Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Bi esku hauek 

7K1171Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Petra naiz, albaitaria hil zuen emakumea. Ezagutu ez zenutenontzat, albaitariak Roman zuen izena. Batzuek gogoan izango duzue; beste batzuek, ondo ezagutu ere bai. Martuteneko espetxean hamahiru urte isilik eman ondoren, gaur eta ez lehenago, hitz egiteari eder iritzita nago. Batzuei ongi irudituko zaizue, beste batzuei ez, baina horiek deabruaren gauzak dira, ez nireak. Urte hauetan, gehiago jakin nahi zenutenok sentitu zaituztet, zeldako leiho txikitik sartzen baitzait jakin-minaren usain hori. Jakin egin nahi duzue zergatik hil nuen Roman? Ez dago, bada, erantzunik. Horixe da lehenengo esango dizuedana.

Beti pentsatu izan dut ez dagoela memoriarik, gordetzen dugun memoria bakarra gezurrez betetako zaku zahar bat besterik ez dela. Ez da egia. Oker nen- goen. Badira hainbat egia. Hemen ditut eskuak, nire aurrean, zuhaitzak bezala, adarrez josiak, adar bat oroitzapen bakoitzeko. Bizitzako gauzarik inportanteenak gogoan ditut, eta horien artean ohorezko lekuan hiru seme-alaben jaiotzak, atzo bertan gertatu izan balira bezala. Ni bular antzua, ezin izan nituen neure kabuz hazi, eta sekula jakin ez dugun arrazoiren batengatik onartzen zuten esne bakarra behi jakin batena zen, gainerako esne guztiei muzin egiten baitzieten. Bi haur ia hil zitzaizkidan bestelako esnea eman zietelako. Orduan ere, gure doktore burugogorrari kasu egiteagatik. Behi horrek –haur bakoitza bezain zaindua eta maitea– eta ez beste ezerk atera zituen gure seme-alabak aurrera.

Hori esanda, hobeto uler dezazuen, gogora datorkidan hurrengo gauza da jendeak ez lukeela inoiz beste inor zirikatu behar; deitu eta hurrengo goizean Romanek egin zuen bezala. Joan nadin harira. Gure behi kuttuna erditzeko zegoen eta senarrak iluntze hartan albaitariari deitu zion, nire irizpidearen gainetik orduan ere. Nik ez nuen ikusi ere egin nahi, aspalditik bainengoen antzemanda Romanek mozkorretik dezente zuela. Senarrak kasu egin izan balit, beste kuku batek joko zigun denoi. Gauzak diren bezala.

Biharamunean, Roman odol txartuta etorri zitzaigun, goiz hartan ere, apaizen, medikuen, eta epaileen artean ohikoa zen handiustearekin. Edanarekiko zaletasun handia izateaz gain, berea zuen harroputz handi baten antzera azaltzea.

Alkandoraren mahukak goratzen zituen bitartean senarrari behiari ematen genion koñaka eskatu zion. Albaitariak bazekien ondo asko gure etxean behi hari koñaka ematen geniola erditzeko zegoen bakoitzean. Askotan pentsatu izan dut urte hauetan, bi esku zatartu hauei begira gelako bakardadean, koñak hark ez ote zuen gure behiaren esnearen sekretua. Batek daki.

Gero gertatu zena amesgaizto bat bezala gogoratzen dut. Behia erditzeko lan erdietan borrokan ari zela, ez nuen, bada, albaitaria ikusi koñaka edaten, bai edan ere, botila hustu zuen arte. Bat-bateko amorru bizia piztu zitzaidan. Itsuturik, sardea eskuan nuela, hormaren kontra bidali nuen. Azkar demonio, bizkarra zorigaiztoko zirrikitu bakarrera abiatu zitzaion zuzen-zuzenean. Alkandoraren mutur bat ukuiluko hormatik irteten zen iltze batean harrapatuta geratu eta gorputza mugitzeko gauza ez. Ez zuen eskapurik. Horretan ere, egia da, zorte txarra izan zuen gizajoak, harrapatuta geratu izan ez balitz, ihes egingo baitzuen.

Oroitzen naiz haren harridurazko eta oinazezko begiradaz. Baina horrek ez zuen eragotzi nire barruan bat-bateko demoniozko su batek amorrua indartu izana, behin eta berriz sartu bainion sardea bularrean. Ez naiz gogoratzen zenbat aldiz, baina hamar baino gehiago izan omen ziren. «Alebosia» diote. Hemen askotan aditu dudan hitza. Hori izan da urte hauetan guztietan ni espetxean edukitzeko erabili duten arrazoi nagusietakoa. Barkatuko didate baina, ez dira ezertaz jabetzen. Nik neuk ere badakit, nire inozoan, zerk hil zuen; ez zuen alebosiak hil, nik bi esku hauekin bultzatutako sardeak baino. Luzaroan pentsatuta egon nintzen sardeari erdaraz «alebosia» esaten zitzaiola.

Tira, desbideratu gabe. Ondorenean, ukuilutik irten eta arnasa hartu nuen birikak minberatu zitzaizkidan arte. Artean txekorrik ez. Zigarro bat piztu nuen. Deskargaren zaporea zuen zigarro hark, inoiz sentitu gabekoa. Une batez askatasuna zer zen jakin nuen. Zigarro haren zaporeaz eta handik lasterrera, idiskoa amaren errapeetatik tiraka entzungo nuen soinuaz, askotan oroitu naiz urte hauetan, memorian betiko geratu izan balitzait bezala. Zapore horrek, soinu horrek eta bi esku hauek espetxe honetan eman ditudan hamahiru urteak jasaten lagundu dit.

Orain etxera bidaltzen naute. Zigorra amaitu omen da, krimenak hemen egonda ordainduko balira bezala. Unea iristen denean, hemen ez bezala erantzun beharko diet nire hutsegiteei, besteek eurenei erantzun beharko dieten bezala, eta bitartean geratzen zaizkidan urteetan, kondenaren zaporea sentitzeko –baita askatasunarena ere, biak bat baitira–, bi esku adartsu hauei begiratzea besterik ez dut.

 

Idazleari buruz...

Elena Aierbe Segurola. Tolosarra (1969). Zuzenbidean lizentzia- duna. Bergarako Idazle Eskolaz gozatzen, bizitza paraleloak sortu nahian iragana antolatzeko.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago