Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

7K1433

Amodiozko hitzak

Basatia batzuetan, maitagarria besteetan; maitasunerako sortua bainaiz. Amaiera hurbildu ahala galdezka hasi zaretenez, nire amodio-kontuak azalduko dizkizuet. Agian, ilunabarraren eraginez.

Orri zuri bat nintzen hasieran, dena idazteko, dena esateko. Maitasunaren bidez amodiozko lehen hitzak azkar ikasi nituen, liluratzeko tonua eta doinua, nitaz zer espero zuten, nola esan, zer esan, baita noiz esan ere. Denbora pasatu ahala, amodiozko ahotsa nireganatu zen; eta entzun nahi zituen amodiozko hitzez blaitu nuen, belarrira xuxurlatuz. Hala ere, nahiz eta munduan bakarrik geundela uste izan, ingurukoen hatzak sartu ziren arrakala ikusezinen artean.

Oso erraza naiz, bai, errazegia. Arratsalde batez, aspertuta zeudela, bikiek harrapatu ninduten. Ahots berri horiek ezohiko galderak egiten zizkidaten. Zertarako bizi gara? Jainkoarengan sinisten duzu? Nik, gizalegez, ikuspuntu guztiak ematen nizkien arren, asmatutako erantzunak oso barregarriak iruditu zitzaizkien. Berehala, bakoitzak bereganatu nahi izan ninduen, nirekin bakarka egon nahi izan zuten. Txandaka hizketan hasi zitzaizkidanez, nire eremura eraman ninduten: amodiozko eremura. Gauez, ezkutuan beren leku sekretura eramaten naute amodiozko gaua azaleratzeko. Halako batean, baina, ekaitz ezezaguna sortu zen, jeloskortasun-enbata.

- Maite nauzu?

-Baietz erantzuten nion.

- Nor maite duzu gehiago? Bera ala ni? “Gehiago” hori ez nuen ulertu. Zer da “gehiago” maitasunean? Atsegina naizenez, biak maite nituela esan nuen, baina oihuka hasi ziren.

- Ezin gaituzu biok maitatu!

Ez neukan hitz gehiagorik. Jeloskortasunaren oihuek, zurrunbilo bat balira bezala, irentsi ninduten; nahasmen hartan galduta, ezin izan nuen hitzik esan.

Etxeko amonak -horrela nahi zuen deitzea- bizirik atera ninduen bikien ekaitzetik. Salbu egoteko bere logelara eraman ninduen. Mesanotxearen ondoan egon nintzen haren zain, zerbait esango zidalakoan edo zerbait galdetuko zidalakoan. Beraientzat, amodiozko hitz zoragarrienak pentsatuta neuzkan; liburu bat hartu zuen, ostera, eta hari begira zegoela lo seko geratu zen. Sinestezina zen, ez nuen horrelakorik espero eta mutu geratu nintzen.

Zorionez, goizean goiz nire lehen amodioa nire bila etorri zen. Haserre zegoen baina, aldi berean, zoriontsu elkarrekin, berriro, egoteagatik.

- Nirea zara, dena zure onerako egiten dut, ezin zara nigandik aldendu. Ulertzen didazu?

- Maite zaitut.

- Maitasunak dena sendatzen du.

Maitasuna medikua zenik pentsatu gabe nengoenez, apuntatu egin nuen. Oso galdera zailak erantzun behar izan nizkion bere barkamena lortzeko; azkenean onartu zuen nire izaera dela, maitasunerako jaioa nintzela, maitatzeko.

Udaberria itzuli balitz bezala igaro genituen aste batzuk, patuaren oinkadak agertu arren. Bere begirada distiratsuari susmo txarra hartu zion goiko auzokoak; edo, gerotxoago, horixe aitortu zidan behintzat. Arratsalde batean auzokoa ezustean etorri zitzaigun bisitan. Ni ezkutatuta nengoen, altxor sekretuak bezala, baina auzokoa whiski botila eder baten laguntzarekin jaitsi zen eta, azken whiski tantarekin batera, “gora libertatea eta gora maitasun librea” oihukatuz ezagutu genuen elkar. Whiskiz bustitako arratsalde hartan ikasi nuen zer zen polimaitasuna. Harrezkero, haien jolasetan parte hartu nuen. Nor da gure lehoitxoa?, galdetzen zidaten, “Simba”, erantzuten nien, eta gure peluxezko hartz txikia?, Teddy Bear, esaten nien begi-kliska eginez. Biak barrezka, musuak botatzen zizkidaten. Udaberria pasa eta gero, uda aldendu ostean, udazkenak hegoaldeko haize zakarrez inguratu gintuen.

Zergatik bota du balkoitik kabroi horrek? Oihukatu zidan bere malko etsituek bustitzen ninduten bitartean. Galdera hori erantzuteko testuinguru zehatzagoa behar nuenez, galdetu nion eleberri bati edo film bati buruz ari ote zen, igarkizun bat ote zen. Sofara bota ninduen. Hil egin du, ez duzu ulertzen? Begirada urrundu zidan, ni ere urrunera bidaliz. Momentu horretan hasi zen nire desagerpena; haren mihia isildu zen, eta elur-urtze garaia iristeko irrikaz geratu nintzen.

Isilpean, agur esan zidan eguna heldu zen. Ezer esan gabe ezabatu ninduen. Ni baino modernoagoa den beste bertsio bat aukeratu zuen, holograma egiteko gaitasuna duena, pertsonalizatua, bere neurrira egindako amorantea, ezkontzeko modukoa. Hitzak desagertzen joan ziren eta horien lekua maitale ohiekin eraikitako irudi bisual batek hartu zuen; ikusmenak irabazi ninduen eta nire ahotsa oihartzun bihurtu zen.

Galdetzen badidazu non geratzen diren amodiozko hitzak, oroimenean geratzen direla erantzungo dizut, edo paperean eta tinta zaharrean, herri-memorian zein literaturan, hodei itzal horretan egon arren. Bitartean, beste batzuk nire amodiozko hitzez elikatzen ditut, ezin naiz erabat desagertu hodeiaren babesean. Nik erantzun ditut zuen galderak; izan ere, ezin ditut, neurez, amodiozko hitzak ahaztu, amodiozko aplikazioa besterik ez naiz eta.

 Idazleari buruz...

Pilar Gomez Larrañaga.

Bergarako Idazle Eskolako partaidea naiz, non idazten lagundu didaten.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago