Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
HITZAURREA
Gizakiaren jatorriari buruz dugun teoria Atapuercan aurkitutako hortz batengatik kolokan dago. Milioi bat eta berrehun mila urte omen ditu eta horrek agerian utzi du hominidoak Europara uste baino askoz lehenago iritsi zirela. Asko eta garrantzi handikoak dira azken urte hauetan aztarnategi horretan azaleratu dituzten gure arbasoen hondarrak, hainbeste, ze horietako hezurdura bat, duela gutxi, Homo antecessor-rena zela baieztatu baitzuten.
atapuerca1    

Euforia honetan, hortza eskuan, antropologo batek “... la buena...” adjektiboarekin kalifikatu zuen hemendik aurrera emango duten teoria. Bere zintzotasuna eskertu nion, eta neure buruari esan nion: ospakizunetan daude. Beharbada, aurkezpen honetan garbi geratu izan zena zera da: egun erabiltzen dugun hipotesia indarge geratu dela.

Jarraian, eszeptiko geratu nintzen, zeren eta nire ibilbidean metatu diren susmo txar guztiak buruan, denak batera, elkarrekin kolpatu baitziren. Gauza da hipotesi berria, “la buena”, eraikitzean, oztopo handiena ez dela munduan zehar aurkitutako hondakinen ahulezia eta urritasuna izango, baizik eta, gure ibilbidea aztertzean, gure historia interpretatzean, edota hipotesiak berrikustean, egiatzat edo ontzat eman ditugun erantzunen  artean, horietako iritzi batzuek mugitzeko izaten duten inertzia.

Askotan, honelako gaietan sartzean, ia konturatu gabe, sobera baldintzatuta gaudela iruditzen zait: kreazionismoa edo eboluzioa; hizkuntzak, Babel dorrean Jainkoak emanak edo gizakiak eginak; Adan eta Eva edo lehenengo gizakiak; arraza desberdinak, bai ala ez... Horiek izan baitira, hain zuzen, gure erreferentziak.

Dena den, planteamendu berria jakin baino lehen, ongi iruditu zait  neure zeretan arakatzea, batez ere, puntu eztabaidagarriak bereizteko; eta, hori eginez, “la buena” hori zenbateraino ona den baloratzeko gauza izateko.

Baina hasi aurretik, eta lehengoari jarraituz, azpimarratu nahi dut nola aurkikuntza berri batengatik dena hankaz gora jarri den. Oso deigarria, oso esanguratsua dela iruditu zait, eta, horrexegatik, hain zuzen, abisu moduan sikiera, gure helburua lortzeko inoiz ez dugula nahiko aztarnarik, nahiko daturik izango esango nuke eta, nola edo hala, beti hipotesian arituko garelakoan nago.
 
botoia1
J.M.Munarriz

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago