Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Torlojuak
luma20    
Auzoan jende guztiak zekien, haren amak izan ezik. Jende guztiak zekien Josebak Izaskun  atsegin zuela. Mutilak, laño xamarra izanik,  bere lagun guztiei behin baino gehiagotan esana  zien Izaskun moduko emakume gutxi zegoela  munduan eta haren ederra irabazten saiatuko zela. Eta horrelako kontuak nonahiko kontakatiluen bazka gozo izaten direnez, laster zabaldu  zen auzokide guztien artera Josebaren maiteminarena. Hala ere, Izaskunek ezer zehatzik jakin  aurretik, bazuen horren susmoa: burdindegi batean egiten zuen lan, eta egunero Joseba joaten  zitzaion torloju-kutxa bat erostera. “Hau ez da  normala”, pentsatu zuen bere artean. Baina sotiltasuna bezainbestekoa zuen herabetitasuna Josebak, eta inoiz ez zitzaion ausartzen ezertxo ere  esaten, lotsa eta beldurraren artean katramilaturik.

Hiru hilabetean egunero-egunero joan zen Joseba burdindegira, eta egunero-egunero torlojukutxa eskuetan zeukala ateratzen zen dendatik.  “Hi haiz hi koldarra!”, esanez zigortzen zuen bere burua Josebak, dendako atalasea atzean utzitakoan.  Eta beti biharamunean indarberriturik  eta ausardiaz beterik sartzen zen gaztea dendan,  baina Izaskun ikusteaz bat kikildu eta “torlojukutxa bat” lardaskatzen baizik ez zuen asmatzen  gizajoak, ahalkeak hartaraturik.

Baina egun batean ez zen azaldu Joseba dendara, eta hurrengoan ere ez, ez eta hurrengoan  ere... Antza denez, aspalditik gaitz larri batek jota zegoen, eta sendagileek ahaleginak eta bi egin  arren, ezin izan zioten bizitza gehiago luzatu. Hil  egin zen, beraz, mutil gaztea. Bere gaixotasunaren berri, Izaskunekikoarena ez bezala, haren ingurukoek baizik ez zekiten.

Egunak joan, egunak etorri, Josebaren eguneroko bisitaldien huts-mina sentitzen hasi zen Izaskun. “Non sartu ote da mutil lotsati hura?” –ziotsan bere buruari, Josebaren heriotzaren berri ez  zuen eta. Egunen joanean, Izaskunen jakinmina  areagotuz joan zen. Gehiago ezin eutsirik, Josebaren etxera joatea erabaki zuen, haren nondik  norakoa zuzenean jakiteko asmoz (auzo hartan,  denek ezagutzen zuten elkar eta denek zekiten  denen helbidea). Joseba bizirik zen bitartean ama  alargunarekin bizi zen; horregatik, Izaskunek txirrina jo zuenean, ama atera zen leihora. Igotzeko esan zion, etxe hartan bere semearen lagun  guztiak ongi etorriak zirela gaineratuz. Negar-zotinka azaldu zion bere semea hil egin zela eta  hainbestekoa zuela bihotz-mina, oraindik ez baitzuen kemenik bildu haren logelan sartzeko. Izaskun ere bihotza tarrataturik geratu zen, eta buru-makur eta negarra begian egin zuen burdin-degirantz, egun hartan bezero gutxi izango zuen  itxaropenez, Josebaren heriotzarenak gogoa guztiz zapuzturik utzi zion eta.

Bizkitartean, Izaskunen bisitaldiak adoreturik  nonbait, ama Josebaren logelan sartu zen, eta han  zer aurkituko, eta dozenaka torloju-kutxa, bazter guztietan paratuak: apaletan, ohe azpian, ohe  gainean, armairuan, mesanotxeko tiraderetan....  ohe barruan ez beste leku guztietan kasik. Paper  txukun banatan ondo bilduta egon arren, erraz  antzeman zekiekeen torlojuak zirela. Ezin zuen  sinetsi amak. “Zer dela-eta hainbeste torloju?”,  galdetu zion bere buruari. Gainera, erosi bezalaxe zeuden: kutxak biltzen zituen papera kendu  gabe. “Haien beharrik ez bazuen, zertarako erosten zituen ba?”. Azken galdera honek kitzikaturik, kutxa bat irekitzea erabaki zuen. Papera kendu zion bati, baina kutxa eta paperaren artean  txarteltxo bat aurkitu zuen, honela zioena: “Kafe bat hartu nahi nuke zurekin, hobeto ezagut dezagun elkar. Nahi duzunean, Izaskun.”

Txartela irakurrita, ama harri eta zur geratu zen,  eta bere harridura puztuz eta puztuz joan zen torloju-kutxa guztietan horrelako txartel bana zegoela ohartu ahala.

Inaxio Lopez de Arana

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago