Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Mixinok sinadurarik ez 

7k1120Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Sukaldeko mahaiaren gainean etzan naiz, Ainhoak afaltzen duen bitartean.

-Sukar, jaitsi! Aurreko hankak luzatu, biboteak miazkatu eta neure buruari bueltatxo tonto bat eman diot ea horrela leuntzen den.

Burutik behera laztandu nau Ainhoak, goxo. Berarengana joan naiz bere hanketara. Behin eta berriro laztandu nau musu emanez. Burua goraka eraman dut bere keinua eskertuz.

-Ea Sukar, utziko didazu afaltzen?

Berehala jaitsi naiz Ainhoa ez haserrarazteko. Zopa jaten hasi da eta berriro despistatu denean mahaira igo naiz. Ea zer kontatzen didan gaurkoan, guapa dago, egun ona izanen zuen ikasleekin.

-Badakizu Sukar, gaur tipo berri bat ikusi dut. Hara! Banekien ba nik!

-Kioskoan ikusi dut eta harritu nau. Egunkaria egunero erosiko omen du eta Juanjori, saltzaileari, ekartzeko eskatu dio, alerik gabe ez geratzeko.

Ixilik geratu da eta zopa zurrupatzen jarraitu du.

-Badakizu zerk harritu nauen gehien Sukar? Tipoak hitz batzuk egin dizkiola euskaraz Juanjori, betikoa badakizu, “eskerrik asko”, “bihar arte”... baina euskalduna delakoan nago, kutsu hori hartu diot... Nondik etorri da?... Nor da?... Zertara etorri da hona?...

Ez dut lehenago ikusi, ezta?

Ainhoaren galderen artean logura sartzen ari zaidala uste dut...

Eguerdiko argiak musuan jotzen dit, sofan etzanda nago erdi-lo oraindik. Bat-batean Ainhoa datorrela igarri dut eta etxeko ateraino joan naiz ongi etorria ematera.

-Sukaaar! Kaixo bihotza! Zer moduz goiza?

-Miaaaauuu miaaaau! Bere hanken ingurutik pasa naiz, neure burua lurrera bota dut sabelaldea berari erakutsiz. -Mugi ttiki, arropa aldatuko dut eta goxoki pixka bat emango dizut. Zeinen ongi! Goseak amorratzen nago eta!

-Miaaaauuu miaaaau! Miaaaauuu!

-Banoa banoa...! Bai noski, zu lehena, nola ez!

Armairuko atea ireki eta nire patea hartu du, tapa kendu eta nire uraren ondoan jarri du.

-Hortxe, on egin!

Uuuum zeinen goxoa, pate honek izokina eta atuna du. Jaten dudan bitartean Ainhoak garagardoa ireki du. Berari begira jarri naiz; gauza asko egiten dituzte gizakiek, egunero nahiko antzekoak baina bitxiak dira. Hozkailutik zerbait atera du, plastikozko kutxa bat barruan likido berdea duena eta arraina, a ze usai goxoa!

Platerak atera ditu eta purea dela konturatu naiz, mikrouhin labera sartu du berotzeko. Harrigarria iruditzen zait gailu hori, sartu, zarata egin eta janariak bero!

Arraina egin bitartean purea jaten hasi da eta ni mahaian etzan naiz nola jaten duen ikusteko.

-Sukar! Egunero esan behar dizut mahaia ez dela katuen lekua? Ondoko aulkia atera du eta agindua bete dut aulkian etzanez.

-Badakizu? Gaur atzoko tipoa ezagutu dut, kioskoan elkartu gara, errutina gizona dirudi! Kafea hartzera joan gara. Jatorra iruditu zait... Ze demontre, ederra da mutila txo! Ile luzea eta beltzarana du, belarritakoak daramatza eta tatuai handi bat du beso batean. Piercing bat darama beheko ezpainean, albo batean... Izugarri jarri nau piercing puta horrek Sukar! Enaitz Agirre du izena, aurreko astean etorri zen hona, hemengo enpresa batean proiektu batean omen dabil.

Zenbat datu! Ziur laster etxera ekarriko duela tximaluze hori!

-Arraioa! Arraina zartaginean dut eta! Zertan ari naiz ba!

Arraina beltz xamar dago baina hozkailuan dagoen zerbait erantsi dio.

Ondoren egongelara joan gara eta sofan eseri da egunkaria eta tableta hartuta.

Badirudi gaur ez ditugula berriak telebistaz ikusiko. Askotan egiten dugu hori, ni bere ondoan etzanik, mantaren gainean. Ordu horretan iritzia eta kronika txikiak irakurtzea gustatzen zaio, begiratu azkarra goizean ematen baitio kafearen orduan.

Noski, gaur Enaitz horrekin egon denez ez zuen irakurriko. Askotan oharrak hartzen ditu edo Internetez bilatzen ditu. Ainhoak dioenez, horrela aurkitzen dira mundu berriak, horrela ikasten dira gauzak eta horrela aurkitu dira bitxikeria eta altxorrak.

Horrela mundu berriak aurkitzen direla dio Ainhoak, gauzak ikasi daitezkeela, bitxikeriak edota altxorrak ere.

Egunkaria zabaldu du, noizean behin laztandu egiten nau. Sofa ondoan “flexo” izeneko argi bat dago, beroa ematen du eta goxogoxo lokartzen naiz. Bere izena badakit Ainhoak beti mugitzen duelako alde batera eta bestera, eta askotan esaten du “flexo puta hau pikutara bidali behar dut”. Berezia da egunkaria, nik egia esan ez dakit irakurtzen, baina berarekin begiratzen dut. Usain ugari ditu, Ainhoarena, kioskoarena, paperak, tintak... Sarritan egoten naiz gainean, azazkalekin harramazka egin eta tarteka papera urratuz.

Orduan Ainhoa haserretu egiten da, dioenez, egunkariak ez dira jolasteko.

Irakurtzen bukatzen duenean lurrean uzten du, apropos niretzat, horregatik, mahaian edo sofa gainean dagoenean ez atzamarkatzen saiatzen naiz, baina batzuetan ezin dut ekidin! Hain da jostagarria!

-Ez da posible! Bai zera!- oihukatu du.

Erotu egin da, pozaz zoratzen eta tabletan zerbait bilatzeari ekin dio.

-Bera da! Aurrean izan dut eta ez naiz jabetu! Eta berak ere egunkaria besapean ikusi arren ez dit ezer esan! Ai ene!!!

Bitartean egunkarira gerturatu naiz eta zutabe baten gainean hizki batzuk ikusi ditut: E, eNe, A, I, Te, Zeta... ENAITZ; A, Ge, I, eRre, eRre, E... AGIRRE.... Kontxo!

 

Idazleari buruz...

Amaia Aldanondo Perkaz (Iruñea-Zangoza 1987). Nerabe nintzenean idazten hasi nintzen ezezaguna zitzaidanari forma emateko asmoz. Politika ikasi nuen mundua ulertzeko, hainbatetan ulerterraza, zenbaitetan ulertezin. Orain dela urte batzuk euskara irakasle naiz AEKn, hitzekin dantzan hasi nintzen berriro eta beste behin ere idazteari ekin nion, senaz eta lotsarik gabe, nahiko lotsagabe.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago