Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Harrak

harrakBagoiko paretetan itzaliak daude kandelak, iluntasunak ez du botererik oraindik; egun-argiak badaki, eta horregatik ezkutatzen da argizari itxuraz otzan babesgabean. Metalezko gurpilen aldizkako kirrinka-hotsak sastaka dira belarrietan, oihukatutako elkarrizketak isilarazten dituzte, leiho-xaflak durduzatzeraino. Egurrezko eserleku mardulak, ordea, ez dira kexu, eta gainean dituzte bidaiari trajedunak, soinekodunak, kapela eta pamela buruan dutenak eta, batez ere, irakurleak: egunkariek kolpea jo, eta bazter batean utzi dituzte aldizkariak eta eleberriak. Ezin uka, begi kartsu gosetien bazka dira azken hilabeteetako liskarrak, mehatxuak, tentsioa. Gero eta ke mardulagoa darion sumendiari beha, sutu eta kiskaliko dituen eztanda goriaren zain. Lerro-buruak ohi baino beltzago, lodiago, inprimatu dira. Indarren talkek lurrikara baitakarte, eta lurrikarak itxuraldatu eta higitzen du lurra poliki, ezinbestean, errukigabe. Gizartearenak lurrikararen itxura du lurra hesitu eta beretzat hartu duenaren begietan, lurrean arrakala ikusezinak marraztu eta horiek gurutzatzea ezinezkoa zaionean. Dena ez da betiko, betiko direnean aldaketa garaiak. For the times they are a-changin’. Gerturatzen ari da udaberria. Gerturatzen, momentu gorena. Gerturatzen, harrak zetazko karena askatu eta hegan egiteko unea. Gerturatzen, jaitsi beharreko geltokia. Banan-banan jaisten dira bidaiariak, elkar ez ukitzeko agindua nonbait idatzia omen eta zintzoki beterik. Nekea da bidaiarien bisaietan nabarmentzen dena, nasan haien esperoan norbait izan ala ez, hortxe makilajea aurpegian; igotzen direnak ere berdintsu, keinu leunagoak dituzte konpainian sartzen badira, bakarrik, ordea, salbatuak izateko federik gabe erortzen uzten dira kezken itsasoan. Geltokiak aitzin; atsedenaldiak berdin. Badoan argitasuna; gutxira itzultzen dena. Beste tunel bat. Kanpoko norbaitek bidaiariak dotorezian aztertzen ariko balira bezala dastatzen eta tolesten dituzte kazetaren orriak, munta handiko oturuntzetan bezala. Orriak pasa, eta hizkien gainetik epailearen begi egiaztatzaileak. Mugimendu leun, azkar neurtuak. Dena kontrolpean dago. Aspaldi da arazoak desagerrarazi zituztela. Alegiazko “Kontrolpean” performancearen antzezle bikainak dirudite. Bikainegiak agian.

Antzerkiaren beste figurante bat da bera. Disimulatutako urduritasunarekin heldu dio larruzko maletari, rolari dagokion protagonismo-mailarekin hautsi gabe. Aurrez eta tentuz hautaturiko arropek hala sentiarazten dute: kameleoia landaredian. Soinean gabana, kapela, gorbata eta neurrira egindako distirarekin zapatak. Segurtasun-geruza ikusezinak inguratzen du, artalde-kide mozorroarazten otsoa. Urtetako lana darama maletan, pisuan eternitatea dirudiena. Plana, planaren ordezkoa, ibilbidea, ibilbide alternatiboak, ordezkoen alternatibak, horien egikaritzea. Denbora eman dute atzerrian, prestaketa-lanek prestaketa behar dutelako taxuz prestatuak izateko. Eta orain eskuarteko maleta itxian dago emaitza, ereingo den hazia, haziko den arbola; gutxi barru aske hegaldatuko den tximeleta. Leiho-xaflak aise zeharkatzen ditu burdinezko errailen aieru zoli sarkorrak. Galgari eman dio lurrunezko trenak. Geltoki bat gutxiago; geltoki bat gertuago.

Bidaiariak jaitsi; berriak igo. Bisaia nekatuen trafikoa, beste behin. Berak ere barne-galgari eragin dio, baina ez du hotsik atera erraietako errailak: ez dezaten ezer suma. “Luze egon haiz honetan. Prest hago. Ondo aterako duk!”. Niniek, detekzio-lenteak bailiran, behatzen eta neurtzen dute ingurua nekaezin, segurtatu nahirik trenaren itsasaldi bakoitzean harekin segitzen duten bidaiariak, sartu berri direnak, haien itxura aldatu den, keinuak mesfidati ote, non kokatzen diren, nasako sartu-irtenak nolakoak diren, susmo zipitzik baden. Goiz da segika dituen ala ez jakiteko, guztietatik zein diren antzemateko, ezer egiteko; halere, badaki: gainean izango ditu berandu baino lehenago. Horregatik ezinbesteko zaio burua adi izan eta kalkulu guztiak zintzo egitea: urtetako lana darama maletan. Ezin ezerezean geratu. Eta zerbait baldin badaki, horixe baino ez da.

Dena den, hori baino apur bat gehiago ere badaki; askotan ziurtasun handiaren atzetik kateatutako egia txikiak daude, piramidearen oinarria lez, handia sostengatzen dutena. Badaki besteek ere ez dutela amore emango, zelatariak dabiltzala haren oinatzei usnaka luzaroan. Eta, trenera igo aurretik jada bidaiarien artean baleude? Eta, ezustean, erreakziorako aukerarik gabe atzematen badute? Eta, bera baldin bada bere buruari jarraika dabilena? Zapel azpian ideia gehiegi ari dira jirabiraka, eta, kostan udako berosapak nola, kondentsatzen hasi zaizkio kezkak. Izerdi-tanta potoloa metatu zaio kopeta gaineko ileetan, bidea egin duena bekain, sudur, masailalbo eta kokotsetik amiltzeraino. Hurbildu ahala, hazten doakio hestebarruetako harra. Geldiadi bakoitzean gero eta biziagoa iruditzen zaio maleta barrukoa, gotorragoa, barruan gordetakoak kanpoko argia usaindu eta hegalak ernatuko balitzaizkio bezala.

Badoan argitasuna; gutxira itzultzen dena. Are tinkoago eusten dio eskuarteko maletari. Ez daki noizbehinkako dardara hori esku dardaratiarena ote den edo maleta barrukoarena. Beste tunel bat. Iluntasunean bagoia. Izerditanta oparoak lepatzean, erreskadan. Iluntasunak oparitu dion aukera profitatu, eta musuzapiarekin lehortu du urduritasunak busti nahi izan duen azala. Tripetako harrari hegoak ernatzen antzeman diezazkioke. Hark ezin du ezer gehiago egin, ordea. Itxarotea. Besterik ez. Berehala utziko dio hegan egiten.

Argi gorri eta epelak. Arrastiria eskuin-leihoan. Azken argi- printzak dira, bidaiari batzuentzat zinez benetakoak. Irakurtzeko profitatzen dituzte eguzki hondarrak, inork ez dielako agiri batean biharko eguna inola bermatu. Kazetetan begiak, eta hiru dira irakurrienak. Hiru hitz nagusi, lerro-buru bakoitzean: erreboltariak, aztoratzaileak, matxinoak.

Adorez bete zaizkio birikak. Une erabakigarria, erabakitzerik balute. Ideologia eta pentsamendu kontrajarrien talka. Trenbide berean bi konboi. Azpijokoa eta pultsuak. Gehiegi tenkatutako sokak hausten dira. Gainezka datozen ibaiak ezin gelditu. Urtegian arrakalak nekaezin arrailtzen jarraitzerakoan, gauza bakarra egin ahal da soilik: gehiago ez pitzatzea erregutu. Gogoak uholdearen olatu bustia ekarri dio iruditara, oraina hotzez blaitzeraino erreala. Astinaldia maleta barruan, barrukoak bizia hartu eta hondamenditik ihes egin nahiko balu bezala. Gogorrago eutsi dio. Oraindik ez da ordua.

Leihoaren bestaldean gaua izanik ere, bereak dira atsedenik hartzen ez duten bi begi zelatari, hurrengo geltokia azkena izateko desiran. Argitasun goxoaren epelak besarkatu, eta lokartu ditu zenbait; minutuak aitzin, gero eta gehiago batzen direnak gauaren aterpera. Piztu dituzte bagoiko hormetan zintzilikatutako kandelak, eta horrekin batera usaimena: eliza-usaina. Elizek, kandelaz gain, beti piztu izan dituzte pertsonaren bi alde ezkutuetako bat: mezan esna jarraitzeko ezintasuna ez bada; aitortzeko behar geldiezina, ezinbestean.

Apaltzen hasi zaizkio zaldi suharraren bihotz-taupadak. Kandeletako argi dantzariarekin batera doitu dira begiak, pisutsu, gerturatu ahala bareago, lokartuago, erosoago, hostoa uretara abaildu nola bildu zaizkion arte. Birikak larritasunarekin hustu, eta estreinakoz sentitu ditu lehertzeraino airez. Lepatzeko giharrek tenk egoteari utzi, sosegua eman, eta suabe hasi zaio burua erortzen, harik eta kristal hotzak erorialdia gelditu arte. Lotsati hasi da hats-lurruna kristala lausotzen, jakin gabe izan daitekeela haren etorkizunaren ispilu.

Ez daki ziur zenbat denbora izan den lo. Dakien bakarra da luzeegia izan dela, baina ez hormetako kandelak itzaltzeko bezainbeste. Bagoian gau izaten jarraitzen du. Ez du argiak esnatu, ez mugimendu arrarorik ez bat-bateko balaztarik, bi bidaiariren arteko elkarrizketa marmartiak baizik. Lokartuaren plantak egiten jarraitzea bururatu zaio onena, begiak itxita atentzio guztia berbaldiari emana:

–Egoerak ez dauka itxura batere onik –ahapeka emakumeak, bisaia poliki atzera eraman du espioika, lepoa leun bihurritu eta niniak ertzaren mugetaraino, bista korridore luzean galdu arte–, baina momentu batetik bestera gertatuko da kalean entzun dudanagatik! –ahotsa nabarmen jaitsi, kasik ezpainak irakurrita soilik ulergarri.

–Une erabakigarria da, eta badakite! Eskura duten guztiarekin geldiaraziko dituzte! –musuaren mugimendua ezkutatu du lodikotearen biboteak, gorbata egokitzeko plantak egiten ari dela–: Gobernua izututa dago! Oso hurbileko lagun batek aipatu dit atzerritik norbait datorrela guztia iraultzeko asmoz– begiak handi-handi.

–Hala balitz! Ohartu al zara zenbat polizia dagoen geltoki bakoitzean zelatan? –hasierako itaunaren bolumena arras altuagoa izan da gainerakoa baino, esaldiaren hitz bakoitzean bolumena jaitsi, ia entzunezin izateraino. –Muga bera ere zeharkatzea ameskeria hutsa da! –xuxurla, eta aizto zorrotzarekin moztu da elkarrizketa.

Gurpilen kirrika-hotsak gainezka egin du bagoian, gertakizun zalantzagarriren bat iragarri nahiko balio bezala. Ireki dira aurreko konboiarekin lotzen dituen ateak. Gizon zahar uniformeduna azaldu zaie ate-zulotik, arropen koloreekin bat datorren txapelarekin, zilar koloreko helduleku metalikoa eskuan: txartel-ikuskaria. Lehen lerroko bidaiariari bidaia-txartela eskatu dio; ondokoari, lo zerraldo dagoenari, bi kolpe zurrun eman dizkio sorbaldan. Esnatu, eta albokoaren ekintza kopiatu du.

Bidaia-txartelaren bila hasi da galtzetako patriketan. Bost lerroko denbora dauka. Desegiten hasitako gozoki likatsuak eta jandakoen bilgarriak baino ez eskuinekoan; ezer ez ezkerrekoan. 4 lerro. Saiatu da alkandora-kanpoko bi poltsikoetan: ezta ere. 3. Hurbiltzen nabaritzen du trenikuskaria; sekulako abiadan urruntzen geltokia. Dardara gobernaezinean esku izerberak, bare ezin belaunak, ihes egiteko prestatzen ariko balira bezala. 2. Ametsetik esnatzen ikusi du bere burua, inguratzen duen guztia zurrunbiloan atalez atal desegiten. 1. Hainbeste lan, neke eta burukominen ostean, ezin beren lana bide-bazterrean geratu. Hemen da. Ohartu gabe parez pare. Oharkabean denborarik gabe. Ikuskaria hizketan hasi zaio; baina berak ez du ezer ulertzen; ez dio arretarik ematen; ezin dio arretarik eman. “Non demontre sartu duk!”, bere buruari presaka, eskuak arakatutako poltsikoetan berriz ere arakatzen. Arrastorik ez.

Tximistargi isil itsugarria da burmuina zeharkatu eta ideien sarea argitu diona: “Gabana barruko sakelean!”. Grinatsu sartu ditu hatzak. Hantxe aurkitu du: oihalezko musuzapia. Bidaia-txartelik ez. Bereak egin du. Bukatu da. Trumoizkoak iruditu zaizkio ikuskariaren hitzak. Ozenagoak izan arren, ulergaitzak. Dardara luze sarkorra sentitu du maleta barrenean, barrukoak instante horretan bizia hartu eta soilik hark ulertuko lukeen mezu ezkutua bidali izan balio bezala. Irmo eutsi dio maletari. Ikuskariaren izotzezko eskua nabari du sorbaldan. Ametsaren gainbehera da. Badaki. Arrapaladan pilatu zaizkio ikuskariaren hitzak, belarri-zuloan trumilka, burmuinean ordenan sartu ezinik. Maleta are gogorrago astintzen da barrendik. Ezin dio tutik ere ulertu. Arnasaldia berreskuratzen saiatu da, ohiko egoerara itzultzen, berreskuratzen zuhurtzia:

–Barka, gizona, ongi al zaude? Uste dut bidaia-txartela eleberri-orrien artean duzula, hor, orri-markatzaile gisa– irribarretsu, hatzarekin adierazi dio alboko eserlekua.

Bisaia liburura zuzendu, eta hortxe dago billetea: eskura eman dio zuzenean. “Barka iezadazu benetan. Ez nago ohituta bidaia luzeetara. Zeharo akiturik uzten naute”, bere burua desenkusatu, eta eskuarekin egoki orraztu du ile nahasi izerbera. “Ez kezkatu, gizona! Uste dut egun nahasi hauetan denok gaudela apur bat urduri”. Tiketa zulatu dio. Zulagailuaren metalak oihartzun egin dio garunean. Diosal egin dio, burua eta sorbalda pittin bat bermatu eta bi hatzekin agur-keinuaz gorantz ukitu txapela. Adrenalinaren ajea garunean, ikusmena lausotzen eta zorabiatzen. Astiro-astiro altxa, maleta esku batez eutsi eta korridoreko ertzetan sostengatuta aitzinera. Jipoialdia sentitzen du gorputzeko zelula bakoitzean, beruna bezain astun burua, egurra bezain zurrun hankak. Kandelak piztuak daude, hark erreparatzen ez badio ere, zentzumen guztiak kimaturik eta izatea ikuskatzailearen oroitzapen durduzagarriarekin izoztuta. Bagoirik bagoi aurrera, kafetegia da hurrena. Bat-batean ohartu da oraindik munduan bizirik dagoela, arnas egiten duela, osorik dela, egitekoa bete behar duela. Kontzientzia gorputzera itzuli ahala, ezpata ikusezin batek erdibitu dizkio hesteak. Mundura itzuli da, eta horrek gastu handia dakar. Taberna-bagoi ondoko komunari erreparatu dio. Atea ireki eta barrura. Akaberaren irudikatzeak, harekin jolaskerian ibiltzeak, amildegi ertzean haizeak aurpegia ferekatu eta desagertzearen bertigoa sentitu izanak arindu dizkio sabeleko hodiak eta torlojuak: beherakoa. Hustualdia nahikoa ez eta botalarriak erraiak botatzera behartu du. Zurbil. Garbitzeko txorrotari eragin, eta ispiluari begira geratu zaio. Ohi baino kolorgeagoa begitandu zaio bere figura, norbait gorputzetik tiraka bizia erauzten ariko balitzaio bezala, arima biluzia begi bistan utzirik. Eskuahurretan ura jaso, eta aurpegia freskatu. Ispiluari begiratu dio: mamuaren antz handiagoa duela iruditu zaio. Beste behin errepikatu du prozesua. Kopetan hasten zaizkion ileak ere busti ditu trenaren triki-trakarekin. Gurpilen kirrika ozena sabaitik etorri zaio; ondoren, haize-ufada batek tupustean kolpatu dio aurpegi bustia. Gora begiratu du: leiho erdireki bat dago. Begiak itxi ditu haizeak biziberri dezan.

Suspertzerakoan, aurpegia mahukarekin sikatu, eta tabernabagoian sartu da. Kandelen sugar ahulek argiztatzen dute barrua, munduaren alde ilunean egotera madarikatutako arima errariak. Alde batera eta bestera mugitzen da tren karrankaria, sehaska kulunka baldar eta herabea. Alderrai dabil, loak hartu ezineko arimekin. Barran tolestu ditu besoak, bertan topatu du alegiazko oreka. Zerbitzari gazteak bista galdua du konboi barruan, eta edalontzi luzea lehortzen du eternitatea garbitzen erabilitako trapuarekin. Edan nahiko lukeen eta behar duenaren arteko kalkuluan dabil, elkar gurutzatuko ez duten bi errail: likorea eta kafea. Hitzik egin gabe, pentsamendua irakurtzeko gai bailitzan, hari zuzendu zaio ezerezari begira ari den zerbitzaria. “Kafe-huts bikoitza, mesedez”. Gaur ezin du lokartu. Bigarren hori ez dio esan, baina esan gabekoak ulertzen trebatuta dirudi eta irri egin dio: “Amesgaiztoen beldur, jauna?”. Begira gelditu zaio, haren niniek bera zeharkatu eta horma bilatuko balute bezala. “Kafe-huts bikoitza, harrak elikatzeko ez dago parekorik!”. Ahaztu zaio zenbat gau daramatzan begiak itxi ezinik. Kafea edalontzi luzean, kea tximinia lez atera eta blaitzen dio sudurra: larregi txigortua, begiak itxita ezin ziur jakin kafea edo hautsontzia ote den. Tragoa eman dio, beharra nahia baino gehiago baita. Ez daki zeinentzat ari den edaten. Harra elikatzen eta handitzen nabari du. Bigarren tragoa eman dio. Zerbitzariak irri egiten dio ezerezari. Aguanta lezake beste gau bat. Azkenekoa. Egun-argitan jaitsiko da azken geltokian, egun-argitan ezinezkoak argiago dirudielako, egun-argitan tximeleta izateko jaio baitzen harra.

Oin arteko maletak dar-dar egin du, eguzki-izpiek kili egiten dutenean bezala. Kafe-hondarrei begiratzen dio tarteka, patua ale beltzen amaraunean irakurtzeko desiran. Zerbitzaria, horren berri balu bezala, bakarra izan da tinko zutik zentimetro erdia mugitu gabe irauten. Galgari seko eman dio lurrunezko trenak. Oreka galdu eta berreskuratu dute bidaiariek. Geltoki bat gutxiago. Ezker leihotik, paisaia laua ikus dezake, eguzki-izpi mehe indargeak ortzi-mugetan, iluntasunaren aurkako borroka gordin odoltsuan; eskuinekotik, makina bat polizia nasan. Guztien burua dirudienak keinu mehatxagarria egin dio makinistari. Banan-banan miatzen dituzte jaisten ari diren bidaiariak. Bagoi bakoitzeko ateak munstroaren aho dira, eta miatzaileak letagin. Bi lerro zuzen daude: nasatik konboira igo behar direnak, eta nasara jaitsi nahi dutenak. Nasako harlauza zapaltzeak bidesaria dauka, eta jagoleari zalantzagarri zaion guztia erakutsi behar dio. Halako legeak agintzen du lerroan: bidaiaria garbiak pasea lortu, eta atzekoari pasatzen dio susmagarriaren zama guztia. Oso ezagun egin zaizkio jaistea amets duten bi bidaiari: hizketaldiko bikotea.

Galdera galderaren atzetik doala igar dezake tabernabagoiko kristalaren bestaldetik. Maldan behera tamaina eta abiadura handitzen ari den elur bola da polizien keinu bakoitza. Jagoleen zalantza aienatu beharrean elikatzen doa unetik unera, mesfidantzaren itzala gorpuzten eta gaizkilearena hezur-haragitzen. Inork ezer espero gabe, polizia-buruak hatz erakuslearekin trenean sartzeko keinu egin, eta bagoiaren buruan murgildu dira sei morroi. Badaki zerbaiten bila dabiltzala. Eta nahi dutena topatzeak izozten dizkio oinak, erraietako harra beldurrarekin elikatzen. Atzera-kontaketa da jagoleak aurrez aurre izatea. Edalontzi luzea garbitzen ari den zerbitzariak hari zuzendu dio begirada galdua, errealitatearen beste geruza batean balego bezala: “Amesgaiztoen beldur, jauna?”.

Nasako bikotea, aldiz, paper ugari ari da arropetatik ateratzen, jagole-buruaren oniritzia jaso nahian; baina haren apeta aseezina ezin edonola bete, eta maletak irekitzeko agindua eman die. Ez aurrera ez atzera gelditu dira, eta horrek baimena eman dio ondoko morroiari maleta bortitz kentzeko. Maleta tiraldi gogorraren ostean kendu, eta kolpe batez ireki du. Makina bat liburu astun erori da nasako harlauza gainera, ametsek porlanaren kontra jotzen dutenean bezala. Korridorera altxatu du begirada orain, eta han ikusi ditu sei morroiak ondoko bagoia zelatatzen. Bitartean, polizia-buruak liburuak hartu eta begirada bota die: liburu debekatuak dira. Irria marraztu zaio ahoan. Handik eramateko keinua egin die morroiei. Galtzarbeetatik heldu, eta eraman dituzte, haien irudia bagoiko hormak ezkutatu dion arte.

Soldaduek kolpean ireki dute atea, nor diren eta zer egin dezaketen dudarik balego, denak uxatzeko. Gainerakoen harridura neurtua zirriborratu du haren aurpegiak. Beste kafe bat eskatu dio tabernariari, gainerakoen aurpegikeinuak kopiatuz, argi-itzalen jolaskide. Kafetegi-bagoi hasierakoak miatzen dituzte arimarik gabeko begiradarekin. Gainean duten guztia izan daiteke susmagarri, kolore eta ezaugarri bereko artaldearen berdintasunarekin aldentzen dituena beldurgarri. Morroietako batek txistu motza jo du, eta armaren puntaz erakutsi die gizaseme bat, hilabeteak moztu gabeko bizar nahasi eta arropa zarpail eta lisaldiaren premian.

Antza, erreboltariaren alegiazko deskribapenean ezin trenean hautagai aproposagorik topatu. Hormaren kontra jarri dute, eta goitik behera miatu. Garbi dago. Garbi, baina zikin. Zer gerta ere trenetik jaitsi dute sorbaldetatik eutsita. Badaramate. Gainontzekoak gertakariaren ikusle isil eta otzanak dira, hobe ez ezer egitea, ez ahotsik altxatu, badakite-eta hurrengoak izan daitezkeela. Hobe horrela. Erreboltaria nasako harlauzaren gainera jaurti, eta burua gogor kolpatu du zoruarekin. Polizia-buruak makinistari egin dio keinu. Normaltasunerako deiadarra aireratu du lokomotorretik datorren txistuhotsak. Aise itzuli da ohiko murmurio leuna konboira. Zer gerta ere, inork ez du ikusitakoari buruz hitz erdirik egingo. Abian jarri da lurrunezko makina martxan. Poliziak eta soldaduak nasan, trena aitzinera, bagoiko hormak irentsi ditu. Aienatu dira, izpirituak bailiran; nahiz eta jakin, mamu gaiztoak beti itzultzen direla. Badaki. Geltoki bat gutxiago.

Bagoirik bagoi atzera ari da bere eserlekura. Goizaldeko eguzki-printzek bete-betean zulatzen dute kristala. Hormetan itsatsiriko kandelak itzali dituzte, eta prentsa irakurtzen amorratu dira bidaiari nekaezinak, ordainsaria jasoko balute bezala. Haren eserlekua zena ikusi du, zerbait ezberdina dauka, ordea: bidaia-txartela liburuaren lehen orrian dauka. Norbait izan du zelatan denbora horretan guztian. Bista altxa du: bidaia-lagun gehiago eta ezberdinak ikusgai. Bizitza osoa jazarleak belarri atzean izateak halako eskarmentua dakar: bi hautagai bereiztu ditu begi kliska batean. Ez doaz batera: bata aurreko eserlekunan; bestea atzekoetan. Inguratu dute, ito nahi dute, xake-partidaren amaieran halabeharrez zokoratu eta zutik dirauen azken pieza da. Kikildu beharrean, adoreak bete du. Bigarren kafeak kitzikatu dio burmuina. Badaki. Otzan-otzan, egurrezko jarlekuan eseri, eta ondoan utzitako liburuari erreparatu dio, eta baieztatu: orri-markatzailea ez dago hark utzitako lekuan. Badakite zein geltokitan jaitsiko den. Eroso egokitu du bizkarra zurezko eserleku hotzean, oin artean utzi maletatxoa. Liburua ireki eta begiak irakurtzen ariko balitz bezala pasatzen ditu lerroen gainetik. Mentalki birpasatu du plana. Hiru geldiadi baino ez.

Bizitzan zerbait ziurra badu, trenaren ibilbide zehatza da, txiki-txikitatik hasi baitzen tren horren bidaiari izaten.

Buruz dakizki bidea eta geltokiak, baita horien arteko tarteak eta denborak ere. Ez da erraza izango. Zeinek esan du erraza izan behar duenik? Ezaxolatiaren plantak egiten dituzte, begi arruntetan benetakoak diruditenak; agerikoak, jarraituak izatera ohiturik dauden ninietan. Liburua itxi, eta kalez jantzitako polizia gabardinadunaren sorbalda ukitu du otzan eskuarekin. Txunditurik itzuli da kalez jantzitako polizia. Are nahasiago maletadunaren aurpegi atsegin eta irribarretsua parez pare ikusterakoan. –Barka, gizona, ba al dakizu zenbat gelditzen den azkeneko geltokira iristeko? –ahotsa apur bat jaitsita, erdi ahapeka, atzeko kidearen arreta pizturik. –Ba –erlojuari begiratu dio, eta ageriko buru-kalkulu faltsua egin–, berrogei minutuan hantxe izango garela espero dut, gozo jarriko zait emaztea bestela! –itzuli dio irribarre behartua.

Eskerrak eman dizkio. Lortu du lehenengo harria bidean jartzea; iritsiko dira besteak. Buruz daki ibilbide guztia, zeintzuk diren xehetasunak, argitasunak, iluntasunak, denborak. Minutu eskasean, lau izateari utziko dio bideak, lautadaren asperdurarekin hautsiko duen lehenengo mendi izugarriak irentsiko ditu, bideko tunelik luzeenak; eta aukerak, aukera diren heinean, aprobetxatu beharrekoak dira. Aldameneko leihoa jaitsi du, bagoira sartzen den haize hotza galtzarbe bustietara zuzendu eta lehortzeko. Haize-ufadak ilaje oliotsu izerditzen hasia astintzen dio; eguzki-izpi ahulek, bizirik sentiarazi. Gainerako bidaiarien begirada txarrak eta esamesak bereganatu ditu ezinbestean. Ez dira nahiko konboi barruan haren kontrako ekintzarik sortarazteko; kontrara, zenbaitek kapela kendu eta eskertu dute aireberritzea. Eleberria irakurtzeari berrekin dio. Amaituko baldin balu, laugarren aldiz irakurria izango luke. Eta badaki gaur ez dela egun hori izango. Barne-erlojuak gutxi barru izango dela dio. Maleta astindu da barrutik. Tripak uzkurtu zaizkio, harra itotzeraino ia. 3, 2, 1. Badoan argitasuna; gutxira itzuliko dena. Tunelean.

Belarrietatik iritsi zaizkie lehen berriak: presio-aldaketa eta harrabotsaren oihartzun itzela; aldiberekoa izan da sortutako iluntze erabatekoa. Urpekariaren kristal hautsitik ura nola kolpean hartu du burniaren kexu zoli belarri zulatzaileak bagoia. Gorreria latzenean. Argigabetasun beltzenean. Harra eroso dago. Maletari heldu, eta korridorean aurrera. Botere bereziekin sentitzen du bere burua, ikusezin, entzunezin, egoeraren kontrola eskuetan. Gogoan tatuaturik dauka bagoiaren mapa, iluntasunean ikusteko gai bailiran begiak, automataren gisa, badakizki distantziak eta eman beharreko pausoak, bere kolkorako segundo oro zenbatzen. Lehen bi bagoiak zeharkatu ditu pausu bizkorrean. Urrunean, hil ondorengo argirantz bailihoan, kafetegi-bagoiko argiaren ñir-ñir ahula ikusi du. Hesteak kiribildu zaizkio zirrararekin, harrarekin poza elkarbanatzeraino. Maletaren dardarizo lehorrak astindu du, eskumuturra mintzeraino ia. Azkarrago eta isilago mugitu da, ezin denborarik galdu, eta kafetegibagoi aurreko komunean sartu da. Atea itxi. Giltzarrapoari eragin. Arnasa sakon hartu. Eskura dauka, eta badaki. Mugitu egin da maleta.

Komun-zuloko tapa jarri, eta gainera igo da. Tuneleko airea pisutsu sartzen da leihotik, trenaren gurpilak kexu dira errailetan, eta borborka ari da komuna. Haizeak jotzen dio aurpegi izerdituan, leihoa eskuekin heltzeko iparrorratzik onena. Itsumustuan ari da sabaia eta pareta ukitzen: leihoa erdi-irekita dago. Topatu du egurrezko biraderatxoa, leihoa guztiz irekitzeko beharrezkoa. Gogor eragin dio, herdoil bustiaren errekastoa eskumuturrean behera sentitu du potolo. Leihoa ez da zirkinik mugitu, gehiago dirudi hari desafioka ari zaiola kateatuta dagoela baino. Hortzak estutu ditu, kopeta zipriztindu dio herdoil zorrotada batek: hautsi du biraderatxoa. Leihoaren goiko bi ertzak eskuekin helduta zintzilikatu da. Gora eta behera egiten du, gorilaren antzera, pisuarekin leihoaren erresistentzia hautsi eta irekitzeko. Bosgarrenean lortu du komuneko leihatila askatu eta erabat irekitzea. Tuneleko harrabotsa zuzenean sartzen da orain, hormak desegiteko mehatxuarekin. Lurretik zentimetro eskasera leihotik zintzilik. Askatu ditu hatzak eta komun estuaren zoru gainean jarri bi oinak. Ezin du denborarik galdu. Maleta hartu, eta heldulekuari kosk egin dio hortzekin eutsiz, txakurrak hezurra nola. Belaunak bermatu ditu, bizitza osoa balioko dion jauzia egiteko asmoz. Maletaren heldulekua hortz artean, salto egin eta leihatilaren zuloari heldu dio: hatzak tren kanpoan dauzka. Katuaren abileziaz igo da leiho-zulora, eskuak beheko markoan itsatsita. Gorputza ahalik eta erosoen kokatu du azken bultzaldirako. Begiak itxi ditu kontzentratzeko, leihoarekin bat egiteko. Laster aterako dira tuneletik. 3. Burni-talkaren oihartzuna gutxika aienatzen. 2. Presioa aldatzen belarrietan. 1. Klaxon-hotsa airean.

Zuzenean jipoitu du eguzkiaren argi itsugarriak. Azkenik, txikitako bidaietan hainbeste liluratutako lakuaren uretan bainatu ahal izango da amari baimena eskatu gabe. Maletaren heldulekua hortzekin are tinkoago eutsi, leiho-zuloko hormetan atzerantz bultzatu, eta leihotik kanpo amildu du bere burua. Itsaslabarretako jauzilariaren arteziatik gutxi du haren saltoak. Saiatzen da, baina adrenalinak ez dio begiak ixten uzten. Hankak eta besoak gora eta behera darabiltza, zakur hasiberria uretan nola. Abiada hartzearekin batera, maleta eskuekin hartu eta besarkatu egin du. Zubi-gaineko trenbidean urruntzen irudika dezake trena, atzean uzten ikatzaren laino-beltza, bidaiari irakurleak, kalez jantzitako bi poliziak, mehatxarien hatsa lepatzean.

Larruazalak lakuko ura ukitu baino lehen bete zaizkio ahoa, sudurzuloak eta patrikak. Lakuaren ur lodiek, hormatzen hasiak baleude bezala, galgatu dute ezinbestean. Aingura sentitzen da, ezin ur-azalera igo, pisutsu, errukigabe hondoratzen. Gabana lodia kendu du bitan pentsatu gabe; kontu handiz, beso bat lehenik, bestea ondoren, maleta sekula askatu gabe. Haitza baino astunago hondoratu da erantzitako gabana; bera, aldiz, fisikako legeak bultzaturik azaleratu da, maleta besarkatu eta barruko aireak lagundurik goraino. Arnasa hartu du presaka, birikak airez azkarren betetzeko txapelketan balego bezala. Bista altxa du, lehorra ikusi nahirik. Estasiatuta dauka trenetik ihes egin eta leihotik lakura salto eginik bizirik atera izanak; eta iheslariak buruak oparitutako kemen-dosia aprobetxatu du igerian urertzera ailegatzeko. Oina buztinean paratu, eta lorpenak estasiatu du. Lakua darama trajean, astun, busti eta hezetasun usainekoa. Buru-kalkulu azkarra egin du, nora jo behar duen asmatzeko. Trenbideari eta urruneko mendiei begiratu, eta landa-bideari ekin dio, trenez egin beharreko bidea oinez egiteko. Pauso bakoitzak lokazten dizkio zapatak eta galtza-barrenak. Hozkiak erdibitzen dio bizkarra, haizetxoak traje blaitua larruazalaren kontra lekeda nola itsasten dionean. Jaka erantzi eta eskuan hartu du; bestean maletatxoa darama. Goizeko eguzki indartsuak lehortuko ditu bere arropak, gaueko hotzaren etsai. Eguzki-izpi epelek maletatxoaren kanpoko hezetasuna lurruntzen dute, hura hotzikararekin uzkurtu eta bat-batean astintzeraino. Hautatutako norabidean oinatzak uzten ditu atzean, izpiek aise idortzen dituztenak, hura handik pasa izanaren arrastoa eternal bilakatu nahirik. Pauso bakoitza inoiz baino gehiago begitantzen zaio iragana. Pausoka etorriko dira iragan berriak. Pausoka izango da gertuago. Pausoka izango da betiko.

Pausoka iritsi da gaua, ustekabean, gertatuko dena eta gertatzea nahi ez duena bereizi ezinak diren mugarrian. Hego haize leuna lagun du bidaiaren azken pausoetan. Ilargi beteak gauari zilarrezko kriseilua zintzilikatu dio. Betierekotasuna darie inguruko zuhaitzei, masustondoei, bideko harriei, hontzaren uluei, baita bere itzalari ere. Denek dirudite gau horretan preso, ilargiaren sorginkeriatik ihes egin ezinik, gau eternalera kondenatuak, egunsentia inoiz gehiago ez ikustera zigortuak. Belaze eta bide bazterreko ihintzaren dirdirak ortzia eta izarrak islatzen ditu, geruza mortuarekin biltzen lurra, erloju-orratzak izoztu eta etorkizuna baleuka esperoan, dena haren bisitaren zain egongo balitz bezala.

Orekatutako mihisea begi-aurrean. Orekatuegia, agian. Atzean pauso-hotsak entzun ditu. Gelditu egin da hobeki entzuteko. Pauso-hotsak dira, bai. Ez dago bakarrik. Arindu du pausua. Pauso-hotsek ere berdin egin dute. Zango aztoratuek lurreko hauts bustintzen hasia larritzeraino harrotu dute. Zangokada bakoitzak patuarekin hurbiltzen du. Bidearen amaiera begitantzen zaio, eta, estuasunean bizirautearren, lurrazpiko pasabide iluna erakutsi dio ilargiak ihesbide bakar gisa. Mendi-errekaren murmurioa sortzen dute oinatzek; itsas-labar gaiztoaren firfira tuneleko haize hezeak; amildegian behera burua bota izanaren amaigabetasuna oihartzunak. Maizago, astunago, gertuago. Gainean suma dezake harrabotsa; gainean, zama. Ez daki atzetik segika ala aurrez aurre datozkion pausohotsak. Astindu egin da harra. Tinkoago eutsi dio maletari. Gertu du helmuga. Gertu, egitekoa betetzeko unea, lekua. Gertu ditu lagunak, ametsak, beldurrak. Gertu, tunel bukaera. Gertu, mehatxariak. Gertu, pistola-segurtagailaren zaratotsa. Gertu, pistolaren mutur hotz lehorra garondoan. Gertu, bi pauso besterik ez, lurrazpiko pasabidetik ateratzetik gertu.

Jokoan guztia galdu duenaren molde berean iltzatu zaizkio zangoak lurraren gordinari, lurrak haren izatea eskatuko balu bezala zorrak kitatzeko. Trenean kalez jantzitako gizonetako bat da. Hura bertan akabatzeko mehatxu mutuarekin eraman du itzalpetik argira; kalez jantzitako bigarrena zain dauka kanpoan. Hamar pauso, besterik ez dira. Bat dira garondoa eta kanoia. Garaipen irribarrearen hozkiak bultzaka darama kanpoan dagoenarengana. Lerroartean irakurtzen badaki. Baita harrak ere. Dar-dar sorgorra egin du maletak. Hark ere badaki. Iritsi da ordua. C'est fini. –Bizirik atera nahi baduk, emadak maleta oraintxe bertan! - atzeko gizonak, kanoiaren hotza garondoan zanpa.

–Bizirik atera nahi baduk, emadak maleta oraintxe bertan - hausnarkor, biek garbi entzuteko moduan-: barkatuko didazu atrebentzia jauna, baina uste dut gaizki erabili duzula mendeko perpausa.

-Hara! Gaizkilea izateaz gain, zer gehiago haiz, ba: filologoa? -aurrez aurreko poliziak, pozoinaren lika ahoan. -Ni filologo? Nire izena idazten dakit-eta soilik. Nik zetazko harrak hazten ditut jauna, tximeleta askeak bilakatzea da nire egiteko bakarra, mundu arraro eta ilun honetan.

Lehertu beharrean egin dute barre kalez jantzitako poliziek.

–Ez dituk gure baldintzazko esaldiak ulertu nahi, bistan duk. Hi haiz gure mendeko. Ea aginterarekin nola moldatzen haizen: emadak maleta puta hori! Hamar arte zenbatuko diat! –Akaso ez didazue ongi ulertu, jaunak. Zomorroak biltzen ditut, larbak. Horiei hostoak jaten emat.

Hamar arte zenbatuko zutela agindu zuten, eta hamarrera iritsi baino lehen sartu diote lehenengo bala bekokian. Beste bi balen aieru mingarria entzun da, burua satorrak lurra nola zulatu dizkiotenak. Ez diote lehenengo balaren hotsa entzuteko aukera eman. Eta dagoen tokian dagoela, eskertu egin du. Zerraldo erori da lurrera, onena emateke zuen zuhaitz gazte moztu berriaren gisa. Maleta du adarrik trinkoena, eta tinko oraturik dauzka hatzak. Indarka saiatzen dira maleta askatzen, baina, oraindik munduan bere egitekoa betetzeke baileuka, hildakoen artetik tira eta ez die uzten maleta eramaten. Tiraldi bakoitzean odolaren errekastoa elikatzen dute, buruko bala-zuloak iturburu dira. Odolaren bidea oparo eta oliotsua, sekretuak ezkutuan garraiatuko balitu bezala. Odolaren uretan hasi dira sorginkeria diruditen mugimendu nimiñoak ematen. Mugimendu txikiak zerbait handiagoan gorpuzten hasi dira ilargiaren argi zilarkaran, odola haragitu eta forma hartzen ari den bizigaiaren karena askatzear. Har txiki odoleztatuak begitandu zaizkie kalez jantzitako poliziei, izuaren gordailu jagoleen hizkuntzan. In crescendo etengabean sorginkeria.

Labana atera du bietatik izutuenak. Aiztoaren ahoak eskumuturraren barnealdea musukatu eta harritzarrarekin hasi zaio kolpatzen, harik eta eskua, maletaren heldulekuari atxikirik, erauzi dion arte. Eskumutur erdibitutik, odolak bere errituala egiten jarraitzen du, potoltzen, elikatzen, bizia hartzen ariko balitz bezala. Astirik galdu gabe ireki dute maleta. Bat eta bi. Maletaren kisketak askatu, eta zabaldu dute garaipenaren distira begietan.

Armak espero zituzten poliziek, isilpeko dokumentuak, dirufardoak, mehatxagarriaren familiako ezer; baina hustasuna topatu dute haien begiek. Hustasuna. Eta horren atzean, hildako gorpu bat, erraietatik bizia borborka askatzen ari zaiona. “Erre egin behar diagu!”; “Hi baboa haiz, suaren argitasuna eta arrastoak ikusiko ditiztek!”; “Lur emango zioagu hango masustondoen babesean!”; “Ez zitzaidak hoberik okurrituko bizitza osoa horretan pentsatzen emanda ere.”.

Beldurraren palakadak dira zuloaren egileak. Begirik ez diote kentzen odola borborka ari zaion gizonari. Gero eta nabariagoak dira odol azpian handitzen ari diren koskorrak, gorpuaren sabelaldean, buruan, sortzen ari diren konkorrak, kanpora atera gosez hazten ari direnak. Beldurraren paladek adorearenak baino eraginkorragoak dirudite, eta gorpua gordetzeko lain zulatzeko balio izan dute. Biren artean gorpua hartu eta zulora bota dute. Maleta ere bertan askatu dute, oraindik hatzek heldulekuari oratzen diotela. Lurrez estali dute dena, eta ondoren masustondo inguruko sastrakak bortxaz mugitu dituzte, lur mugitua ezkutatzeko. Beldurraren palak sorbaldan pausatu dituzte bi gizonek, eta ñir egin dute ilargiaren argi ukiezinarekin, haiek ulertzen ez duten hizkuntzan, hegan egin nahi duten harrei diosal egin eta zetazko hegalak laztantzeko irrikan.

Mikel Gartziarena

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago