Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
MAIATZEAN KUKU GARAGARRILEAN MUTU 
 
Beste espezie batzuen kontura hazten ditu kumeak kukuak

    Ku-ku, ku-ku, ku-ku.., nork ez du ezagutzen kantu ozen hori? Dudarik gabe, hegaztien munduan doinurik ezagunena da, eta ospe hori hizkuntza ezberdinetan txori hau izendatzerakoan islatzen da: kuku, euskaraz; cuco gazteleraz; coucou, frantsesez; cuckoo ingelesez...

    Egutegi ofizialak udaberriaren hasiera martxoaren 21ean finkatzen badu ere, baserritarrentzat kukuaren (Cuculus canorus) kantuak iragartzen du urtaro horren etorrera. Eta sinesmen herrikoiaren arabera, “Andra Mari martikotik (martxoak 25) zortzigarren egunean kukua ez badator bere ondra enterrua (hileta) egin behar da”.

    Izan ere asko dira Euskal Herri osoan hegazti honen inguruan sorturiko kontaketak, esaerak eta sinesmenak. Tradizioaren arabera, egoera ekonomikoan ere eragina du txori bitxi honek, kukuak jotzen lehen aldiz entzuterakoan poltsikoan txanponak daramatzanari urte horretan ez omen baitzaio dirurik faltako; txanpon gabe badago, ordea, hurrengo udaberrira arte, behintzat, ez da aberastuko.

    Biziaren iraupenarekin ere nolabaiteko zerikusia omen du kukuak; horregatik atso-agurek kukuak noiz joko arduraz izaten dira, lehen kantua entzunez gero urte horretan heriotzaren bisita ez gertatzeko berme osoak eskuratuko baitituzte. Adinean aurrera doazenek negu aldean osasunez guztiz ondo ez dabiltzanean, “ez dakit aurten kukurik entzungo dudan” esaten dute, kuku-hotsa entzun ondoren, urte horretarako bizia ziurtatutzat edukiko dutela adierazi nahirik.

Habia-bizkarroitza

    Bere kantua ezaguna bada ere, ezin da gauza bera esan kukuaren itxura eta bizimoduari buruz, nekez ikus baitaiteke. Aitor Bengoak Elhuyar aldizkarian argitaratutako Kukuaren Habi-Bizkarroitza: Norgehiagoka Etengabe artikuluan azaltzen duenez, kukua hegazti bizkarroia da, hau da, bere kumeak beste espezie baten kontura hazten ditu, txantxangorria, txepetxa, amilotxa eta abarren habietan arrautzek jarriz. Hirurogei ostalaritik gora ezagutzen zaizkio kukuari Europan.

    Habia-jabeen ausentzia aprobetxatuz, errutuko du kuku emeak ostalariaren habian. Arrautzek mimetikoak izango dira, hots, neurri, kolore eta forman beste espezienaren oso antzerakoak. Bi egunetik behin erruten dute, gehienetan arrautze bana habiako eta guztira hamabost jartzera irits daiteke. Gainera, ostalariarenean arrautzea utzi aurretik, habiako bat lapurtuko du, horrela kopuruan aldaketarik egon ez dadin.

    Kukukumea habiakideak baino lehenago jaioko da, eta ostalariaren arrautzek habiatik jaurti egingo ditu, era horretan lehiakideak kanporatu egiten ditu eta janari guztia beretzat izango da. Egun gutxitan, gurasordeak tamainuan gainditu egingo ditu. Dena den, benetako gurasoak kumeez ez dira guztiz arduragabetuko, eta hauek intsektuak eta beldarrak —bereziki prozesionaria— ehizatzera kanpora ateratzen hasi arte habia inguruan ibiliko dira.

Udaberriko kantua

    Ku-ku, ku-ku, ku-ku... kantu ospetsua arrarena da, emearena apalagoa, baxuagoa eta ezozenagoa baita. Baina uda sartzen den heinean, kuku-hotsa isilduz joango da, San Pedro inguruan desagertuz. Eta gertaera hau esaera herrikoiek isaltzen dute: “Kukuak egiten dau maiatzean “ku-ku”, garagarrilean (uztailean) geratzen da mutu” edo “Andra Mari martikoz ku-ku, San Pedroz mutu”.

    Arratia (Bizkaia) aldean esaten denez, “San Pedro jaietan, Diman bazkaldu eta Frantziara joaten da kukua”, hurrengo urtera arte bere arrastorik izango ez delarik. Baina ez da Frantziakoa hegazti migratzaile honek hartzen duen norabidea, Afrikakoa baino, negua lurralde horietako epeltasunean igaroko baitu. Lehenengo gurasoak abiatuko dira eta hilabete eta erdi inguru beranduago kumeak —euren kontura eta inolako gidaririk gabe— izango dira Afrikako gune tropikaletan bukatuko den bidaia hasiko dutenak. Ku-ku, ku-ku, ku-ku...

Jon Urutxurtu

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago