Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
   
pdf    
Paris Sinopsia

Uxue Arzelus Lasa Paris 2017ko Irabazlea

Marikarmen 52 urteko emakume bat da. Postaria da eta bere katu Txuri eta Beltzekin bizi da. Errutinak definitzen ditu bere egunak: goizero iratzargailuak jo baino lehen esnatzen da, katuei jaten ematen die eta lanera joaten da. Etxera iristean telebista piztu eta bere lehiaketa gustukoena jartzen du, sofan eseri eta sudokuak egiten dituen bitartean ikusten duena. Horrela igarotzen ditu egunak Marikarmenek, eta horrela joan zaizkio urteak.

Egun batean, ordea, lanean dabilela, bankuko gutun eta faktura guztien artean atentzioa deituko dion postala ikusiko du. Katu beltz baten marrazkia da, Pariseko helbide bat idatzirik duena. Marikarmenek ezin izango dio tentazioari eutsi eta postala irakurriko du. Mutil batek haren amari idazten dion postala da, haren Pariseko bizitza azaltzen. Marikarmeni mundu berri bat irekiko diote postalek, eta topatu duen interes berri honek haren eguneroko bizitza aldatuko du apurka. Baina errutina batera ohituta zaudenean ez da erraza haustura horretarako lehenengo pausua ematea eta Marikarmen izutu egingo da. Urte luzez eraikitako burbuila horretatik irteteko ausardia topatu beharko du, pausu txikiak emanez bada ere.

1- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – GELA – EGUNEZ

Marikarmen (52) bere ohean etzanda dago, zapaira begira. Ohe indibidual bat da, gela ilun batean. Zaharkituta diruditen maindireek gortinekin konbinatzen dute. Pareta loredun paperaz estalita dago. Iratzargailuaren hotsa entzuten da, baina Marikarmenek denbora pixka baten ondoren itzaltzen du. Ohetik jeikitzen da. Beste garai batekoa dirudien kamisoia darama jantzita.

2- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – SUKALDEA – EGUNEZ

Marikarmen sukaldeko mahai txiki baten aurrean dago eserita, kafea eta gailetak jaten. Supermerkatuetan oparitu ohi dituzten egutegi horietako bat dauka paretean zintzilik, katu forma duen plastikozko erloju baten ondoan. Hozkailuak, eta gailetek Marikarmenen ahoan egiten duten hotsak dira entzuten diren soinu bakarrak.

3- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – EGONGELA – EGUNA

Marikarmenek bi katu laztantzen ditu, maitekiro hitz egiten dien bitartean. Atun lata bat jartzen du lurrean dauden bi katilutan. Katiluetako batean “Txuri” jartzen du, bestean “Beltz”. Katuak jaten hasten dira, bietako bat ere ez da ez txuria ez beltza.

4- KANPOAN – KALEA – EGUNEZ

Marikarmen, “Correos”eko uniformearekin, orgatxo batetik tiraka doa. Atalondo baten aurrean gelditu eta txirrina jotzen du. Zein den esateko aukera eduki gabe atea irekitzen diote, ezer galdetu gabe. Marikarmen orgatxoarekin sartzen da.

5- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – ATEA – EGUNEZ

Marikarmen bere etxeko atea irekitzen ari da pareko atetik Belen (43) irteten denean. Apain-apain jantzita doa Belen, saiatu gabe ere dotore doazen pertsona horietako bat da. Haur garraxiak entzuten dira haren atzean.

BELEN

Marikarmen!

Marikarmenek buelta eman eta irribarre egiten dio Beleni.

BELEN

Dena ondo? Gu lanpetuta, beti bezela. Aizu, mesede bat eskatu behar dizut: zazpitan txikiaren antzerki obra daukagu eta... utzi dezakegu Bittor zurekin? Bi ordu baina gutxiago izango dira.

MARIKARMEN

Noski, arazorik ez.

BELEN

Eskerrik asko Marikarmen. Bat zor dizut. Gero joko dizut atea.

MARIKARMEN

Bai, gero arte.

Marikarmen etxera sartzen da eta atea ixten du.

6-BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – EGONGELA – GAUEZ

Bulldog beltz bat zutik dago sofaren aurrean, arnasa hartzean soinu asko eginez. Marikarmen sofan eserita dago, “sudoku” bat egiten. Telebistan lehiaketa bat entzuten da eta noizean behin Marikarmenek galderei erantzuten die. Txuri eta Beltz haien saskietan daude etzanda. Txakurraren arnas hotsa geroz eta ozenagoa da. Marikarmenek begiratu egiten du.

MARIKARMEN

Sit!

Txakurrak zutik jarraitzen du.

MARIKARMEN

Sit, Bittor, sit!

Txakurra berehala esertzen da. Marikarmenek harro egiten du irribarre. Sudokuarekin jarraitzen du.

7-BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – GELA – EGUNEZ

Marikarmen bere ohean etzanda dago, zapaira begira. Iratzargailuaren hotsa entzuten da, baina Marikarmenek denbora pixka baten ondoren itzaltzen du. Ohetik jeikitzen da.

8- KANPOAN – KALEA – EGUNEZ

Marikarmenek, bere Correoseko uniformea eta orgatxoarekin, atalondo bateko txirrina jotzen du.

AHOTSA

Bai?

MARIKARMEN

Egun on, postaria na...

Atea ireki diotenaren hotsak mozten du Marikarmen. Orgatxoa hartu eta barrura sartzen da.

9- BARRUAN – POSTALAREN ATALONDOA – EGUNEZ

Marikarmen gutunak sartzen ari da buzoietan “Le chat noir” kabaretaren postala ikusten duenean. Katu beltz baten irudia da, azpian Pariseko helbide bat idatzita duena. Marikarmen begira gelditzen da. Irribarre egiten du postaleko katua behatz batez laztanduz. Postalari buelta ematen dio zeini zuzendua dagoen begiratzeko eta berriro ere irudiari begiratzen dio. Postala irakurtzearen tentazioa eusten ari da Marikarmen. Postala dagokion buzoian sartzera doa, baina lehenago buelta eman eta irakurri egiten du.

POSTALA

Bonjour ama! Ça va? Ni hemen primeran. Goiza café batean eserita igaro dut, egunkaria irakurri eta jendeari begira. Hau bai bizitza! Eta bazkaltzeko Claudinen aitak quiche bat prestatu digu... pufff! Aitaren tortilaren mailan.

Muxu bat!

Aitor

Marikarmenek postalari begira jarraitzen du bizilagun batek haren pentsamenduetatik irtenarazten duenean.

BIZILAGUNA

¡Hola!

MARIKARMEN (lotsatuta)

Hola, buenos días.

Marikarmenek postala buzoian sartzen du urduri eta eskutitzak antolatzen jarraitzen du.

10- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – SUKALDEA – GAUEZ

Marikarmen aurrez prestatutako janari pakete bat begiratzen ari da. Tapan zera irakur daiteke: “Quiche lorraine. Listo en 3 minutos”. Sardeska bat hartu eta tapan zulo batzuk egin ondoren mikrouhin labean sartzen du. “Foie gras” irakur daitekeen lata bat ireki eta sukaldetik irteten da.

11- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – EGONGELA – GAUEZ

Marikarmenek foie gras lata Txuri eta Beltzen katiluetan banatzen du. Hauek berehala hurbiltzen dira. Marikarmenek telebista piztu eta lehiaketen katea jartzen du. Mikrouhin labearen txirrina entzuten da eta Marikarmen sukaldera doa.

12- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – EGONGELA – GAUEZ

Marikarmen sofan eserita dago gurpildun mahaitxo bat haren aurrean duela. Quiche-a jaten ari da eta lehiaketako galderei erantzuten die. Noizean behin ahoa paperezko zapi batekin garbitzen du Marikarmenek, jatetxe dotore batean egongo balitz bezala. Katuek haien katiluak miazkatzen jarraitzen dute.

13- BARRUAN – POSTALAREN ATALONDOA – EGUNEZ

Marikarmenek azkar begiratzen ditu gutunak Pariseko postala aurkitu arte. Oraingo honetan argazkia café batena da, bere terrazarekin. “Café de la Flore” jartzen du argazkiaren behekaldean. Marikarmenek ingurura begiratzen du, bizilagunik ez dagoela ziurtatuz. Postalari buelta eman eta irakurri egiten du.

POSTALA

Salut ama! Gaur Montmartretik ibili naiz paseoan eta bazkalorduan Claudinekin gelditu naiz Café de Floren. Jean Paul Sartre eta Simone de Beauvoir gure ondoan eserita zeudela imajinatzen aritu gara. Ahulki hauek horrenbeste istorio konta ditzakete!

Á la prochaine!

Aitor

Marikarmenek liluratuta begiratzen dio postalari.

14- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – SUKALDEA – GAUEZ

Marikarmen sukaldeko mahaiaren aurrean eserita dago, katuetako bat magalean duela. Bestea mahai gainean etzanda dago. Marikarmenek zaharkituta dagoen ordenagailu eramangarri bat du aurrean eta Café de Floreko argazkiak begiratzen ari da. Noizean behin argazkiren bat erakusten die katuei. Simon de Beauvoir jartzen du bilatzailean.

15- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – ATEA – EGUNEZ

Marikarmen etxeko atea giltzaz ixten ari da aurreko atea irekitzen denean. Belen irteten da txaketa lotzen ari den bitartean.

BELEN

Marikarmen!

Marikarmenek izu saltotxo bat ematen du.

MARIKARMEN

Egun on Belen. Dena ondo?

BELEN

Bai, beti bezela. Lanpetuta, badakizu. Mesede bat eskatu diezazuket? Asteburuan kanpora goaz, pasako zinake gure PARIS landareak ureztatzera? Ez dute lan asko ematen baina egunero ureztatzen ez baditut ximeldu egiten dira.

MARIKARMEN

Noski, arazorik ez.

BELEN

Mila esker Marikarmen, bat zor dizut.

Marikarmenek atea ixteaz amaitzen du.

MARIKARMEN

Á la prochaine!

BELEN (harriturik)

A la... bai gero arte!

16- KANPOAN – KALEA – EGUNEZ

Marikarmenek ez du atalondora sartzera itxaroten ere postala bilatzeko. Aurkitu eta irakurri egiten du.

POSTALA

Salut ama!

Sorpresa bat daukat zuretzat. Txapel frantses bat erosi dizut! Bixitan zatozenean emango dizut.

Muxu bat!

Aitor

Marikarmen postala irakurtzen ari da bizilagun bat portaletik atera eta harrituta begiratzen dioenean. Marikarmenek atea irekia dagoela aprobetxatzen du barrura sartzeko eta bizilagunari eskertzen dio begirada postaletik kendu gabe.

MARIKARMEN

Merçi beaucoup!

17- KANPOAN – KALEA – EGUNEZ

Marikarmen harro doa kaletik, gaizki jantzi duen txapel frantses bat eta Correoseko uniforme eta orgatxoarekin. Jendea begira gelditzen zaio.

18- BARRUAN – HARATEGIA – EGUNEZ

Txanda aldaketaren txirrina entzuten da. Marikarmen mostradorera hurbiltzen da.

MARIKARMEN

Fillet mignon.

19- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – SUKALDEA – GAUEZ

Marikarmen sukaldeko mahaiaren aurrean eserita dago, katuak magalean dituela. Ordenagailuan Pariserako tren billeteak begiratzen ari da. Aldamenean Pariseko hainbat gida ditu. Billetea erosten du. Katuei begiratzen die.

MARIKARMEN (katuei pozarren)

Bidaian goaz!

20- BARRUAN- ARGAZKI DENDA – EGUNEZ

Marikarmen argazki denda bateko ahulkitxoan eserita dago, pareta txuri baten aurrean. Txapela jantzita du eta ilusioz beteriko irribarre bat eskaintzen dio parean duen argazkilariari. Argazkilariak kamara aurpegi aurretik kendu eta txapela seinalatuz keinu bat egiten dio Marikarmeni. Honek, apur bat goibel, txapela kentzen du.

21- KANPOAN – KALEAN – EGUNEZ

Marikarmenek pozik begiratzen dio bere pasaporte berriari.

22- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – EGONGELA – GAUEZ

Marikarmen sofan eserita dago txapel frantsesa jarrita duela. Telebistako lehiaketa entzuten da. Marikarmenek liburu bana dauka esku bakoitzean eta txandaka irakurtzen doa. Liburu bat Simone de Beauvoirren “Le Deuxième Sexe” da, eta bestea “Sukaldaritza frantsesa” errezeta liburua.

23- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – ATEA – EGUNEZ

Marikarmen bidaia poltsa bat eta katuak eramateko poltsa batekin irteten da etxetik. Ata ixten ari da paretik Belen irteten denean.

BELEN

Marikarmen!

MARIKARMEN

Ezin dut, bidaian noa!

Belenek harriturik begiratzen dio Marikarmenek eskailerak jeisten dituen bitartean.

24- KANPOAN – TREN GELTOKIA – EGUNEZ

Marikarmen tren geltokiko banku batean eserita dago billetea eskuan eta txapela jantzita duela. Izuturik dago. Altxa egiten da. Zalantza egiten du. Eseri egiten da. Billetea begiratzen du. Bertako langile batengana hurbiltzen da.

MARIKARMEN

Barkatu, hemen hartzen al da Pariserako trena?

LANGILEA

Hementxe, bai.

Marikarmen eseri egiten da berriro ere. Ingurura begiratzen du. Haur bat korrika pasatzen da bere aurretik eta bere gurasoengana doa. Aitak besotan hartzen du. Lagun talde bat elkarri bromak egiten dabil bizkarrean daramatzaten motxila handiak ondo estutzen dituzten bitartean. Marikarmen dagoen bankuan bikote bat esertzen da. Besarkatuta daude eta elkarri irribarre egiten diote. Marikarmenek bere bileteari begiratzen dio, goibel. Hautsi egiten du. Bankutik altxa eta billetea eta txapela botatzen ditu zakarrontzira. Geldokitik irteten da.

25- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA – GELA – EGUNEZ

Marikarmen bere ohean etzanda dago, zapaira begira. Iratzargailuaren hotsa entzuten da, baina Marikarmenek denbora pixka baten ondoren itzaltzen du. Ohetik jeikitzen da.

26- BARRUAN- MARIKARMENEN ETXEA – EGONGELA – GAUEZ

Marikarmen sudoku bat egiten ari da sofan eserita, telebistako lehiaketa entzuten da.

27- KANPOAN – KALEA – EGUNEZ

Marikarmenek ate bateko txirrina jotzen du inongo gogorik gabe.

MARIKARMEN

Postar...

Esateaz amaitu baina lehen atea ireki diotenaren txirrina entzuten da.

28- BARRUAN – POSTALAREN ATALONDOA – EGUNEZ

Marikarmen gutunak buzoietan sartzen ari da. Pariseko postalera iristean begira gelditzen da, atsekabeturik. Buzoian sartzen du irakurri gabe.

29- BARRUAN – MARIKARMENEN ETXEA- EGONGELA – GAUEZ

Marikarmen sofan eserita dago sudokua egiten. Bere ondoan bi katuak eta bizilagunaren txakurra daude eserita. Marikarmenek beti bezala telebistako lehiaketako galderei erantzuten die.

AURKEZLEA

Zein urtetan grabatu zuen haren lehenengo diska The Beatles taldeak?

MARIKARMEN

1962

LEHIAKIDEA

1962

AURKEZLEA

Zuzen! Zein txori da gehien erabili dena meategietako gas kantitatea kalkulatzeko?

MARIKARMEN

Kanarioa

LEHIAKIDEA

Usoa

MARIKARMEN

Ez da zuzena.

AURKEZLEA

Ez da zuzena.

Marikarmenek txakurrari begiratzen dio.

MARIKARMEN (txakurrari)

Kanarioa da.

AURKEZLEA

Adi 2. lehiakidea. Finalera iristear zaude. Galdera hau erabakiorra da. Zure erantzunak baldintzatuko du joko guztia. Horra: zein hiritan ibili zaitezke Luxemburgoko lorategietatik?

MARIKARMEN (burua altxa gabe)

Luxemburgo. 

LEHIAKIDEA

Luxemburgo esango nuke nik... enago ziur...

AURKEZLEA

Erantzun bat behar dugu!

MARIKARMEN (inongo gogorik gabe)

Luxemburgo

LEHIAKIDEA

Ondo da. Luxemburgo.

AURKEZLEA

Hori da zure azken erantzuna?

MARIKARMEN

Bai.

LEHIAKIDEA

Bai.

AURKEZLEA

Ez da zuzena!!!! Erantzun zuzena Paris da!!!

Paris hitza entzutean Marikarmenek burua altxatzen du. Pantailara begira gelditzen da, berari hitz egiten ariko balitz bezala. Ez du aurkezleak dioena entzun ere egiten. Programaren amaierako kredituak azaltzen dira pantailan aurkezleak lehiakidea besarkatzen duen bitartean.Marikarmenek tontotuta begiratzen du pantaila, aurpegian irribarre bat marrazten zaion bitartean.

Beltzera

MARIKARMEN (offean)

Bonjour, je m'appelle Marikarmen et je suis très heureux d'être ici.

30- BARRUAN – HIZKUNTZA ESKOLAKO IKASGELA – EGUNEZ

Marikarmen irribarretsu dago. Ikasmahaien aurrean eserita dauden pertsonez inguraturik dago. Paretetan frantsesez idatzitako posterrak daude. Irakaslearen ahotsa entzuten da ikasleei eginbeharrekoak azaltzen.

GELAKIDEA (Marikarmeni)

Utziko didazu borragoma, mesedez? Desastre bat egin dut ariketa honetan.

Marikarmenek borragoma luzatzen dio irribarrez.

FRANTSESEKO IRAKASLEA

Maintenant on va ouvrir le livre à la page 37.

Marikarmenek irribarre egiten du.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago