Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
luma9  
Udaberria sartu berritan, Donostian ospatu da aurten Euskal Idazleen Elkartearen urteko Batzar Orokorra. Ekitaldiaren amaieran, urtero egiten den moduan, omenaldia egin zaie 2011n zendutako bazkideei.
 
Bada, horietako izen bat ekarri nahi izan dut lerro hauetara. Hain zuzen ere, Xabier Gereñorena. Batzuek esana dute bere gaiak eta hariak sinpleak zirela bere idazlanetan, baina ezin da ahaztu bere helburuetariko bat izan zela euskal irakurlegoa ugaltzea. Horregatik, -edo horretara-, zuzendua izan zuen bere ibilbide oparoa, eta horren berri eman zigun Laura Mintegik, langile nekaezin baten biografiako hainbat pasarte aipatuz.
 
Esan zituen gauzen artean ordea, batek bereganatu zuen nire arreta: Gereñok nahiago zuela gaztelaniaz idatzi euskaraz baino. Nola da posible euskaraz egindako lan mardula ikusita? Zergatik ekin zion hainbat urtez euskaraz idazteari?
 
Laura Mintegiren hitzetan «horrela egin behar zelako»; alegia, garaian garaiko egoera politikoa ikusita, eta euskararen iraupenaren mesedetan, bete beharreko inperatiboa izan zelako berarentzat. Abiapuntu horretatik sortutako pentsamendu horrek eraman ninduen ondorioztatzera, nahimen indibidualetik harago, ontasun kolektibora jauzi kualitatibo bat zegoela bere jarreran. Edo beste era batera agertuz, esango nuke berea erabaki etikoa izan zela, etika ororen ezaugarria baita 'egin behar' horren kontzientzia, normalean konpromisotik eta koherentziatik eratorritako erabakietan islatzen dena.
 
Preseski, hori bat dator, azken bolada honetan buruan darabilkidan ideiarekin, non idazleak bizi duen testuinguruarekiko erantzukizunez jokatu behar duen. Eta ezaugarri hori presente dago Gereñoren jarreran; ez bakarrik berean noski, baita egun desagertzen ari diren hainbat idazlerengan ere: Txillardegi, Kapanaga edota Arana Martixa, besteak beste. Beren erantzukizuna belaunaldi baten ezaugarria izan dela esango nuke, giltzarri suertatu dena kulturaren sorkuntzan eta eraikuntzan. Nola ulertu bestela hizkuntza aurrera ateratzeko emaniko esfortzuak, ezinbesteko eskuzabaltasun hori gabe?
 
Idatzi beharra dago, dudarik gabe, izan zirenen eta izango direnen artean zubiak eraikitzeko. Gure aurrekoek ereindakoa bizirik mantentzeko. Haiek egindako ahaleginak alferrik gal ez daitezen.
 
Idatzi beharraz dago, dudarik gabe,  izan zirenen eta izango direnen artean zubiak eraikitzeko.  Gure  aurrekoek ereindakoa bizirik mantentzeko. Haiek  egindako ahaleginak alferrik gal ez daitezen.
 
Carmen Valois

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago