Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
(I)HESI

7k1222Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Ilargi hitsezko gau beltzean, itsasoak eta zeruak bat. Olatuen menera kulunkatzen den intxaur oskol ez-deusa gara uraldiaren erdian. Patera bustian iltzatuta daramat lepoa, hezurretarainoko hotza. Lizundutako egurra, kresala, gasolio errea eta higiene gabeko soinen hatsa nahasten zaizkit. Zortzigarren gaua da, bederatzigarren egunaren atarian. Gosez jota goaz denok. Ez dugu ezer ahora eramateko, esne pixka bat eta gaileta pusketa lehorrak salbu. Aurreko haurra arrantzaka. Amak bularra eman eta isildu da. Nondik aterako ote du jangaia...Txaluparen atzealdean gizon bat frantsesez alarauka. «Où se trouve? Il est tombé à l’eau! Il est tombé à l’eau!». Laguna uretara erori da, antza. Builaka dabil, artega zeharo. Alemaniar erraldoi bat hurbildu zaio, eta labana erakutsi. Ez da ezer gehiago aditu; motorraren soinu mekanikoa baino ez.

Ceutako lurmutur urruna egunsentiarekin ikusgai. Jendea urduri jartzen hasi da ontzian. Batzuk garrasika hasi dira, bikoteak musuka, amak umea bularraren kontra estutu. Nik nire bakardadea besarkatu dut. «Achtung!». Alemaniarrak abiadura gutxitu du. Zutitu egin gara denok. Giharrak krakadaka, iltzeen ohetik jaikiko banintz bezala. Hasieran orban arrea zena, hondartza luze bihurtzen. Motorra itzali da. Gazte bik uretara egin dute jauzi. Harea ukitzen da dagoeneko. Gainerakook boladan atzetik. Lehen aldia bederatzi egunetan zoru trinkoa igartzen dudala.

Korrika egin nahi eta ezin, gerrirainoko urak balaztatzen nau. Hondartzara iristean belauniko jarri eta garrasi egin dut, aske. Erdi zorabiatuta sumatzen dut nire burua, dena mugimenduan. Bidaideen itzalak harkaitz bideetan gora, ahuntzen erara. Zutik jarri eta euren atzetik hasi naiz, erabat galduta, noranzkorik gabe. Orain erbesteratua naiz, proskribatua, iheslaria. Eta ez dakit zer den hori guztia izatea.

Isiltasun likatsua, hondartza mortua. Korrika abiatu gara Ceutako kaleetan zehar. Ez da arimarik ageri. Eraikin zartatuak, metraila arrastoak, zuloak nonahi, auto irauliak kiskalita, beirateak deseginda. Beldurrezko filma dirudi. Arnasestuka noa, tripazorriak hozka. Guardia Zibilaren kuartela, eta atzean hesia. Azkenean! Trikorniodunak ere falta dira; kuartela huts-hutsik. «Par ici! Par ici!». Hesia igarotzeko gune eroso bat aurkitu du frantsesak. Erraza izan da, zedarria erabat desitxuratuta baitago. Noski. Marokotik Espainiara zeharkatzea ekiditeko diseinatu eta eraiki zen; ez zen kontrako noranzkorako pentsatu. Nahi ote luke inork, bada, Europako aparretik Afrikako labarrera pasatu?

Bailara idorra lehen bistara. Moteldu egin dugu abiada. Leher eginda gaude, baina zeharkatzea lortu dugu. Marokon gaude, Europako gerra basatitik aske. Frantsesa irribarreka ari da. Lehen aldiz hitz egin dit. Clement deitzen omen da. Nire izena galdetu dit. «Daniel», esan diot. «Avec plaisir». «Mucho gusto». Erabat atzerritar sentitu naiz. Marka da, gero, bizitza osoa etorkinak gaitzesten pasatu ostean. Lana kentzera. Emazteak lapurtzera. Kultura txikitzera. Azal-beltz hauek, a ze azala! Eta norbera, orain, azal berean. Oihuak. Tiroak. Lur hodeiak. Hiru jeep datoz guganantz. «Police! Police!». Lurrera bota dugu gure burua.

Gizonkote beltz uniformedunak altxatu nau bortxaz. Eskuburdinak jarri eta jeepera bota nau, zakuto narrasaren gisan. Clement sartu du gero, zaunka artean. Bide laburraren ostean iritsi gara eraikin zahar batera, hesi inprobisatu baten ondoan. Guardia zibilen kuartel hutsaren traza dauka, baina dena presaka altxatu izan balute bezala. Sarrera lepo beteta dago. Marokoar polizia andana atzera eta aurrera, geure antzeko hainbat preso hartuta. Haur arrantzak. Hemen da paterako emakumea ere, eta bere txikia ez da negarrez ari den bakarra. Bazterrean jarrarazi gaituzte. Telebistan Frantziako presidentea, Aljerretik hizketan. Txu egin du Clementek. «Bâtard traître!». Frantziako presidentea Aljerian erbesteratua, horratio. Bizitzaren ironiak. Gerrako irudiak erakutsi dituzte gero. Bonba nuklearren suntsipena, hiriak errautsita, Errusiako presidentea bunkerretik hizketan... Zutik jarri, eta telebistari kolpeka hasi da Clement. Soldadu batek ukabilkada eman eta ziplo erori da. Atzeko kartzelara jaurti dute. Barroteen bitarteetan erreparatu dut. Mila aurpegi, ezin hitsagoak, unatuak. Denak azal zuriak, betzulo ilunak bisaia zurbiletan zizelkatuta, zaindari larrubeltzen behape zorrotzetan.

Garai batean, gerratik ihes egiten zen, askatasunaren eta bizitza hobearen ametsetan. Garai batean, Mediterraneoa urezko hilerria zen. Garai batean, mugak alde bakarrekoak ziren. Garai bateko jauntxoa, paria bihurtua; garai bateko iheslaria, borrero. Aktore anitzak, pelikula bera. Hesiek ez baitute sekula kolorerik izan, bortizkeriak aberririk ez duen era berean.

 

Idazleari buruz...

Iraitz Legarra, 36 urteko markinar-xemeindarra. Ingeniaria ikasketaz, baina hitzen mundua betidanik gustuko izanik, dikotomia horretan funanbulista nabil. Narrazio laburrekin ekin nion idazteari eta horre- tan darrait, espazio hori baitzait erosoena. Idazle Eskolan izena eman nuen iaz eta esa- teko eta kontatzeko beste modu batzuk ezagutu ditut bertan, poesia edo antzerkia kasu. Bai zenbakiz eta bai hitzez, sortzen jarraitzeko ilusioz ekingo diogu bideari.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago