Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
vives_mugalari1  
Kristina Fernandez  
Autobiografia

Elurrak autoaren aurreko kristala zuritzen zuen behin eta berriz; gero eta azkarrago, gainera. Eskuilen joan-etorria ez zen nahikoa azkarra, segundo bakar batez bada ere, kristala guztiz garbi ikusteko eta horrela, Oskarrek, joan-etorri bakoitzak uzten zion zirrikitutik begiratuta, ozta-ozta gidatzen zuen autoa, arrasto argiztatuan zehar. Ez zuen uste garaiz iritsi ahal izango zenik, baina laster alboratu zituen berandutzearen hasierako presa eta kezkak. Elurra aitzakia paregabea iruditu zitzaion hitzorduari ihes egiteko.

Bat-batean autoa ez-leku seguru bezain goxoa begitandu zitzaion. Hara, azkenik aurkitu zuen bere burutazioetarako leku-denbora egokia. Irratiak han eta hemen elurrak sorrarazitako arazoen berri ematen zuen: «Etxegarate kamioientzako itxita dago eta autoek kateak behar dituzte; A-15a tarteka itxita dago elurra kentzeko makinak lanean dihardutelako; une honetan arazo gehien Gipuzkoa aldean dago…» eta berak, momentuaz gozatu nahian edo, abiadura mantsotu zuen, gau ilunean, ez-leku, ezdenbora, ezerez zuri hartan pasa beharreko denbora luzatu nahian.

Irratia elurrak harrapatuta utzi zituenen bozgorailu bilakatu zen. Autopista malapartatuaren kudeatzaileez gaizki esaka ihardukitzeko, edota, han edo hemen elurrak kateatuta geratu zirela kontatzeko. Carmen sakelakotik deika ari zitzaion; halako batean erantzun egin zuen.

–Carmen, gidatzen ari naiz. Ez lasai, kotxeko bozgorailutik ari naiz berbetan.
–Bai, berandu iritsiko naiz, elurra bota eta bota ari du eta mantso-mantso gidatu beharra daukat.
–Ez naiz iheska ari, neska. Ez dut jakingo ba! egunak daramatzazu-eta horixe esaten!
–Berandu iritsiko naiz baina iritsi, iritsiko naiz maitea, lasai; maite zaitut laztana,
oraintxe arte.

Urduri sumatu zuen Carmen. Egunak zeramatzan hitz egin behar zutela esanez eta lanetik goiz etortzeko eskatuz. Biziki maite zuen Oskarrek Carmen, biziki. Bizitza ederra zeramaten elkarrekin, urteek ematen duten lasaitasun, konfiantza eta pasio dosi egokiarekin. Bere garaian, familia izateko kontua atzeratzea erabaki zuten bakoitzak bere karrera profesionala garatu ahal izateko. Elkarrekin hitz egin ostean hartu zuten erabakia izan zen eta ados jarri ziren; erabaki ona izan zen. Umeek lan handia ematen dute eta izatekotan haiei denbora nahikoa eskaintzeko beta zutenean izango zituzten umeak. Oraingo honetan Carmenek bazuen zerbait bere buru beltxaran horretan bueltaka eta beti ohi zuen bezala, elkarrekin bizi arren hitzordua adostarazi zion Oskarri hitz egin beharrekoaz ganoraz eta patxadaz hitz egiteko. Hitzordua egun elurtu hartarako jarria zuten, 20:30ean, etxeko sukaldean, aurrez aurre izango ziren biak. Eguneko gaien zerrenda pasatzea baino ez zitzaion falta!

Elurrak errepidea zuritzen segitzen zuen. Iluntzeko zortzi eta erdiak ziren dagoeneko, 20:32 zehazki, autoko erlojuaren arabera. 20:32 ze kasualitatea! egin zuen irribarre Oskarrek. Gaurkoan ez zen ez garaiz iritsiko sukaldean behar zuen hitzordura. Eta bai, iheska ziharduen. Zertaz hitz egin behar zuten ba? Ez al ziren zoriontsu? Ez al zen zoragarria izan azken eski astea Gouretten? Zinean izan berri ziren, baita Madrilen asteburu pasa ere, Miróren erakusketa ikusten Thyssen museoan. Zertaz hitz egin behar zuten baina?

20:34, bi minutu zeramatzan Carmenek bere autoan Euskaldunako aparkalekuko tiketaren arabera. Gau hartan, baina, 00.47ak jo arte ez zen etxera iritsi Carmen. Lau ordu horiek hutsunea osatzen zuten Carmenen biografian. Oskarrek kasualitatez begiratu zion tiketari eta kasualitatez bere begiek ikusi eta grabatu egin zituzten zenbakiok 2032. Ez zion parkingagatik Carmenek ordaindutako prezioari erreparatu, ez. Lau zenbaki horiek bere arreta osoa erakarri zuten. Hiruzpalau egun pasatu ziren Oskarrek tiketa aurkitu eta Carmenen bizitzako biografiako hutsuneari erreparatu zion arte.

Elurrak mara-mara zuritzen zuen oraindik ere errepidea, lodi.

Bazekien larrutan egiten zutenean beste mihi batek miazkatuak zituela haren titi buruak, ezpainak, haren azalaren zentimetro karratu bakoitza, beste zakil batek betetzen zituela haren biografiako hutsuneak. Oskarrek larru beltzeko liburuxka batean zenbakituak zituen Carmenen hutsuneak. Data, ze ordutik ze ordutara eta zenbateraino zeukan konprobatua hutsunearen existentzia; %100ean, %50ean, ala posibilitatea baino ez bazen. Egindako konprobazioak zeintzuk ziren eta hauen emaitza zein izan zen ere apuntatzen zuen. Egun horretan zeraman arropa begiratu, usaindu; sakelakoan dei eta mezuak konprobatu; posta elektronikoa; kuleroak; haren irribarrea; gorputzeko epeltasuna; larrutarako gogorik ote zuen. Bakoitzaren ondoan “ok” idatzi edo gurutzea egiten zuen, emaitzaren arabera.

Ez al zuten ba elkar maite? Ez al ziren goxoak elkarrekin igarotzen zituzten uneak? Zer dela-eta %100ean konprobatutako 69 hutsune eta ehundik gorakoak ziren hutsune-susmoen ostean? Zer dela-eta hitz egin behar puta hori orain, gaur? Oskarrek, berak, inoiz, akaso, hitz egin al zion ba miazkatzen zituen zakilez, desioz larrutzen zituen gorputz gizondu eta mardulez? Ez zitzaion inoiz euren zoriontasuna puskatzea bururatu ere egin. Zertara zetorren orain hitz egin behar hau? Zergatik orain? 

Alaitz Vives

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago