara eta Han goitik-en artean Iparragirreren biografia idatzi nuen. Iparragirre mito moduan hartu dezakezu baina bat-batean bere biografia ikusten eta idazten hasten zara, eta konturatzen zara mito horren atzean pertsona bat dagoela, eta ez hori bakarrik, konturatzen zara eduki zituela bere momentu baxuak eta erdi narrasean ibili zela, berak asko bilatu zuelako askotan, nahiko petardoa izan zelako. Liburu hark apur bat desmitifikatzeko balio izan zidan, eta mitoen kontu hori hona ekarri dut.

Txirrindularitza albo batera utzi aurretik, aipatu, txoritxo batek esanda,
 
badakidala afizionatu lasterketa batean ere parte hartu zenuela barru-barrutik.

gabiria7.gif
Bai (kar kar), Unai Paredes lagunak deituta, Serbitzu taldearen kotxean Bizkaiko Biraren azkeneko etapan, eta niretzat oso esperientzia polita izan
 
Berriro Literaturari eutsiz, Connemara gure bihotzean, Han goitik itsasoa
 
ikusten da, badute parekotasunik bi liburuek, edo somatu duzu batetik
 
bestera ezberdintasunik idazkeran?

Beno, nik idatzi ditudala biak ez (kar kar). Ez, parekotasuna baino gehiago garapen bat nabaritu dut, onerako garapen bat; ez aurrekoa txarragoa zelako baina idazterakoan bai nabaritzen nuen alde bat bazela. Normala ere bada, izan ere lau urte pasa dira eta lau urte horietan gidoiak eta zutabeak idazten ibili naiz. Gidoiak idazterakoan elkarrizketa asko lantzen da eta arindu egiten dituzu, Connemarak adibidez hori ez dauka, Connemarako elkarrizketak askoz ere behartuagoak dira. Baina batez ere, zutabe gintzan asko ibili naiz, eta hori bai izan dela eskola ona, zure burua behartzen duzu 200 hitzetan goitik beherako istorio bat kontatzera, 200 hitz, orrialde erdia, eta hizkuntza aldetik ere lanketa handia dakar izan ere, esaten duzuna zehatza izan behar du. Lastorik 200 hitzetako testu batean ezin da agertu, eta zutabean hori lortzen duzu: muinera joatea eta horretan bai igarri dut alderik. Beste ezberdintasun bat da Connemara barne istorio bat dela, bi pertsonen arteko istorioa, Han goitik berriz, istorio unibertsalagoa da, pertsonen eskubideen aldeko liburu bat.
gabiria8.gif

Bigarren liburu honetan
 
Egunkariaren giroak eragin duela.

Bai, injustizien kontrako eta hau pertsonen eskubideen aldeko liburu bat da, pertsona txikien aldeko liburu bat da eta nik injustizia horren aurrean garai horretan nuen arma bakarra boligrafoa zen, bai liburua idazten ari nintzelako eta bai zutabeak idazten ari nintzelako egunkari batean. Orduan pentsatu nuen konpromiso bat hartu behar nuela gertatzen ari zen guztia zela eta, batzuk ikusten dute konpromiso literario soil modura, hau da,  idaztea astero Egunkariaren alde, baina konpromiso politikoa ere bada. Liburu hau konpromiso literarioa izan da, dudarik gabe aurrerapausoa delako nire idazketan, baina konpromiso politiko handia ere bada. Liburu hau irakurri daiteke denbora pasa moduan edo irakurri daiteke lerro artean, liburu honek badu karga politiko bat. Euskal Herrian bizi izan ditugun garaiak, izan diren modukoak izan dira eta horri erantzun bat eman behar zitzaion, baina erantzun bat, gure txikitasunetik, idatziz, zinemagile batek film bat eginez ,edo ez dakit nola. Erantzukizun bat hartu behar da pertsona moduan eta sortzaile moduan eta nik idazten hartu nuen, beraz liburu honek badu karga politiko bat eta nire sentimendu bat pertsona moduan eta politika jarraitzen duen pertsona moduan, beste garai batera trasladaturik,  beste urte batera eta beste giro batera, baina azkenean 1943 urteko Italiaz hitz egin dezakezu eta hitz egin dezakezu 2002ko Euskal Herriaz,  gaur eguneko Euskal Herriaz.


Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago