Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Feminismoak izorratu gaitu 
luma12    
argazkia: Izaskun Etxeberria    

Abba  Parque hoteleko Botavara jatetxean batu ginen astelehen hartan bazkaltzeko. Martxoaren 8-a zela eta, laneko emakumeok, urtero  moduan, elkarrekin jan genuen. Aurtengo antolatzaileek erabaki zuten gutako bakoitzak liburu bat oparituko ziola beste bati. Emakume  batek idatzitako liburua izan behar zuen, eta  bakoitzak idatziz eskaini behar zion oparitzen  genionari. Bitxia da idatzizko eskaintzaren kontu hau, jakin ez baitgenekien zehatz-mehatz nori oparituko genion guk aukeratutako liburua:  bazkalostean antolatzaileetako batek liburu guztiak batu zituen poltsa batean, eta mahaikide  bakoitzak, poltsan eskua sartu eta itsu-itsuan  liburu bat atera genuen.

Urtero egiten dugu honelako jolas-alditxoren  bat: iaz emakumeek abestutako kantuekin cd-ak; aurreko urtean gure laneko gizon-mutilik  majoena aukeratzeko bozketa, lagun sekretuarena 10 euro tope jarrita...

Kontua ondo pasatzea izaten da.

Emakumeok eguna izatearen kontu honek  gogora ekarri dit nire lagun batek sarritan esaten zuena. Uste askotan maistra moduan elkarrekin lan egindakoak gara, eta lanean itoaldiren bat zuenetan esaten zuen:“Gu feminismoak  izorratu gaitu ”. Eta jarraian honakoak argudiatzen zituen:“Lehengo emakumeek, sasoi batera heldutakoan, argi zeukaten zer egin behar zuten: nobio patroia hartu eta kitto!”.

Patroiarenak zera esan nahi zuen: itsas-herrikoak garenez, gure belaunaldira arteko gizon  gehienek itsasoan lan egiten zuten. Horietatik  asko marinelak ziren, beste batzuk makinista  edo kontramaisuak eta gero patroiak zeuden.  Nobio-patroia esateak beraz, nobio-aberatsa  esan nahi zuen gu guztion buruetan.

Nire lagunaren erretolikak jarraitu egiten zuen  holakoetan: “Batzuk Patroi-arrantzan ziharduten  bitartean, gu, ostera, estudiatzen, bihar edo etzi geure buruaren jabe izateko bidea zela eta. Eta gaur  egun, zer? Guk geuk irabazi soldata, bai, baina hemen gaude lan bati kateatuta: geuk lana, geuk ardurak, geuk familia, geuk dena. Eta ostera, patroien  emazteak  señorak moduan gure aldean”.

Ez dakit nire lagunak arrazoia duen edo ez.  Beste gauza askorekin gertatzen den moduan,  segurutik neurri baten baietz. Baina berak ez  zuen hau guztia benetan esaten. Ez berak eta  ezta nik ere ez genituzke trukatuko lortu ditugun eskubide, nor-izate eta burujabetzak senar  aberats baten emazte izateagatik. Gainera horrelako truke kontuetan sartuko bagina, agian,  liburuen, cd-en eta mutil majoen bozketa-jolasetan ezingo ginateke olgetan ibili.... Eta guk,  neskak, jolas egitea dugu gustuko, ala?

M. Ione Solabarrieta Badiola

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago