Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
ARMA TIRO PUN!  (Bertsoak)

Doinua: Juana Bixenta Olabe 
 
 

I 

Udazkeneko hego haizea,
hotzeria, gripea ta… ehizea!
Zerura jasoaz begirada,
urruti gabe ikusgai bada
hamaika kirten,
orain urte bi, iaz ta aurten,
Soria, Etxalar edo Otzaurten
.

 

 II

Goizeko bostak, ohetik altxa,
igandea izateko, hau martxa!
Leihoa ireki, zerura so,
giro onik ez dago akaso,
“berdin da, baina,
konkista dezagun mendi gaina,
hauxe bai urte sasoi bikaina!”


 

III 

Hau da burrunba aldapan gora,
4x4 munstro bat igaro da…
Mercedes, Toyota edo Kia,
aparkatzako non da tokia?
Hau zorte txarra!
Postutik urrun txoko bakarra,
bertara oinez igo beharra…

 IV

 Sei mila euro ehiza postua
beste bi lagunekin adostua.
Eskupeta, berriz, neurrikoa,
Eibarko label jatorrikoa.
Hemen edo han
kamuflajeko janzkera modan,
nork esan Joxe edo Rambo dan?

 

Hasera behar bezalakoa:
ezer baino lehen hamarretakoa.
Txorixo ta saiheski zatiak,
aiztoaz egoki ebakiak,
ta edaria?
Ardoa, nahi beste, ugaria,
Magno titare bat oparia.


VI 

Mendizale bat aldapan behera,
soinean kolore biziz gainera.
Ez badu berunik probatu nahi,
aldegitea onena du, bai…
Kontuz, bestela,
zeri tiro egin ez duela
hor da ehiztari moxkor tropela.

 

VII 

Pasea aurten, zeinen eskasa,
aurkitu beharko denborapasa…
Mendi baliabideen guru,
bete nahiko lukete mukuru
onddoz saskia,
uso zain daude, sobran astia,
lurtar bihurtu da sarraskia…

  

 

VIII 

Noizbait tiroen hotsa alboan,
arreta zeruko uso saldoan!!!
Kitto hitz-aspertu ta diskurtso,
errekamarara bi kartutxo,
Arma, tiro, pun!
“aspaldiko, sutauts usain kuttun,
eraits itzazu usoak txukun.”


 

IX 

Txakurrek behar orain araka,
sasi arte guztietan usnaka.
Uso bakarra dute aurkitu,
honek arazoak sortu ditu,
nork bota ote?
Usoari galde dakioke,
“noren berunaz egin dek txoke?”

 

 

X 

Bizkarreratu, etsita, arma,
badoaz postuan utziz aztarna.
Dakusat hamaika botila huts,
kartutxo, plastiko, azal, errauts
errepasoan…
Gaitzerdi ehiza gure basoan
ez den luzatzen urte osoan!

 

XI 

Herrira heldu eta etxera
gosez joan baino lehen bazkaltzera.
Nahiz usorik bota ez izanak
barnean sortu dizkien dramak
ezin ezkuta,
zalapartaka eta oihuka,
tabernan hasi, tabernan buka…


XII

Udazkeneko igande ero,
horrelaxe dabiltza igandero…
Naturari eraso hordia,
tiropitxoiaren parodia…
Ehiza, aukeran,
kirola bada dioten eran,
nork esango dit kirola zer dan?



 
Gorka Azkarate
 

 
 
 
 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago