Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
gotzaina1.gif  
Irudia: Kristina Fernandez  
 
IRATXO ETA GOTZAINA 
Guztiz aztoratuta zebiltzan gurasoak, urduri zein pipertuta, inoiz ikusi ez nituen bezala. Txikia nintzen, sei urte baino ez nuen; baina edadeari jaramonik egin gabe, edozein unetan eta edozein arrazoigatik (nolabait esatearren) errieta egiteari ekin zioten. Ez nekien zergatik, eta egia esateko, galdetzera ere ez nintzen ausartu.

Negar-malkoek aurpegia urratu zidatenean, ordea, amonak maitekiro laztandu ninduen, bere magalean eserarazi, ezker-eskuinera begiratu, eta:

- Gotzaina dator —esan ahapeka, norbaitek entzungo ote ziokeen beldur bailitzan.

Ahoa zabaldu nuen eta neure burua bildu, ikarak jotako animalitxoak egingo zukeen modura.

- Deabruaren morroia al da, amona? — galdetu nuen, nik ere ahapeka.

Bat-batean aulkia goritu balitzaio bezala, jauzi egin zuen. Aitaren egin, eta:

- Ama sortzez garbia, ora pro nobis — esan.

Larritu egin nintzen.

- Baina nondik atera duzu holakorik?

Hitz haietan, amonaren bihotz-taupadetan izua trabatu zela antzeman nuen.

- Zer da, ba, gotzaina?
Ahotik oharkabean erori zitzaidan galderak piska bat lasaitu zuen.

- Ez al dakizu, ala? Jainkoaren mandataria da gotzaina.

Ahoa zabaldu nuen berriro, orduan Jainkoa haserretuko ote zitzaidan beldur.

***
Sekula ikusi nuen mahairik apainduena zen hura. Jakin, ez nekien sikiera etxean halako mahai-oihal, ezpain-zapi eta mahai-tresnarik zegoenik. Une batez, ipuin bateko pertsonaia nintzela pentsatu nuen. Zorionaren hegadak atximurka egin zidan ahoan.

Baina ez nuen gustuko bertaratu zuten lurrina, guztiz ez erreala baitzen: naturaltasunak hanka egina zuen (ala etxetik bota zuten?, pentsatu nuen neurekiko).

Ez dakit zergatik baina Jainkoaren mandatariak altuak izango zirelakoan nengoen; azukre koloreko bizar luzeak izango zituztela; udako ortzea bezain urdinak, begiak; zuriz jantzita ibiliko zirela; eta ahotsa, txioaren antzeko izango zutela. Baina hura nahiageba nirea, etxean gotzaina sartu zenean: txikia baitzen oso, oinak ipini zioten baloi baten antzekoa; ez zeraman bizarrik; atzera orraztuta beltzak ziren ile bakanak; arratoiarenak ziruditen begiak gauaren kolorekoak zituen; beltzak (baita ere!) praka eta gainontzekoak; ahotsari zegokionez, belearen karranka zirudien. Gainera, herrena zen. Eskuin aldeko hanka alfer samarra zeukan, zeinen ondorioz makila ikusgarri bat zeraman.

- Zein da txikito hau? —galdetu zion.
- Zi-zigor —erantzun nuen totelka.
- Zigor?!—betartea zimurtu zitzaion.
- Eser zaitez mahaiburuan, Benardo — esan zuen aitak, piska bat aztoratuta.
-Bekatu izango litzateke honelako mahaiari muzin egitea —gotzainak. Irribarreak, otsoarena zirudien ahoa jarri zidan begi-bistan.

Mahaiburuan jarri zen, aitak esan bezala; eta makila goratu. Inor joko ote zuen
beldurtu nintzen.

- Hartu makila, etxekoandre:
denetan gogorrena,
esku trebeek landua
guztien artean ederrena;
hartu, etxekoandre,
gotzainaren makila,
trinkoa eta esanekoa.


Sekulako poemaz oparitu gintuelakoan antza, barre egin zuen zalapartatsuki. Gurasoek biziki txalotu zuten; baita amonak ere. Erotu ote ziren pentsatu nuen.

Tximiniako apalean utzi zuen amak gotzainaren makila.

Aitaren egin zuen amonak; konortea galdu amak; aitak, begiak sutan zituela, ukabilkada batez lurrera bota zuen gotzaina. Nik, ordea, inoiz baino gustuago barre egin nuen.
Juan Mª Zunzunegi  

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago