Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
isabel martin    
pdf    

Buru maitea:

Beste toki batean zaude, ezin duzu pentsatu, ezta irakurri ere. Barruan duzuna ez dut uste fantasia izango denik. Ametsak dira: bete gabe dauden ametsak. Eta, beharbada, zu ohartu barik, etorkizun hurbil batean nik bete nahiko nituzke.

Ez al zara konturatu pentsamenduak uneoro bueltaka eta bueltaka ari direla?: Luis dago horietan, nahiz eta bere berririk izan ez. Berarekin egon ginen azken egunean, zuk erabaki zenuen berriro ere berarekin kontaktuan ez jartzea; nik kontrakoa aldarrikatzen nuen arren. Hala ere, bere falta sentitu nuenez, bere facebook-en sartzea erabaki zenuen. Hutsunea nire baitan nabaritzen nuen, eta beharrezkoa nuen bere argazkia ikustea. Orduan, Luisek idatzitako poema polita irakurri zenuen, eta niri iruditu zitzaidan niretzat zela, zuk kontrakoa pentsatu bazenuen ere. Ez zinen jabetu, bere bihotzak idatzia zelako, baina azaltzen zuen bere erak horrelakoak zirela, hura horrelakoa zelako. Horregatik, Luis ezin da izan bera ez dena; bestela, ez litzateke bera izango.

Hori ulertu ostean, idatzi egin genion: “Zure elkarrizketak izan nahi ditut. Jarrai dezagun!”. Hogeita lau ordu egon zen erantzun barik, badakizu. Azkenean erantzuna ailegatu zitzaigun. Horretan esan zigun denbora behar zuela. Lagunak izateko aukera eman zigun, zuk eman zenion bezala, baina elkar ikusteko data barik. Horrela geratu zen.

  {gallery}/isabel_martin{/gallery}

Hurrengo egunean, gogoratuko duzunez, espero barik, berarekin egin genuen topo. Nik ez nekien zer egin, ezta zer esan ere. Zuk bai, baina isildu egin zinen. Bera hurbildu zen, bi musu eman zigun aurpegian, lagunen aurkezpenak egin eta tabernan musika ona zegoela esan ostean, elkar agurtu genuen, eta, handik aurrera, berririk zuzena ez dugu izan.

Facebook-en sartzeko gogoa nuen, ea zer edo zer idazten zuen. Zuk ezetz eta ezetz. Egun horretan esaldi hau bazekarren: “Fantastikoa izan ahal zen, baina perfektu egin zenuen”. Ez dakit horren zergatia, zuk hobeto jakingo duzu; baina jakin ez arren, iruditu zitzaidan guretzako mezua zela, zalantza barik, sentimenduez betetako letrak baitziren. Bost minutu besterik ez ziren izango berarekin topatu ginenean, baina momentu perfektua izan zen, ezta?

Orain diozu Historia Pertsonalaren bila zabiltzala; Guk, bihotzok, ez dugu horren beharra; izan ere, guk sentitzen dugun guztia momentuan egiten dugu. Ez duzu jakingo, baina bidea aspaldian hasi zenuen, eta horretan denbora luze eman duzu galduta. Hala ere, onartu egiten dut denbora ez dela inoiz alferrik galtzen. Buru maitea, ausart zaitez galtzera! Hori da, hain zuzen ere, beste bide batzuk aurkitzeko era bakarra. Horrela egon naiz ni beti.

Bidaia honetan gu elkarrekin gaude: zu inguruan gertatzen ari dena ulertzen; ni, ostera, inguruan gertatzen ari dena sentitzen. Ibili ibiltzen ari gara, egin egiten, pausuz pausu. Jarraitu nahi nuen Luisen hitzak entzuten, bere ahotsa musukatzen, bere begirada segitzen.

Jarraitu nahi nuen, baina, ikusten duzunez, ezin dut. Ez al litzateke gauzarik politena elkarrekin maitatzea? Berak maite gintuen, baina bere erara. Nik maite nuen, zuk kontrakoa diozun arren. Ez dakit Luis gure bidean agertuko den, hori ez dakigu, ez zuk, ez nik; unibertsoak bestetik ez daki. Baina, gertatu ala ez gertatu bitartean, zu zeure gustuko gauzekin gure mundua aldatzen zaude.

Burua, erantzuna eman ahal diozu nire azken galdera honi?: pertsona bat maitatu ahal da… maite ez bazaitu? Ezin da, ez; eta, beharbada, berak ez gintuen maite, uste nuenez. Agian, arrazoi osoa zenuen. Pena handia sentitzen dut eta aldi berean izugarrizko poza, zure eta nire arteko maitasuna betiko egongo delako. Ez al da egia?

Kontaktuan gaude,

Bihotza

Isabel Martin

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago