Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Hamsterraren gurpila
7k3  
Marrazkia: Kristina Fernandez  
   

Hogeita hamar urte hemen. Egunon, muxu, berandu nabil, bidean hartuko dut kafea. Horrenbeste urte hemen giltzaperatuta, bulego zikin honetan. Aita, handitzen naizenean laneko nagusia izan nahi dut. Garrantzitsuena, boteretsuena, indartsuena. Eta kristoren autoa eduki, lau gurpilekin eta gorria, oso gorria. Bakarrik gorriak dira kotxe onak. Eta hegazkina, hegalekin, eta Disney World-era bidaiatu. Mickey Mouse-n laguna izan. 30 urte egunero muturtutako aurpegi berak ikusten, ahots lauso berak entzuten, arnasestu berak garondoan sentitzen. Langileok ez diogu elkarri agurrik esaten, bakarrik burua mugitzen dugu gora eta behera automatak bezala. Epa, epa, epa. Nazio handia. Auto-ilarak, kea, irainak, bozinen hotsa. Zergatik jotzen dute bozina ilara aurrera ez badoa? Aita, handitzen naizenean aberatsa izan nahi dut, oso aberatsa, eta lanik ez egin, eta telebistako saioetan agertu nire bizitza kontatzen, famatu guztiak bezala, famatu izan nahi duten guztiak bezala. Lagun gutxi soldata igoera jokoan badago, kaleratze arriskua jokoan badago. «Zorionekoa zu, behin betiko lana duzula». Zer da gaur egun betiko? Lagunik ez. Nazio oparoa. Honek ez du aurrera egiten, ez du aurrera egiten. Erradiografian orban bat ageri da, ez dut ezer aurreratu nahi baina zenbait proba egin beharko genizkizuke. Berandu berriz ere, nagusiaren errieta, ordenagailu madarikatuaren erruz burusoiltzen ari naiz. Gora aberria! Kostata ikasi nuen erabiltzen infernuko tramankulu hau. Teknologia berrietan aditua da unibertsitatetik atera berri den edozein gazte bekadun; harrokeriaz eta mespretxuz begira etortzen zaizkigu, gure lanpostua laster edo berandu lortuko dutela sinetsita. Emaztearen eta semearen argazki horiztatua, kaktus ihartua, letra lodiz idatzitako hamaika paper mahai gainean. Milioika paper leku guztietatik sakabanatuak, sakabanatuak, sakabanatuak. Ideia sakabanatuak. Mahai honi lotuta. Doktore, ezin naiz gaixotu, orain ezinezkoa da, ez dut baja hartzerik. Honezkero familiak ez nau maite, ez nau maite. Ohituren indar nabariak mantentzen gaitu elkarrekin, oso nekagarria izango litzateke dibortzioa, oso garestia eta oso nekagarria, zer egingo genuke semearekin? Horrenbeste urte falta dira deskantsatu aurretik. Aita, heltzen naizenean guapoa izan nahi dut, eta neska guztiei «aizan, polita, etor hadi nirekin» esan eta gura dutenera gonbidatu, nire Profiden irribarreari esker. Hiru puntu sei informea baliogabetu dute, berriz idaztera. Orbain txiki bat besterik ez da, ezta? Edo oso larria al da, doktore? Oso larria al da? Beranduegi, honek ez du aurrera egiten, ez du aurrera egiten. Munduko herrialderik boteretsuenetakoa, hala ere, hainbat soldata egokitze izango dira, horrelako neurriak ezinbestekoak dira krisiari aurre egiteko. Aparteko orduak sartu, ia egunero. Aita, ez dut gehiago ikasiko, zertarako ikasi, handitzean nahi dudan diru guztia izan badezaket. Multimilioiduna. Igerileku estalia eta gimnasioa nire luxuzko etxean. 23.30ean iristen naiz etxera, afari hotza, “legatzezko makiltxoak” potezko tomate saltsan, denak lo daude. Nahiago nuke ezer ez esatea, doktore, ez dut jakin nahi, hobe da ezer ez esatea. Isiltasuna. Denak lo daude. Aita, handitzen naizenean eta erretiroa hartzen dudanean, ez naiz etxetik aterako, haizea ere garestia da. Ekonomiak gora egin du, krisia gainditzen hasiak gara dagoeneko. Zenbat urte daramagu krisi puta hau gainditzen? 30 urte, leial, burua makurtzen, leial enpresari, mahai honi kateaturik, bulego honi kateaturik, preso gorbataduna. Egunon, muxu, berandu nabil, bidean hartuko dut kafea. Aita, handitzen naizenean libre izan nahi dut, txoriak bezala. Eta amets guztiak bete. Munduko herrialde aberatsenetako bati buruz ari gara, jakina; izan ere, gobernua krisia gainditzeko neurri bereziak onartu ditu: erretiroa adina atzeratzea, kasu; pentsioak desageraraztea, kasu; jendea euren lanpostuetan akabatzea, kasu. Egunon, muxu, berandu nabil, bidean hartuko dut kafea. Zergatik ez diote bozina jotzeari uzten? Utzi bozina bakean! Utzi bozina bakean! 30 urte hemen eta luzerako dut oraindik. Doktore, zenbat urte? Aita, ez dut heldua izan nahi. Honek ez du aurrera egiten. Kea. Itsutzen duen kea. Itotzen ari naiz. Honek ez du aurrera egiten. Ez du aurrera egiten. Ez du aurrera egiten...

Lizarran jaoia, 1979an.
Aktore eta dramaturgia ikasketak gauzatu ditu.
Une honetan irakasle dabil AEK-n.
Idazle Eskolan bigarren kurtsoa egin du

 

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago