Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 DENBORAK EZ DU INOIZ ATSEDEN

poesia_lopetegi.gif 
I
Harat-honat zabiltza egun osoan,
burutazioen agindupean;
beharbada, denbora harrapatu nahi duzu,
beharbada, berreskuratu baino ez duzu nahi
baina,
denborak ez du inoiz atseden,
amets baino ez den etorkizuna iragan bihur bailezake horrek
orain heldu baino lehen.

Iraganari begiratzeak pizten ditu
gomutak eta penak;
harri zaharren orroak,
herri erien irriak
behatuz,
urrutiko lurretan ezagutu genuen elkar,
eta,
inguru haietako biluztasunak
gure nahien gosea, gure grinen egarria
naretuz,
bere erraietan ezkutatu zituen erabat.

Zer ginen,ez dut gogoan;
eraman genuen oro joan zitzaigula dakit,
edo,
ahanztura jabetu zela guztiaz.
Harri zaharren orroa,
herri erien irria
dut gogoan.

Eguneroko ezerez soilaren handitasunak baino
ez zituen harrizko arima haiek babesten,
eta zu, ni,  gu...
egunerokotasunetik ihesi
harat joan ginen,
uste baino hutsalkeria gehiagoren zale,
nahi baino behar handiagoaren jabe,
eta hala ere,
haien premia genuen;
ezerez gorrienean murgildurik,
ez zutena ere eskaintzen zigutenen beharra genuen.

II

Harat-honat zabiltza egun osoan:
lau gurpilen gainean,
oinez,
edo besterik ezean,
burutazioen agindupean.
Burutazioak: agian, oporraldi batean
amestu genituen ilusio galduak.
Beharbada, ez ziren galdu;
beharbada, ezinezko ilusioak ziren: utopiak.
Denborak ez du etenik; agian,
denborak izango du inoiz utopia ezagutzerik.

Hego-haize bihurriaren esanetara legez,
alderrai bizi zara aspalditik nire ondoan;
ezerk ez dizu atsedena bermatzen,
atsedena zer den ere
ahaztu duzula esango nuke,
baina, hemen jarraitzen duzu,
isilik, ene ondoan.

Aspaldian ni ere mutu nauzu;
isiltasunaren hots uhinak sumatzen ditut,
baina,
oihartzun hori zail da ulertzen
eta hala ere, alboan,
beti zain naukazula haizeak esango dizu.

Zure etengabeko hegaldiaren norabidea
asmatzeko gai izan nahi nuke,
baina,
ez dakit horrek lagun zaitzakeen,
ez dakit nahi duzuna hori den,
ez dut zure hegaldiaren oztopo izan nahi;
zurekin, berriro,
harri zaharren orroak,
herri erien irriak entzun daitezkeen lurretaraino
egin nahi nuke hegan.
 

poesia_lopetegi1.gif  poesia_lopetegi2.gif

 

     

 poesia_lopetegi3.gif

III
Harat-honat zabiltza egun osoan,
aspaldiko oroitzapenen mirak harrapatuta,
aurretiko ilusioen gatibu,
egunerokotasunean murgildurik bizi garenekin ahaztuta,
erabat itsu.
Harri nintzela amestu nuen noizbait,
irria galdu nahi ez zuen harria;
izan ere,  horrelako euskarriak
geldi, sendo, gogor babes zezakeen herria,
eta,
sufrikario, oinaze zein gabezia menperatuz,
tinko susper zezakeen ahulenen bizia.

Orain, ordea, ez dut harri izan nahi.
Harriak mugitzen ez badira ere,
zapaldu, zulatu eta kolpatzen dituzte
eta erraien orroa entzuten dugun arren,
ez dute gu bezala sentitzen.

Zerk lotzen zaitu?,
harri zaharren artean bizi genuen iraganak?
oharkabean dihoakigun orainak?
gure ametsetatik ezaba ezin dugun etorkizunak?

 

Denborak ez du inoiz atseden
eta horregatik, bederen,
erantzun behar didazu
eta esan
zertan ibili garen oker,
zertan huts egin dizudan,
zenbat denbora hartu beharko dugun,
berriro,
gure arteko isiltasun arrotz honi emateko atseden.

Denborak ez du etenik,
ozta-ozta ematen baitigu betarik jarrai dezagun amesten;
beharbada, berak
inoiz izango du utopia ezagutzerik.
Zuri,niri, guri…
zahartu zaizkigu ametsak,
ezinezko ilusioak galdutzat jotzen ditugu,
baina,
oraindik orain, bizirik diraute oroitzapenak,
eta etengabeko borrokak
nekeari eransten badio samina,
berreskuratu besterik ezingo dugu egin
harrien erraietatik zurgatu genuen kemena.
Denborak ez du inoiz atseden.
 
poesia_lopetegi4.gif Anttoni Lopetegi 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago