Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
rodriguez_14.gif
 
 EPAIXKA

Gurutzetan
Ordu erdiko bidaia egin ondoren arratsaldeko lau eta erdietan heldu gara istripuaren lekura. Heldu garenean bost bat minutu itxaron behar izan dugu suhiltzaileek burdinen artetik gidaria atera arte. Tarte horretan ohatila eta tresneria guztia hurbildu  dugu eta, era berean, suhiltzaileekin zein zaurituarekin hitz egin dugu lehen balorapena egitearren.

«Suhiltzaileen eta poliziaren arabera, zauritua kontziente egon da une oro. Lehen azterketa egiten aritu naizen bitartean laguntzaileak kateterea jarri eta sueroa sartzeari ekin dio; ondoren, ornoak babesteko idunekoa jarri eta baita hanka inmobilizatzeko ferula jarri ere. Lehenengo ebaluazio honetan zera antzeman diot: ezkerreko hankaren femurrean haustura irekia odol-jarioaz eta ezkerreko besoaren ukondoan bost bat zentimetroko zauri irekia».

«Kasu hauei dagokien protokoloari jarraitu diogu bai anbulantziaz kanpo baita barruan ere. Zauritua gai izan da bidaian zehar nire galderei koherentziaz erantzuteko eta ohiko galderei zein elkarrizketa arruntari jarraitzeko. Hasieran min handia zuela esan digu; berehala nolotil sartu diogu kateteretik. Segituan antitetanikoa jarri diot ezkerraldeko ipurmasailean. Geroago, eskubiko hankaren odol-jarioa eteteko bere pisuari zegokion tronbina dosia jarri diot. Kasu hauetan normaltzat jo genezakeen bezala joan da dena harik eta ospitalera iristear geundela bihotzekoak eman dion arte. Desfibrilatzailearen laguntzaz eta adrenalina infiltratuz bere senera ekartzen saiatu bagara ere, ospitalera sartu dugu.

«Nire ustez —horrela jakinarazi diet larrialdietako kideei— gu heldu garenerako odol asko zuen galdua eta, ohatilan jarri bezain laster, ferula ipini baino lehen, odol-presioari eusteko ezker hankan torniketea egin badiogu ere, bihotzak huts egin dio».


Gurutzetako Ospitalean
2005eko otsailaren 5ean
G. Odriozola Dr.


Inauterietan

- Ezetz ba! Eeee-zeeetz! Ez duzu entzun? Putakume hori kendu zaitez nire gainetik! Aaaagg!
Ezin arnasa hartu.
- Aaaagg.
Putakume honek itoko nau, ito nahi nau.
- Uztazu arnasa hartzen. Bai; geldi egongo naiz. Ez naiz mugituko.
Eutsi, bizirik irten behar duzu hemendik, utziozu egiten, bestela larriagoa izango da. Amore eman, dena duzu zure aurka. Arnasa hartu, sakon, eta gauza guztien gainetik ez negar egin.
- Bai, errepikatuko dut zurekin batera. «Bon voyage».
Bai, bidaia modukoa da. Berriro? «Bon voyage».
Ez, mesedez, ez; honezkero nahikoa umiliatu zaitu, ez negar egin. Irentsi malko guztiak baina ez negar egin.
- Ezin dut gehiago, atean jotzen dut.
Ez saiatu, seguru ez dagoela ez Epaixka, ez... Kotxeak pasatzen dira, baina ez dira gelditzen. Ama, maite zaitut.
- Saiatuko naiz, baina ia ez dago lekurik; zuregana, bai.
Bai, hemen da pizgailua; zarata egin gabe. Agian mugitzeaz batera. Astiro. Barrura. Badago, minutu bat gehien jota.
- Bai, «bon voyage».
Nora? Errepidera. Ez badator kotxerik? Hobe mendi aldera.
- Ez, ez dakit… Ez, ez diot inori esango.
Orain. Gogor... eutsi... ez askatu. Orro egin dezala putakumeak.
- Eeez! Ez nazazu hil. Baarkaatuuu... Aaagg. «Boonn vooyaagg»
- Nor zara zu?... Non nago?... Hau burukomina, zeregin didazue buruan?... Ze egun da gaur?... Emadazu eskua mesedez, ez utzi bakarrik. Eskerrik asko... Ez itzali argia. Nire amari deitu. Eraman nazazue plantara.
Ez dut hemen egon nahi… Badakit, medikua naiz ni ere.
Anestesiaren eragina, seguru. Bizirik nago. Eskerrik asko ama. Maite zaitut…

Bidean

Lasai zaitez, ez da larria. Hezur pare bat hautsita dituzu eta odola galdu duzu. Ez duzu kezkatuta egon behar. Errekuperatuko zara arazorik gabe, ikusiko duzu. Ez zaitez lokartu. Hitz egin. Hitz egin nirekin eta ez itxi begiak. Nola duzu izena?... Zure aita bezalakoa, esan duzu?... Ez kezkatu, ordu erdi barru ospitalean izango zara eta laster etxean errehabilitazioa egiten. Zerbaiti alergia al diozu? Tira; umorea behintzat ez duzu galdu, medikuez gain beste zerbaiti? Antitetanikoa jarri behar dizut infekzioa ekiditeko, saiatuko naiz minik ez ematen mugitzean... Ez zaitez lokartu... Kontaidazu, zertan egiten duzu lan? Epailea esan duzu?

Putakume halakoa! Mila bider putakumea! Hi haiz hi inauterietan bortxatu ninduena. Begira non topatu haudan. Ze nazka ematen didaan... Segi zure lanarekin. Ez etsi orain. Segi... A ze nazka ematen didaan. Putakume halakoa; hilko haut oraintxe berton. Hi ez haiz bizirik helduko ospitalera. Ezta pentsatu ere. Ez duk merezi.

Mina? Derrigorrez. Femurra hautsita duzu... Bai, infekzioa ekiditeko. Zer da hemen duzun marka hau? Txertoa esan duzu?

Bai zera!, eta ni Teresa Kalkutakoa, notejode! Eraztun konzentrikoez osatutako txertoa... txerri halakoa.
Denbora asko daramazu justizia ematen?... Horrela esaten duzue epaileok: justizia eman, ezta?... Bai horixe! Urte asko dira, bai. Sasikume nazkagarri horrek, seguru nagon disfrutatu egiten duala hire justizia ematen. Txerri basati horrek!

Begira, betidanik kezkatu nau justizia-ematearen prozedurak. Beti-beti justizia eman behar al da?... Beti?... Aurrean nor duzun begiratu gabe?... Berdin dio nor den?... Bai, jakina!... Horregatik adierazten al da justizia benda batez begietan? Begira, hori ez nekien. Banekien bendak oso garrantzitsuak direla medikuntzan, bereziki zauriak sendatzeko; baina ez nuen uste justizian ere hain garrantzi handia zutenik.

Laster batean jakingo duk hik ere justizia ematea zer den. Ez dakik ongi zenbat aldiz amets egin dudan honen moduko une batekin. Ez dakik ongi zenbat aldiz isuri zaizkidan negar malkoak. Hire kotxe nazkagarri hartan irentsi nituen guztiak. Justizia. Hitz ederra hire epaiketa-gelan harro erakusteko, baina hire moduko txerriek urrutitik ere usaintzen ez dutena.

- Nere, tronbina jarriko diot hemorragia eteteko; adi egon konstanteei, mesedez.

Eta hiri, sasijustiziero merke txerriori, belarrira xuxurlatuko diat hire justiziaren epaia: «bon voyage».

Alfredo Rodriguez Landa

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago