Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

aurreskua  
Irudia: Kristina Fernandez  
AURRESKUA  
Zenbait hilabete lehenago, egoitza aldatze prozesuak ekarri ohi duen deserosotasuna nozitu zuen gure lantokiak; aldaketa, itxura batean behintzat, onerako zela jakiteak jasangarri bilakatu zuen aldaketa egun haietan bizi izandako zalaparta. Izan ere, Deba ibaiak bustitzen duen haran hertsi eta sakonetik Donostiako Miramongo talaia eguzkitsura egin baikenuen, gauetik goizera, jauzi. Leihorik gabeko eraikin zaharkitutik, uneoro Igeldo, Urgull, eta, zerumugan, itsasoa ikustera, alegia.
 
Horrela, zenbait hilabete eta gero, eraikin berria inauguratu egingo zela (azkenean!) jakin genuen; oihartzun handia izango omen zuen ekitaldi batez inauguratu ere, alajaina. Albistea lantokiko txoko guztietara hedatu zen abiadura berean zabaldu zen inaugurazio ekitaldi garrantzitsura nor eta, Lehendakaria bera, besteak beste, etorriko ote zen zurrumurrua. Nagusiak berak baieztatu zidan aidean zebilen zurrumurru hura bere bulego dotorera dei egin zidan arratsalde batean. Inaugurazio ekitaldia hizpide hartu bezain laster uxatu nuen bilera hartara eramandako errezeloa.

 

Eraikinaren inaugurazio ekitaldia egingo diagu hilaren 17an, Lehendakaria etorriko duk, beste zenbait politikari ere bai, ohikoa duk harrera unean aurreskua dantzatzea, badakik, hi dantzaria haizela entzun diat, polita huke, kanpoko inoren bila hasi gabe, gutako batek dantzatzea, hik dantzatuko duk, ala? Zer diok?

Arrazoi zuen nagusiak, dantzaria nintzen aspalditik eta herrian makina bat saihesbide, gasolindegi, industrialde, giza irudi zein erakusketa inauguratu nuen urtetako jardunean, baita hamaika bikote ezkonberriri eliza atarian aurreskuaz harrera egin ere. Baina dantzari herrikoia nintzen ni. Eroturik egon behar zuen nagusiak noren eta Lehendakariaren aurrean dantzatzeko prest egon nintekeela uste bazuen.


Baiezkoa eman eta bulegotik irten nintzen pentsakor.

Hausnarketa sakona eskatu zidan hartu berri nuen konpromisoaren benetako neurriaz jabetzeak. Zirrara berezi batek zeharkatu ninduen goitik behera, sabelean tximeletak sorraraziz, ordenagailuko sagua itxurazko normaltasunez mugitzen saiatzen nintzen bitartean. Lankideen dena jakin nahiak ere urduritasuna areagotzea baizik ez zidan eragin nagusiari hitza eman osteko egunetan. Aurreskua Lehendakariaren aurrean, bejondeiala!
 
Eguna hurbildu ahala, probasaioak gogortu nituen, hartutako erantzunkizunaren zama geroz eta pisuago sentitzen bainuen bizkar gainean. Bezperan ohetik altxatu eta ondoezik (erabat gaixo ez esatearren) nengoela egiaztatu nuen arte: hotzikarak, sukarra, doministiku serie amaigabeak, gorputz osoko kabiletako mina… Negu hartako eguraldi (b)eroak eragindako gripearen zantzu agerikoak, laburbilduz. Kaka zaharra! Baina nola arraio egingo dut nik bihar dantza, nekez banaiz zutik egoteko gai?

Etxeko botikari astindu ederra eman nion bezperako arratsalde hartan; txistulariarekin azken probasaioa eta prest egun handirako. Prest, baina ez sasoiko. Gogoz, baina ahalmen gutxitua mugarri. Gaur Egun albistegia baino lehenago oheratu nintzen, amonak egindako artilezko txanoa buruan, neguko barruko arropa lodienak soinean. Gorputza berotu ezinik, hala ere. Berehala hartu ninduen loak, biharamunean egin beharrekoaz burkoarekin solastatzeko tarterik gabe.

Amak bezperan egoki lisatutako dantzari jantziak poltsan sartu eta majo kostata egin nuen lanerakoa; trenean bidaiatze hutsa nekeza zitzaidan oso gorpuzkera harekin. Hura zen ezintasuna, hura buruko mina eta gorputz osoaren etengabeko dardarizoa. Aulkian jesarri eta, bertatik mugitu gabe, orduak igaro zitezen itxaron nuen, harik eta Lehendakariaren ailegaeraren gertutasunak lantokiko aldagelara joanarazi ninduen arte. Arropaz aldatzeak hotz sentipena areagotu baino ez zidan egin. Bordatudun lihozko alkandora eta apreta zuriak, eta galtza, gerriko eta txapel beltzak. Luzapen eta beroketa zentzugabeak. Aldagelako igarobidean egindako azken probasaio azkarra. Norbaitek goitik ordua da esan zuen arte.
Akats nabarmenik gabe egin nuen dantza; nire jardunak ez zuen, baina, inolako dirdira apurrik izan. Tamalgarria. Okerrena, ordea, ez zen modu hartan dantza egin izana, hala dantza egin izanaren arrazoiaren inguruko azalpenik eman ezina baizik. Hobeto dantza egiteko gai naizela jakin behar du, Lehendakari Jauna, baina kontua da… Alferrik. Aurpegi onena erakusten saiatu eta sekretutxoa irentsi beste aukerarik ez nuen. Txapela erantzi eta burua makurtu nuen, agintarien txalo artean, txistu doinua amaierara heldu zenean. Hiruzpalau urrats eman eta bostekoa luzatu nion Lehendakariari. Igarriko zituen, agian, nire aurpegikeran hotzeriaren zantzuak.
Inaugurazio ekitaldiak aurrera egin zuen harrera haren ondotik. Nik ez nuen gainerakoa jarraitzerik izan, gripeak behin betiko irentsi baininduen dantza egiteko unean emandako su-etentxoa agortuta. Etxerako bidea hartu nuen, artean ospakizunek zirautela. Ondorengo bi egunak ohetik altxatu gabe igaro nituen, eta astebete inguru behar izan nuen birus malapartatu haien azken hondarrak guztiz kanporatzeko. Aurresku garrantzitsu hura dantzatu izanaren bidesaria ote?
Gorka Azkarate 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago