Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
amildegia  
Irudia: Kristina Fernandez  
 
AMILDEGIA ZEHARKATU,EZIN  
Inoiz irakurriko ez duzula dakidan arren, ez zait erraza gertatzen zuri idaztea. Hala ere, egin behar dudala sentitzen dut, honek askatuko bainau, ziurrenik, barru-barruan daramadan pisu astun honetatik. Egian esan, benetako askatasuna hitz hauek irakurriko bazenitu lortuko nukeela iruditzen zait, baina badakizu, koldarra denak bizitza guztia pasatzen duela beldurrak jota, benetan bizi gabe. (Une batez, idatzi nahi ditudan lerroak irakurtzen imajinatu zaitut eta jarri duzun aurpegia hain izan da harridurazkoa, ezen aurrera ez jarraitzea erabaki baitut. Nahikoa indar bildu dut, ordea, eta banator, bidaia honi ekiteko prest.)
 
Ez dugu aspalditik elkar ezagutzen, eta ez dakit inoiz ukitu ere egin ote zaitudan. Zure eskuei so egoten naiz maiz, ondora etortzen zatzaizkidanean. Esaten didazunari askotan jaramonik egin gabe, eskua hartzen dizut nire irudimenean, eta emekiemeki estutzen dizut, zure izatearen epelaz jabetu nahian. Zu, ordea, ez zara ezertaz ohartzen. Irribarre xume bat eskaintzen didazu batzuetan, eta horrek eguna arinagotzen dit.
 
Ukitu gustura ukituko zintuzket, gorputz osoa laztanduz ertz batetik bestera. Polita zara, liraina eta beltzarana, baina ez da hori guztia izan zeharo erotu nauena. Bai, erotu idatzi dut, zoratu, burua galdurik nabil uneoro. Zure izateak berak harrapatu nau, amaraunean erori banintz bezala, borondatez zabaldu ez duzun sare horretan. Hor egon nahiko nuke betiko, zure magalean, zure bularraldearen berotan, besarkaturik. Ez diogu, ordea, besarkada miserable bat eskaini inoiz elkarri, lagun gisa besterik ez bada ere.

Beti zu noiz sumatuko zain-zain izaten nauzu. Hori ere ez dakizu, jakina, baina belarria zorrozturik izaten naiz, zure ahotsa noiz entzungo. Ahots ahula goizean, baina sendoa, guztia betetzen duena, eta munduko beste guztien artean bereiziko nukeena. Zure ibileraren hots isila ere ezagutzen dut, dagoeneko, darabiltzazun harat-hona guztietan. Hots hori nireganantz hurbiltzen noiz adituko izaten naiz, baina nahiko nukeena baino askoz gutxiagotan izaten da horrela. Zure mugimenduak sortutako haizearen laztana daukat kontsolamendu. Ez zauzkat nirekin, eta hala ere, izua sentitzen dut alboan izango ez zaitudala pentsatze hutsarekin.

Arraroa da, baina zure usaina ez daukat gogoan, agian, usaina oroimenean itsasteko behar-beharrezkoa den hurbilketa hori izan ez dugulako. Beste gauza batzuekin ez bezala, ez dezaket usainik imajina, oraingoz behintzat. Baliteke, balizko hainbeste maitale izan eta gero, maitasun usainetan aditu bihurtzea.

Imajina nahiko nukeena zure ahoaren zapore gozo-gazia da, horren bidez neuregana zintzakedalako. Hain da urruna aukera hori! Ametsetan ere ez dut bizi izan, eta apika horrela hobeto, galduko dudanaren irudimenak berak oinaze gorrian murgiltzen bainau.

Sarritan pentsatzen dut gehiagotan ikusiko ez bazintut sufritzeari utziko niokeela. Horrela daiteke agian. Baina zakusadanean sentitzen dudan honek bere mendean hartu nau, drogarik gogorrenaren antzean. Ziur naiz ulertuko didazula, zu ere beste inork horrela izango baitzaitu bere menpe. Bizitza, patua, datorkeena… zaila da benetan une eta sentimendu berak bat egitea unibertsoaren handitasunean. Besterik ezean ikusi egin nahiko zintuzket, horrek sufrimendua iraunaraziko balit ere, zorion momentutxo horiek betiereko bihurtzen baititu nire bihotzak.

«Borrokatu egin beharko zenuke» diosta ahots batek barrutik, «esna zaudela amesten dituzun egoera horiek guztiak egia izan litezke borroka egingo bazenu. Mundua duzu irabazteko, eta ezer gutxi galtzeko».

Borroka egingo nuke, baina ezin dut. Hala ere, aukera berdintasuna behintzat izan nahiko nuke, eta hori da kasu honetan bizitzak ukatu didana. Bizitzak uholde ikaragarri honetan murgilduarazi nau, bion artean dagoen muga gaindiezina dela jakinik. Inoiz eskutitz hau bidaliko banizu, borrokan nenbilke agian, ametsetan… baina borroka horrek emaitzarik izango ez lukeela jakinik… badakit gutun hau denboraren horitasunak jango duela, nire bihotza bezala.

Ezinegona sortzen dit imajinatzeak zuk zein erantzun emango ote zeniokeen gisa honetako eskutitz bati. Ez dakit ba ote dakizun zenbateko mina ematen duten, maitasun-ezetzaren orratzek. Are gehiago, aurretik erantzuna ezagutzen duzunean. Zer egin dezaket, ordea, erreka honen indarrak aztoraturik naukanean? Zu zauzkat gogoan esnatzean, alboan zaudenean eta urrun zabiltzanean. Lanean ari naizenean eta parrandan. Leku batean zein bestean. Berdin da norekin nagoen eta zein den erabiltzen den elkarrizketa gaia. Beti buruan zu; beti bihotzean zu. Eta ez diezazuket uka. Ezinezkoa dela jakin arren, zirrikitu txiki bat izatea nahiko nuke, nik sentitzen dudan hau guztia zuk ere senti dezazun. Amets egiten dut eskutik heltzen nauzula, eta nire beldur guztiak uxatzen dituzula, besarkatu eta airean hegan naramazula, eta jende guztiari esaten diozula ni naizela munduan gehien maite duzun pertsona. Amets egiten dut ez dagoela amildegirik bion artean, negar egiten duzula eskutitz hau irakurtzean, betiko batera izango garela… ez dago, ordea, horrelako zirrikiturik.

Badago amildegi handiak gurutzatzen dituenik munduan. Agian eskutitz hau inoiz irakurriko bazenu, bide horretan ginateke. Ez duzu, ziurrenik, inoiz egingo, jaso ere ez baituzu jasoko. Ez naiz gauza sentitzen handiegia baita banatzen gaituen tartea. Jakin ezazu, hala ere, biok hain urrun izanda, ez dudala inor inoiz horrela maite izango. Suak idatzi zuen zure izena nire bihotzean. Iritsi zenean, ordea, beterik behar nuenean, orduan egin nintzen zuretzat erabat hustu. Betiko.

Amildegiaren bestaldetik.

Ni.

Mikel Santiago  
 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago