Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
luma4    

Estetikaren irizpideen menpe pertsona asko dagoen arren, emakumeak izan dira, dudarik gabe, historian zehar gehien sufritu behar izan dutenak. Bizitza soziala mugatzeaz gain, nortasuna eta izaera ostu zien garaiko gizarteak; gizon bat ehizatzea, familia izatea eta etxearen ardura hartzea aurrera egiteko aukera bakarrak zirela pentsaraziz.

Egun, zoritxarrez, gauzak ez dira nahi adina aldatu. Itsumustuka jarraitu beharreko edertasun eredu bat ezarri da, baina nork ezarri du? Emakume argalaren idealizazioa edertasun industriek eragin dute, eta milioi asko mugitzen dutenez, ez dirudi urrezko arrautzak erruten dituen oiloa akabatzea komenigarria denik.

Datuak nabarmenak dira. Mendebaldeko emakumeen %80 ez dago gustura bere gorputzarekin. %20 ebakuntza-gela batean egona da silueta hobetzeko eta horietako %40k errepikatzea erabakitzen du.

Aurten, oso deigarria iruditu zaidan kasu bat ezagutu dut. Jone deituriko neskatxa batek selekti- bitatean oso emaitza onak atera zituen, eta opari gisa, hainbeste desiratutakoa lortu zuen: liposukzioa. Non geratu dira betiko sariak? Orain, liposukzioak edo bular-handitzeak oparitzea dago modan, arrisku handiak izan ditzaketen ebakuntzak direla kontuan hartu gabe. Honela, Joneren istorioak ez zuen amaiera zoriontsurik izan. Operazio ondorengo egunetan, hesgailuz estalita eta ia mugiezinik egon zen. Hesgailuak kendu zituen egunean iritsi zen arazoa; izan ere, gorputz osoa konkor eta pleguz beteta zuela konturatu zen. Momentu horretan, aurretik hain beldurgarria zitzaion gorputza, orduan baino askoz ere ederragoa zela onartu zuen, baina jada ez zegoen atzera egiterik.

Gauzak ez dira beti nahi dugun moduan gertatzen, bereziki, gure esku ez dagoenean, baina dugunarekin pozik bizitzen ikastea badago gure esku. Askotan errepikatu arren, ez dio egia izateari utziko: emakume baten edertasuna ez dago bere janzkeran, ez bere itxuran, eta ezta bere orrazkeran ere. Edertasuna pertsona bakoitzaren begietan dago, pertsona horren arima erakusten duten leihoetan, alegia.

Lide Iparragirre Mercero

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago