Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

argia4    
pdf    
Itzal nazazue

Horra telebistak esana: “Itzal nazazue eta bizi, ahal baduzue behintzat!”. Gizartean gaitzik bada, telebistak erru portzentaia segurua izango du gaitzaren sorrera edo zabalkundean. Inoiz hitz egin genezake horrela bizitzearen erosotasunaz, gaitza edozein dela ere, erruduna eskura izatearen erosotasunaz, esan nahi baita.

Telebistak aldaketa garaiak bizi ditu baina. Lurreko telebista digitala eta honek ekarritako dozenaka kate berri, euskarri berriak, Internet, sakelekoak, kontsumo berriak. Telebista edonon, edonoiz, edozein dispositibotan ikusi ahal izateko moduko produktuak ekoizteko bidea egiten ari da.

2003. urtean orduko Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezko sektorearen izaera estrategikoa, lehentasunezkoa, nabarmendu zuen Ikus-entzunezko Sektorearen Liburu Zurian. Pentsatu liteke hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomian berebiziko garrantzia duen ekonomia jarduna dela ikus-entzunezkoa eta kultur industriaren barruan sektore garrantzitsua, pisuzkoa dela. Telebista produkzioa ere sektore horretan sartzen da, beste jarduera batzuekin batera.

Dokumentu horretan aktibitatearen eta sektorearen deskribapena egiten da eta negozio bolumena, arazo nagusiak, indar guneak eta etorkizuneko erronkak zeintzuk diren eta hauei aurre egiteko bideak nondik nora joan daitezkeen aipatzen dira besteak beste. Ez dira bakarrak, baina beste batzuen artean, sektoreak dituen arazoen artean, atomizazioa eta behin-behinekotasun altua, tenporalitate altua aipatzen dira.

Lan erreformaz eta langileen lan baldintzez horrenbeste hitz egiten den sasoia izanda, nabarmentzekoa da sektore horretan gertatzen dena. Telebista ez da salbuespena, gehiago esango nuke, ezaugarriok bete-betean jotzen dute telebistarako produktuen ekoizpenean lanean diharduena. Eta nago, sektoreko profesionalei berean jarduteko aukera eskaintzeko gai ez den sektorea nekez izango dela estrategiko, berritzaile. Eta nago, sektoreari talentuak ihes egiten badio, nekez izango dela sektore estrategiko eta berritzaile.

Clusterrak eta enpresen arteko kolaborazio lanak nekez izango dira eraginkor bere lanean profesional direnak beste sektore batzuetara ihesi badoaz. Administrazioaren gonapetik kanpo lanerako gune, esparru sortzaile egokirik eraikitzeko gai ez den sektoreak kale egingo du bere estrategian, halabeharrez.

Alaitz Vives

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago