Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 ONDOKO ALDAGELAN

ondoko aldagela1

Juan Jose Pellejerok irabazi du X. KARMELE IGARTUA SORKUNTZA LEHIAKETA

-Gazte nafarra, aurki, bere azkeneko sake egitera doa. Josean, ustekabe handia izan duk hain erraz Iturrigaraik partida bere aldera eramatea, ezta?

-Bai, halaxe dek. Seinako berdinketa egin ondoren, Iturrigarai pilotalekuz jabetu dek eta, eskarmentu handiagokoa eta zaharragoa izanagatik, Aldatz partida osoan lekuz kanpo, hatsankatua, kozkorrik gabe ibili dek.

-Iturrigarai sakera; konfiantzaz... Sake gogorra, abiadura handikoa, gurutzatua,...sake zitala etaaaaa....tanto! Tanto eta partida, jaun-andreok. Iturrigaraik, ezustean, Aldatz hartu du menean eta Sanferminetako lau t´erdiko torneoa bere egin du!

Aldatz hurbildu zait eta zoriondu nau. Une bat izan da, baina nabaritu dizkiot gorputzaren abaildura eta begitartea hantua eta gorritua, agian prestakuntza fisiko murritzaren zantzuak. Istanteko, nire jendearen zorionak eta goraldiak; gero, zeremonia eta txapela janztea. Sanferminetako Txapelketa! Goi mailako nire lehenbiziko pdf2txapela kategoriako lehenengo urtean.

-Hementxe dugu Pello Iturrigarai. Pello, zorionak!

-Esker mila.

-Partida osoan izugarri joko sendoa eta segurua erakutsi duk; nerbiorik ez?

-Egia errateko, partida aitzinean, bai; baina partida hasi orduko eroso, trankil eta seguru sentitu nauk....

EITBko esatariari erantzuten ari natzaion bitartean, nire pentsamendua burmuinaren zimurdura batetik bertzera ari da Página 2 de 14 jostalari, eta aspaldiko iduriak lurreko suan txinpartak nola, agertzen zaizkit borborka.

-Pello, ate handitik sartu haiz goi mailako pilotan; horrek zama handiagoa jartzen dik hurrengo partidetarako?

-Irabazteak ez dik zama handiagorik paratzen; ez irabazteak, bai, ordea.

-Horrekin geldituko gara, jaun-andreok. Eskerrik asko, Pello, eta tituluaren ospakizunaz disfrutatu.

-Esker mila.

Urkiaga herri txiki bat da. Urtean zehar zortzi etxetan baizik ez da jendea bizi; behi, ardi eta behor, ordea, pila ederra. Udan herrikoen ahaideak eta bertan etxeren bat berritu dutenak etortzen dira oporretan. Batzuetan, inork ez daki zergatik, zerbait okertzen da eta egoera gaiztotzen da. Herri txikietan isilpean gordetzen dira gauza ugari, halako moldez ezen, arrotz baten ikuspegitik, dena ageri baita bizikidetza armoniakoaren idurira. Uda hartan, hamaika urte nituen, eta gauzak okertu ziren.

Frontoiko zarata eta bero hezea utzita sartzen naiz aldageletan. Eskuinekoan ikusten dut Aldatz, jarrita, aldatu gabe, eskuetako takoak nagitasunaz kentzen, nekatua. Ez dit begiratu nahi, ezin du. kanpoan Sanferminetako txarangek, jo eta ke, jendearen erritmoa eta norabidea markatzen dute.

Uda hura ez dut sekula atzenduko. Etxean lau haurride gara, ni hirugarrena, bertzeak, neskak. Eskolan hasia nintzen pilota taldean eta goiz hartan frontoian nengoen pilotarekin denbora pasa. Bi lagun agertu ziren eta intxaurrondoaren gerizpean jarri, niri begira. Denbora luze gabe zaharrenak, tokitatik mugitu gabe, bota zidan:

-Jokatu ahal dugu zurekin?

-Bale. Ni Pello naiz, nola duzue izena?

-Nik, Adur eta nire anaiak, Mattin.

Nabari zen hiriko euskaldunak zirela. Adur hamahiru urtekoa zen. Ni bezala, ilehori. Bere adinerako altua zen, ia buru bat kentzen zidan. Mattinek, aldiz, hamar urte zituen, begi-zuri eta gopor tankerako gorpuzkera. Majoak ematen zuten eta hasmentatik elkarrekin hagitz ongi moldatu ginen.

Pilotan ari ginela, Simonenekoak pasatu ziren. Ni kontent nintzen nire lagun berriekin eta denok ikustea nahi nuen.

-Nahizue jokatu gurekin?

Alabaina, kasurik egin gabe segitu zuten aitzina.

-Nor dira horiek? -Adurrek.

-Jokin eta Xabier.

-A!

Bazkaltzeko tenorean dena kontatu nuen mahaian: nire lagun berriak, nongoak ziren, noiz arte egonen ziren,... Kriskitin parea baino alaiago nengoen. Nire arreba zaharrenak ere bazuen erran-merranik.

-Nik ere badut berri bat -Mirenek-: Simoneneko Anek utzi du Zamargineneko Tomas. Erran dit aspertuta akitu duela; arrunt zakarra dela.

-Banengoen, bada, ni! Tomas hori astapito hutsa da. -amak.

-Gaur arratsean Anerekin noaie Aintzialdeko bestetara.

-Kontuz gero, e, Miren; Ane txoriburu xamarra da eta.

-Bai, ama!

Mirenek hamasei urte zituen eta Anerekin ibiltzen bazen ere ez zuen lagun mina.ondoko aldagela2

Udako egun argiak eta epelak pasatzen ari ziren gozo-gozo, eta Adur, Mattin eta hirurok bereizezin bihurtu ginen; Arotzako Aitor ere gurekin egoten zen. Egunero gelditzen ginen zernahi dela egiteko: sugandilak harrapatu, masustak bildu, errekan bainatu eta amuarrainak eskuz harrapatu edo, egun beroenetan, gure etxeko igerilekuan arratsalde pasa egon.

Goiz batean, elizaren gaineko estratatik Mikelen bordara nindoalarik manatu bat egitera, sumatu nituen intziri batzuk eta, senaz, konkortu eta ibilera motelduta, bideko paretara hurbildu eta, tentu handiz, gainetik goratu nuen burua ikusteko nondik heldu ziren ainuri horiek. Zamargineneko baratzean zeuden Jokin, belauniko, Xabier, zutik eta negarrez, eta Tomás, Jokinen burua oilo gorotzaz orakatzen.

-Intzak negarra, intzak! Ergela halakoa! Nik erraten badiat edozein gauza iteko, hik in; gainerakoan gorotza hau ere janaraziko diat. Maritxu halakoa! Kakazu pelenda! Eta zerbait erraten batzue, sasiaren adarra ipurtzulotik sartuko tzuet. Alo, ospa hemendik!

Hura ikusita, ikara hezurretako muineraino sartu zitzaidan eta ohartu nintzen dar-dar batean nengoela, esku ahurrak izerdituak, bihotza, punpaka, bularretik atera beharrean, eta arras zurrundua paretari itsatsita hormaren harrietako bat bihurtu nahiz. Ondoko ezponda batean gorde nintzen sastraken artean eta, denak lekutu zirela segurtatu nintzelarik, ziztu batean joan nintzen Mikelen bordara. Han amak emaniko poltsa utzi eta lasterrari eman nion etxeraino. Ondoko egunetan ez nuen halakorik berriz sumatu. Baina Jokinek serio, hits, soraio eta uzkur segitzen zuen. Orduan ez nekien, baina antzekorik lehenago ere gertatua omen zen.

Uda agortzen ari zen; egunak laburtzen eta gauak luzatzen, ipar haizeak bago-urrina hedatu eta giroa hozten zuen. Iruñekoak lekutu ziren eta betikoak gelditu ginen. Igande batean, eskolan hasi ondoren, amak berri on bat -niretako, bederen- eman zuen bazkarian.

-Juanategik hartu omen du kontrata handi bat Bartzelonako portuan eta harekin doaie Tomás. Bi urteko lana omen da.

“Lasaitu ederra hartuko du Jokinek”, pentsatu nuen nire baitan pozik.

Kanpoko festaren builaren gainetik sumatu den animaleko asotsa metalikoak nire arreta erakarri du aurkariaren aldagelara dutxan sartzekotan nengoelarik. Denok ezagutzen dugu Aldatz eta holako eroaldiak izaten ditu partida galduz gero; birao garrasika eta edozein gauza joka hasten da, burua galdu eta inor ez da ausartzen deus erratera.

Dutxa azpian uda hura berriz etorri zait burura. Zenbait aldaketa gauza xehez abiatu ohi da. Eskola hasi eta lehenbiziko bi asteetan goizez hutsa joaten ginen. Urkiagan hamar bat lagun igaten ginen autobusera. Denak elkarren ondoan jartzen ginen, baina ikasturte hartan Ane, Jokin eta Xabier, autobusa martxan hasitakoan, lekuz aldatu eta bertze herritakoengana joaten hasi ziren.

Behin, errekreoan komunera joanda, Xabier, ni ohartu gabe, sartu zen nire gibelean eta, pixa egiten ari nintzela, berak nire gainean egin zuen. Zelatan zeuden bertze lagun batzuk irri ajataka lehertu ziren, “pixontzi, pixontzi” oihuka ari ziren bitartean. Hura lotsa! Gorri-gorri eginik nintzen, zurrundurik eta mugitu ezinik. Gero negarrari eman nion. Etxean, lotsak hartuta, ez nuen garanik erran. Baina geroztik “pixontzi” bolada luzean aditu behar izan nuen. Ezin ulertu nuen zergatik egin zidaten hori. Ahalkea eta lotsa bertzerik ez nuen sentitzen, eta nik zerbait gaizki egin behar izan nuela pentsatu nuen. Zer, ordea?

Aste batzuk geroago, urrian, Simonenekoak bere aitarekin pilotan ari ziren frontoian. Aita, Joaquin, gaztetan ibilia zen pilotan. Bigarren kategorian ibili behar izan zuen. Baina maisu txarra zen, semeari segidan hasten baitzitzaion oihuka. Hura han zen bitartean nahiago nuen ez jokatu, eta intxaurrondoaren enborrean bermatuta gelditu nintzen begira.

-Alajainkoa, Jokin, ez al duk kozkor gehiago? Kaguenla! Tori, sakazak, eta emaiok ongi, ostia!

Jazarpen eta oihu horiek Jokin nerbiostu eta konfiantza galtzea bertzerik ez zuten erdiesten. Ondorioz, gaixoa, tenkatua zegoen eta ibilera ere traketsa zuen zurrunaren eraginez. Sake prestatzerakoan pilota boteka eta boteka ari zen, abiatzeko momentua ezin asmatuz. Finean, abiatu, jo eta txapapera.

-Kabensos, Jokin! Zoldazu tzarra, azkenkadena, maritxu halakoa!

Eta aitak pilota hartu, jaurtiki amorruz frontisen kontra eta lekutu zen marmarka. Jokin pilota eske joan eta ezkerreko paretaren kontra eseri zen lurrean, negarrez. Xabier, tarte bat utzita, laugarren koadroko arrastoaren ondoan jarri zen. Hola egon ginen luze xamar, bakoitza bere tokian. Jokin gizagaixoa! Inork gutxik bazekien ere, karrikan Tomasen harrokeria eta erasoak, eta etxean aitaren gutxiespenak eta, agian, zanpaldiak jasaten ari zen, nork daki noiztik. Ez nekien zer egin eta hondarrean ondoratu nintzaion sakelan neraman txokolatea eskainiz.

-Jokin, nahi duk pixka bat?

Begiak bustita goratu zuen burua, eta halako gorrotoa eta aiherkundea sumatu nion heldu zitzaizkiola erraien barren-barrenetik begirada gorritzeraino.

-Sartzak hire uzki beltzetik txokolate hori, putaseme alaena! Hoaie porkulo hartzera, marikon!

Harritu eta izuak hartuta, lasterka hasi eta ez nintzen gelditu etxera iritsi arte. Nire arrebatako bi, Ixa eta Amaia, telebista ikusten ari ziren eta haiekin eseri nintzen. Alabaina, nire gogoeta gertatutakoaz buru belarri ari zen. Nire pentsamenduak harriduratik ikarara jauzten ziren. Eta une berean susmo txar bat itxura hartzen ari zen gogoeta zurrunbilo hartan: zorigaiztoko indar beltz batzuk, nolabait, nire aurka itzultzen ari ote ziren?

Susmo horiek egia bihurtu ziren egun batzuk geroago. Igande batean Baltegiko Eneko etorri zitzaidan etxera. Urte bat gazteagoa zen eta elkarrekin ongi moldatzen ginen.

-Pilotalekuan gaudek. Jokinek erran zidak etortzeko; Xabier eta Aitor ere han zaudek. Etorri puntuan jokatzera.

Bi aldiz pentsatu gabe, Jokin berriz lagunkoi zegoelakoan, pozik joan nintzen Enekorekin frontoira eta puntuan hasi ginen jokatzen. Beti Jokinek irabazten zuen, gu baino hiruzpalau urte zaharrago baitzen eta nabari zen. Azkenean, Jokin eta biok gelditu ginen, baina alferrik, beti bezala, bera irabazle. Pilota kontrakatxara joan zen eta ni eske; eta, usteketan, denak lasterka hasi kontrako bidetik eta gorde ziren. Ni bila joan nintzen baina ez ziren inon ageri. Hala ere, ondoko hariztian sumatzen nituen. Bat batean, lauak agertu ziren bide erdian eta Jokinek hartu zuen hitza,

-Ez duk pixarik egin galtzetan, e, pixontzi?

-Nik ez diat sekula egin pixarik galtzetan.

-Zer, gezurtia naizela edo?

-Ez, baina ni ez nauk pixontzi!

-Pixontzi eta maritxu haiz hi, ilupa! Eta gu ez gabiltzak maritxuekin; hoaie amatxorekin, amazulo hori!

-Aitor, erraiok ez dudala inoiz pixarik egin galtzetan. - baina Aitorrek begirada baztertu eta isilik egon zen.

-Hoaie hire arrebekin, marikon! -Jokinek.

Orduan Enekok, niri bizkarra emanez, galtzak jautsi eta ipurdia erakutsiz, “marikon, marikon”, hasi zen oihuka. Denak irri algaraka hasi ziren eta korrika joan nintzen etxera.

Ama sukaldean zegoen, ni zuzenean komunera joan eta negarrez lehertu nintzen. Hamar bat minutu egon izanen nintzen eta atea zabaldu nuelarik hor zegoen ama.

-Zer gertatu da, Pello?

-Deus ez.

-Pello, begiratu niri, laztana, zer gertatu da?

Eta bere gerrian besarkatuta negar zotinka hasi nintzen, txopinari ezin eutsiz, kontsolamendu eske. Ez nekien nola adierazi herriko lagun guziak haserretu zirela nirekin, ez zutela nirekin egon nahi maritxu pixontzi bat nintzelako. Une hartan nire mundua erori eta hondora joan zen. Etxetik kanpo, begiratua eta irrigarri sentitzen nintzen. Ez nuen lagunik, ez herrian ezta eskolan ere; edo, bederen, defenda nintzaten lagunik. Eta, batez ere, banuen zerbait akats, nolabaiteko makets, bertzeen baitan gaitzespen pizten zuena. Maritxu ote nintzen? Nola, bertzenaz, herriko lagun guziak jarri ziren nire aurka? Nire buruarenganako halako lotsa sentipena sumatu nuen. Bakartua, galdua eta gibel-beldur sentitzen nintzen. Lagunekin, ikaskideekin, etxekoekin ez bertze edozeinekin ikaratia ikusten nuen nire burua. Gau hartan amak nirekin egin zuen lo. Nik, aldiz, ez nuen begirik bildu. Biharamunean izua eta itolarria ziren sumatzen nituen sentsazio bakarrak. Eztarria korapilo bat egina nuen, ezer irentsi ezinik. Bortxaz katilu bat Colacao edan nuen eta berehalaxe okaka hasi eta komunera joan behar izan nuen. Amari eskatu eta erregutu nion mila eratara uzteko gelditzen etxean. Baina, alferrik; xarmanki baina irmo, konbentzitu ninduen hobe zela joatea, dena pasatua zela. Ikastolarako bidaia infernu bat izan zen. Ama eta lau anai-arrebak elkarrekin joan ginen autobusera. Simonenekoak ere agertu ziren. Gu sartu ondoren igan ziren haiek, deus gertatu izan ez balitz bezala. Nire ondoan pasatzean bihotza lauhazka zihoakidan, dardarizoa gorputzean, lepoa zurtua eta begiak aitzineko jarlekuan iltzatuak nituen. Kontrolatzen ez nuen indar batek ez zidan uzten nire gorputzaren inongo atalik mugitzen, are gutxiago haiei begiratzen. Nire ondoan Aitor eseri zen, isilik. Eneko bakarrik jarri zen, lotsatua bezala. Gero, eskolako jolas-orduan, ikusi nuen nire gurasoen kotxea aparkalekuan. Aste hartan ez zen deus gertatu. Jokin-eta, azerien gisa, zer gerta ere, poliki ibili ziren arretarik erakarri gabe. Astelehen hartan berean ohatzea busti nuen. Egia zen, pixontzia nintzen.

Hurrengo asteetan haiek bere jokoari lotu ziren; ni euren jostailu. Eta amaierarik gabea ematen zuen bolada luze batean, bakardadean, sufrikario lazgarria jasan nuen. Eskola presondegi bihurtu zitzaidan. Ikasgelan haiek errekreoan nondik joko beldur egoten nintzen, halako moldez ezen irakaslea txotxongilo mutu bat baitzirudien; higitzen zen, arbelean idazten zuen, ahoa mugitzen zuen, baina nik ez nion deus aditzen. Beraz, eskolako nire emaitzak, itzulipurdika, gainbehera batean sartu ziren. Pilota saioak ziren nire bake-toki bakarra, han berriz neroni sentitzen nintzen, eta barreneko beldur, atezu eta zurrundura guziak han askatzen ziren izerdia atera ahala. Eguberri aitzinean tutoreak deitu zituen gurasoak eta, gero, gurasoak egon ziren Mikelekin bere bordan.

Mikel Iruñekoa zen. Informatika eta elektronika ingeniaria izanagatik, betidanik finantza alorrean ibilia zen munduan barna: Geneva, Londres, Hong Kong, New York... Bizitzaren plazer guziak, zilegi zein debekaturik, ezagututa zen. Eta gizakiaren arimaren alde zeken, zikoitz eta gupidagabeenekin jokatu, lehiatu eta moldatu behar izan zuen. Memento batean arinkeria eta doilorkeria guzi hartaz bete zen eta Urkiagan, borda batean, gordeleku aurkitu zuen. Mikelen borda bertze mundu bat zen. Etxebizitza txukun bat egin izanaz landara, NASA-ko aretoen itxurako gela bat ere egina zuen; informazioaren tratamendurako tramankulu klase guzietatik hornitua: irrati, telebista eta satelite bidezko errepikagailuak, telefoniaren antenak eta estazioak, ordenagailuak eta izena ematen ez nekien hainbertze gailu. Hura liluragarria zen niretako, eta noiznahi bisita egiten nion urrutiko solaskide batekin albiste trukaketa egiteko itxaropenaz.

San Tomas egunean Mikel etorri zitzaigun bisitan.

-Pello! -deitu ninduen amak.

-Zer, ama? Egun on, Mikel.

-Begira, Pello, Mikelek zenbait astez lagundu behar dizu eskolako lanarekin, ea bigarren ebaluazioan martxa hobea hartzen duzun, bale?

-Bai, bale, ama.

-Ongi da, Pello, zoazi jostatzera; Mikel, aita eta hirurok eskola partikularreko gorabeherak antolatu behar ditugu eta.

-Agur, Mikel.

Eskolan Jokinen ama, Beatriz, tutorea eta ama elkarrekin bildu omen ziren urrian. Baina ez zuen funtzionatu. Beatrizek borondate ona omen zuen, baina Joaquin...,Joaquin basa piztia gaiztoa zen. Eta etxe hartan denak Joaquinen beldur bizi ziren. Giro hartan hazi zen Jokin eta berari sufriarazten ari zitzaionaren ordaina zen niri, eta gero bertze batzuei, egiten zigun jazarpena.

Nire gurasoek ez zekiten nola irauli egoera hura eta ikusten zuten eskuetatik itzurtzen ari zitzaiela. Hain zen handia nire amaren kezka ezen bere eskarmentua ere kontatu zidala.

-Begira, Pello, ni ere, gaztetan, eraso eta iraindu ninduten eta oso gaizki pasatu nuen. Ni altua nintzen eta horregatik hasi zitzaizkidan deitzen zangoluze, jirafa, ostruka,...eta irain are itsusiago eta gogorragoak ere. Simoneneko Joaquin zen jazarpenaren eragilea, eta hasmenta batean gainerakoak jarraiki zitzaizkion edo isildu ziren. Huraxe zen niri gehien sufriarazi zidana. Gaizki pasatu nuen, bai, baina lagun onak, beldurra garaitu ondoren, adiskideari laguntzen diola ere ikasi nuen. Beraz, egon ziur, luze gabe zure lagunak etorriko zaizkizu, eta gurekin batean, egoera hau konponduko dugu, egia eta fede, Pello.

Biharamunean, arratsaldeko seietarako, Mikel agertu zen etxean eta egongela gure eskolategi bilakatu zen.

-Tira, Pello, ematen du badusula araso bat eskolarekin, baina es da gaitasun falta. Egoera hau gaindituko dugu eta dena bere onera etorriko da. Eta orain has gaitesen.

Mikel, Urkiagara etorriz geroztik, hasi zen euskara ikasten eta oso ongi moldatzen zen, ahoskera trakets samarra bazuen ere.

Mikelen eskola arras diferentea zen eta maiz motz egiten zitzaidan. Akitu orduko biharamunekoa noiz hasiko irrikan gelditzen nintzen. Lehenbiziko hiru ordu laurdenean eskola, eskola zen: ingurune, matematika, literatura,... Bigarren berrogeita bortz minutuetan bere bizipen eta bidaietako pasadizoez aritzen zitzaidan. Niretako pelikula bat bezalakoa zen. Horrela ezagutu nituen Atenasko Partenoia, Borneoko oihanak edo Erromako koliseoa. Eta beti moldatzen zen bere kontakizunak nire egoerarekin lotzeko pertsonaia interesgarri baten bitartez.

-Ongi da, Pello, orain buruari atxeden pixka bat emateko bastertu behar dugu matematika. Badakisu nor sen Epikteto?

-Koteto, bai, nire aitaren laguna. Baina Epikteto, ideiarik ez.

-Epikteto Gresiako filosofo bat sen, gison jakintxu bat. Erroman esklabo egon sen. Esklabutxatik askatu sen eta, bere herrialdera itxulita, eskola bat sortu suen eta oso famatua. Bere ustes, bisitxan ongi moldatxeko bi gausak ongi bereisi behar ditusu: sein gausak dauden sure menean -sure kontrolpean-, eta sein es. Lehenbisikoak saindu, landu eta garatu behar ditusu. Bigarrenei es diesu utxi behar sure baitan eraginik isaten.

-Bai, eta nola dakit zein diren batak eta bertzeak?

-Hori denborarekin ikasten da. Baina, adibides, ser isan nahi dusu handitan?

-Pilotaria, goi mailakoa, txapelduna.

-Pilotaria isatea, sure menean dago; landu, entrenatu eta lehiatu behar dusu. Txapelduna isateko, sure mugak esagutu behar ditusu; agian sure menean dago, edo es. Beras, egin esasu sure nahia, baina esagutu sure mugak.

ondoko aldagela3Mikelen eskolak sendagarriak bihurtu ziren niretako. Burbuila batean bezala nengoen. Konfiantza handia hartu nuen harekin eta jasandako irain eta eraso guziak adierazi nizkion. Hura isilik egoten zen, adi-adi, eta ni ohartu nintzen, kontatu ahala, lasaitua hartzen ari nintzela eta nire sentipen gaiztoak -izua, lotsa, negargalea,..- uxatzen ari zirela. Urte Berri egunean Aitor eta Eneko etorri zitzaizkidan Urtatsak eske joateko, kantari, etxez etxe. Errege Egunerako ez nuen bustitzen ohatzea. Berriz antzematen hasi nintzen alaitasuna eta lagunekin egoteko gogoa. Eguberriak iragan ondoren, eskolarakoan, autobusean Aitor eta Eneko nire ondoan jarri ziren, gero Xabier ere hurbiltzen hasiko zen. Jokin, aldiz, zaharragoko batzuekin jartzen zen. Bere zitalkeria eta zakarkeria handiagotuz joan zen eta hagitz liskarti bihurtu zen, eskolan zein karrikan. Ez zen inoren beldur bere aitaren izan ezik. Baina niri ez zitzaidan berriz oldartu. Bazirudien ikusiezin bihurtua nintzela, desagertua bezala haren begietan. Jokabide horrek harritu ninduen eta noizbait berriz izorratzen hasiko zitzaidala zeharo sinistuta nengoen. Baina, ez, ez zitzaidan jazarri inoiz gehiago.

Nik, Mikeli esker, doi-doi gainditu nuen ikasturte hura eta bere borda nire bigarren etxe bihurtu zen. Noiznahi joaten nintzaion eta bere jarduerari begira nahiz berarekin solas luzetan egoten nintzen. Gero, unibertsitatean hasita, ikasiko nuen urte hartan Mikelek Joaquini egin omen zion bisitaz geroztik Jokinen irainak eta erasoak aienatu zirela. Mikelek Nafarroako enpresa zein finantza alorretan ezagun anitz zituen eta, Joaquin garraiolaria zenez, aise zaputz liezaioke beraren jarduera.

Aitorrek, Enekok, iruinxemeek -agertzen zirelarik- eta bostok talde polita osatu genuen. Xabier ere, bere aitak jakin gabe, biltzen hasiko zen gurekin. Behin, hurrengo ikasturtean, Xabier eta biok etxera bidean gindoazelarik bere aitaz mintzatu zitzaidan:

-Nire aita pilotari aparta izan zitekean, baina pilota bera baino gehiago parranda gustatzen omen zitzaioan, eta bazterreko atetik atera zuan mundu liluragarri hartatik. Nire amak anitz maite zian eta, asko sufrituta, haren ondoan segitu zian. Baina nire aita gizaseme ozpindu eta haserrekor bihurtu zuan.

-Bada, orain gozatuko dik Jokinekin, ezta? Pilotan nabarmentzen ari duk eta hoberenetakoa izatera iritsi daitekeela erraten ditek.

-Ez zekiat, bada; Jokinek aitaren urak ditik eta hura bezala ez ote den akituko beldur nauk.

Hamahiru urte geroago orduan bezain garbi gogoan daukat solasbide hura. Peñen txarangen musikak eta jendeketaren kanta koralak nire burutazioetatik atera naute. Kalpar hezea orraztu, atondu ilea pitin bat eta atera naiz. Aurkakoaren aldagelako ate aitzinetik pasaeran, Jokinek eserita segitzen du, ukondoak izterren gainean bermatuta eta burua besoen artean makurtua, hura menderatu nahizko keinu antzu bat eginez. Orduan garbi ikusi dut bakoitzaren patua gertakari txiki eta erabakigarriz josita dagoela, eta nire jazarlearen tokian egon nintekeela ondoko aldagelan.

Juan Jose Pellejero Goñi

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago