Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Klarinete sonata
7k10    
Marrazkia: Kristina Fernandez    
     

Zozoaren kantu ederra aditzen ari zen telefonoak jo zuenean. Ez zuen hartu. Bigarren aldiz deitu zuen Mª Luisak, baita hirugarrenez ere. Ez zen, ordea, astebete lehenagotik espero zuen deia.

Zozoek, kilkerrek eta txantxangorriek osatzen zuten orkestrak emakumea kulunkatzen zuen ilunabar epel hartan. Kostata, geldi-geldi, Felixek sagarrondo azpian jarritako hamakan etzan zen.

Isilarazitako telefonoaren argia ñir-ñirka ari zen: mezu berri bat. Ez dut zurekin hitz egin nahi, Ma Luisa; Pablorekin hitz egin nahi dut, baina Pablok, nik zuri bezalaxe, ez dit telefonoa hartzen.

Goiko bidetik zihoan behorraren pauso hotsek, urrutiko zintzarriekin batera, erritmo pausatua markatzen zuten: Pablo, Pablo, Pablo...Astebete bere berririk gabe.

Sugandila batek atera zuen buru txikia harrien arteko zirrikitutik. Ehun bat urteko tapiako zuloetan sartu zen beste bat. Marigorri batek kolorezko pintzelada ematen zion goroldiozko baso txikiari. Bere mundu txikitik unibertso harmonikoa ikus zezakeen Juliak harri zaharren artean.

Felixek belarra mozteko makina martxan jarri zuen kilkerren melodia isilaraziz. Ez zitzaion inporta izan: belar moztu berriaren usainak goxatuko zion jaso ez zuen deiak utzitako zapore mingotsa. Felixek ospitalean emandako agindu zorrotzarengatik, ezin izan zuen telefonorik erabili. Etxean zegoenetik egunero deitu arren el número al que usted llama está apagado o fuera de cobertura besterik ez zuen lortzen.

Belar printzek zikindu zuten hamakaren gaineko manta. Errekanda berde motzak irabazten ari zitzaizkien belar altuei. Felixek ongi? keinua egin zion makina puzkerka zebilela aldapatxoan gora.

Mozarten klarinete sonata aditzen ari ziren etxerako bidean, elkarrekin pasatzen zuten azkeneko asteburua hura zela esan zionean. Aspaldi aitortu nahi ziola ez zuela berarekin jarraitu nahi, hasierako pasio hura itzaltzen hasia zela. Ezin zuela Felix engainatzen segitu, gizon on hark ez zuela halakorik merezi. Felixek asko maite zuela, izugarri ondo tratatzen zuela. Bai, egia zela egun batean zaplastakoa eman ziola, baina ez zela sekula errepikatu, eta gainera, berea eta ez beste inorena izan zela errua.

Ongi? galdetu zion Felixek Juliari harenganantz hurbilduz. Zerbait behar al duzu? Nahi al duzu ur pixka bat ekartzea?Berehala ilunduko du eta etxean sartu beharko gara, maitea. Istripua gertatu zenetik ez zen bere ondotik aldendu. Enpresako lana ere eten zuen emaztearekin egoteagatik. Ez zion galdetu nor zen bere ondoan zihoan gizona, ez zion ezer leporatu, ezta nondik zetozen ere asteburu hartan bera ferian zegoen bitartean, enpresak bidalita.

Haizea aldatua zen, hotz zegoen. Gimnasioan giharturiko senarraren besoek kontu handiz altxatu zuten Juliaren gorputz arina. Etxean sartu zirenean arestian piztutako beheko su ondoko relaxean utzi zuen, lepoan musu bat ematen zion bitartean. Gizon ona zen Felix, dudarik gabe, eta gainera, izugarri maite zuen. Ezkondu zirenetik hamar urte pasa ziren arren, oraindik ere, edozein egunetan lore sorta ederra ekartzen zion hiritik. Bulegotik atera eta azkena ixten zen lore postura joateak beste hogei minutu kentzen zizkion arren, batere nekerik gabe, lore freskoak erosten zizkion erotzeraino maite zuen emazteari.

Mozart jarri zion, Juliaren musikagilerik gustukoena. Ez zegoen hotzik etxean eta suak bestelako epeltasuna ematen zion Juliari. Ez, ez zuen etxe hura utziko, ez zuen Felix abandona- tuko. Hartua zuen erabakia eta ez zuen atzera egingo, hala ere, Pabloren berri nahi zuen. Nola atera ote zen istripu hartatik? Ez zuen gogoratzen; gordetzen zuen oroimen lausotuan Pablo oso gaizki ikusi zuen, konortea galduta-edo, eta bururatu zitzaion lehenengo gauza Felixi hots egitea izan zela, konturatu gabe asteburu hartan enpresa kontuengatik kanpoan zela, baina, zer gauzak, Felix etxean zen, uste baino lehenago bukatu zituela egin beharreko lanak. Berehala ailegatu zen Felix istripu tokira, beste inor baino lehen, bide haiek hiriko builatik urrunduz etxe gutxi batzuetara ailegatzen baitzen.

Bazirudien su hotsak laguntzen ziola klarinete sonatari, Julia Afrikako granjaraino garraiatuz. Negar egin zuen Juliak.

Meryl Streepek bezala, agur egingo zion Robert Redfordi. Isilik egin zuen negar Juliak eta, Felixek ere, ikustezin bihurtzen zen txokoan, negar isila egin zuen. Berreskuratuko zuen emaztea. Aspalditxo sufritzen ari zen, isilik, jeloskor, mutu, amorrazioak harrapaturik, baina orain dena aldatuko da, emaztea lapurtu nahi izan zion hura ez baita bueltatuko. Munduko ezer baino gehiago kendu nahi izan zion hura betiko desagertua baitzen kotxeko txapa artean. Bere zoriontasuna ostu nahi izan zion hari ez baitzion arnasa hartzen utzi, orain dardarka dauden eskuek moztu baitzioten bizitzen segitzeko bidea. Julia, atzera ere, Felixena izango da, beti izan den bezalaxe.

IZASKUN ETXEBERRIA ZUFIAURRE

47 urteko altsasuarra.
Lanbidez irakaslea eta bi urtez Bergarako
Idazle Eskolako ikasle ibilitakoa

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago