Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

INOIZ IDATZI ETA IGORRI EZ DEN ESKUTITZ BAT IZAN AL DAITEKE?
Orain dela bederatzi urte Alemanian ikasten ari nintzela, batxilergoko ikaskide ohi baten erantzuna jaso nuen eskutitzez, eta berak idatzi zidan zerbaitek arreta eman zidan orduan:

(...) nirea ez da zuk bezala poesia idaztea, nik nahiago ditut gauzak hitzez esatea (...)

Orain, gauza bera berrirakurri dudalarik (ene paper zaharren artean txukuntze-lanetan nenbilela), poesiaz zer pentsa hasi naiz. Zer ote poesia? Derrigorrez letra batzuez eta gramatika bat baliatuz sentitzen dena idazteko beharra.

Ene ustez, ez da hori bakarrik, hori literatura da. Poesia hori ere bada, noski! Literatura letrez adierazten da, komunikazio-ekintza da eta ez da derrigorrezkoa; baina konpartitzea bai da halabeharrez ateratzen dena.

Bizi naizen neurrian, hitz biziak ateratzen zaizkit eta poesiaz iritzi-artikulu bat idazteko eskatu didatenean, hausnarketa hauxe konpartitzen dut Beterriko Liburua aldizkariaren irakurle guztiekin: poesia gauza bizi bat da, eta bizitza dagoen bitartean sentsazioak adierazteko beharra da poeta gainontzekoengandik (poetak sentitzen ez direnengandik) bereizten dituena, zeren eta poeta poeta izanen da berak hala nahi badu, bere poemak liburu batean argitaratu ala ez. Horregatik diot, bere burua poetatzat duenak ez duela libururik argitaratzen, poeta bizi ahal egiten baita poeta, eta ondorioz, baita poema bat ere. Poeta izatea bizi-aukera bat da, eta adierazpide nagusia hitz bizia izanen du, nahiz eta bestelako adierazpideak izan, hala nola hitz inprimatuak.

Poetak zerbait errateko beharra du, bere buruari besterik ez bada, eta besteekin konpartitzeko behar horrek adierazpide bat bilatzen du. Egia da poema-liburuak idazten direla, baina poetak ez du beti liburua idatzi beharrik; izan ere, poetak oharmen berezi bat jartzen dio inguruari eta uneoro sortzen dituen galderak erantzuteari ekiten dio, uneoro bilatzen ari da eta bilaketa horretan zerbait aurkitzen duenean, jada ez du bilatzen duena inprimatuz idazteko beharrik. Azken batean poema-liburuak irakurleak osa ditzan idazten dira, ene iduriko, poesia bilaketa-prozesu bat baita.

Niri, lehen aldiz poesia kontzienteki kantu leun baten moduan iritsi zitzaidan begietara. Alemanez idatzia zegoen, ezagutzen ez nuen poeta batek idatzia. Orain dela hamar urte Marlene Hörmann-ek hutsunez betetako poema-liburuak ene arreta bereganatu zuen. Orrialde bakoitzaren laurdena soilik betetzen zuten letrek eta nire orduko aleman mailagatik letra guztiak ez nituen ulertzen, baina orrialdeen hiru laurdenak bete (asmatu) nituen eta nire bilaketa (nire interpretazioa)  hasi nuen. Nire bizitza idazten hasi nintzen buruan lehendabizi eta gero eskuz. Erran daiteke ene barneko poeta alemanezko poema-bilduma batek leun-leun esnarazi zidala. Ordutik ene bizitzarekin (egunerokoarekin) zerikusia duen guztia idazten dut, egunero sentitzen dudana.

 
(itzulpena)
Hitzik ez,
Eskutitzik ez,
Agurrik ez-
Horrela soilik amaitzen da
Inoiz izan ez den maitasuna.
Inoiz idatzi ez den eskutitz batek ere bizitza du, poesia ere bada. Poesia ez da hitzez bakarrik egiten, hutsuneez ere bai. Poetak hitzik gabe komunikatu nahi du bere bilaketa, bere galdera. Poesia zerbait bizia da eta bizitzarekin zerikusia duen guztia poesia bidez adierazten da. Gure sentsazioez osatzen dugu poema bat, eta Castillo Suarez-entzat poesia Altsasun gelditzen den Gasteiztik Iruñerako autobusa den bezala, ene poementzako osagaia Mugairen gelditzen den Irundik Iruñerako Baztanesa izan liteke batzuetan eta beste aunitzetan bederatzi tunelez osatutako Irundik Gasteizerako trena, Mirandaraino doana gainera! Enetzat poesia ere amatxiren hitz joko eta bat-bateko esaera zaharrak edota urteetan etendako txikitako lagun min baten berreskuratze-gutuna izan daiteke. Poesiak ez du errezeta jakinik ez, poetaren arabera osagaiak aldatzen baitira eta poetak ez du zertan irakurlerik eduki; nahiz eta beste norbaitek poetaren galderak erantzun eta bilaketan lagundu, poetak berak irakurlerik gabe ere bilatzen duena aurki baitezake, beranduago bada ere

Buruan idatzi dena, azkenik argitaratzea edo papereratzea polita da, eta irakurleak berea idazteko aukera baldin badu, are politagoa; horregatik dira horren garrantzitsuak hutsuneak, irakurleak poeta izanez bizitzea aukera dezakeelako.

Edo ez! Hutsunez osatutako sentsazioak, harremanei buruzko ideiak, barne-giroko irudiak SORPRESAZ eta NATURALTASUNEZ irakurriko ditu ideia horiek. Irakurketa horretan misteriotsuki irudi berriak sortuko ditu, eta bizitzari oharmen berezi batez begiratuko. Horrela bizitzeko modu bat bihurtuko da, ez den horretan (hutsuneak, elipsiak) zerbait bilakatzen ahaleginduz, istorio berriak osatuz eta ... poeta bizi bat sortuko da.

Azken batean, poesiak bizitzeko modu bat erakusten du, inguruko gauzak sentituz bizitzea, eta sentitzen den hori norberaren espresa-moduz adieraztea. Dena kolpe batez adierazi daiteke edo, lasterbiderik gabe, saihesbideak hartuz adierazteko aukera eskaintzen du poesiak. Poema batek balio terapeutikoak izan ditzake, baita gaitzak eragin ere. Poeta ongi ala gaizki senti daiteke, eta poemaren arabera lotsatu edo harrotu  edo nik al dakit zer gehiago jendearekin konpartitzean.


Ainara Maia Urroz

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago