Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
BEHIZAIN ZIENTZALARIA 

Joxe etzanda zegoen pagoaren itzalean. Aurrean, hamalau behi belar janean. Goiza zen. -Hona lehen aldiz etorrita ere, erraz jakingo nuke goiza dela-, pentsatu zuen, -behiak goizean egoten dira belarra jaten. Arratsaldean, ostera, hausnarrean aritzen dira. Goizean jandakoa ahora eraman, eta, berriz ere, desegin arte, mihi eta hortz artean eragin eta eragin eta eragin-.

Joxeri ere hausnartzea gustatzen zitzaion, baina ez behiei bezala, noski.

Joxek behiei begira jarraitzen zuen. Behi guztiak txuri-beltzak zergatik ote ziren galdetu zion bere buruari.

-Etxeko behiak txuri-beltzak dira, jaiotzen diren txahalak ere, txuri-beltzak-. Aldameneko baserriko behiak txuri-beltzak ziren, eta gogoan zuen alboko bailarara joan zenean han ikusitakoa: hango behiak ere halakoxeak ziren, beste guztiak bezalakoak. Joxe pozik zegoen, zerbait ziur jakiteak alaitasuna...eta hotzikara ematen baitzion.

-Eta,... zergatik ez beste koloreren batekoak?-

Behi berdea irudikatu zuen.

-A ze txorakeria, berdeak belarra eta hostoak izaten dira. Behiak ezin dira berdeak izan, bestela ez lirateke belar artean ikusiko. A ze ikara, zelaian zehar joan eta, ustekabean, bati buztana zapalduko bagenio!
-Eta, urdinak balira? Bai astakeria, abere urdinik ez dago. Ura da urdina. Behiak urdinak balira, edaterakoan, ez lukete beraien buruaren isla ikusiko. Harrigarria!-

Mutikoaren buruak ez zuen lasaialdirik hartzen.

-Ura naturaren bitxikeria da- pentsatu zuen Joxek.
-Urak, hurbiltzen zarenean, zeure aurpegia erakusten du-.
-Nik, behin, uretara begiratu, eta nire aurrean mutiko bat ikusi nuen. Eta uretara zenbat eta gehiago hurbildu ni, bera gorago. Ia muxu emateraino-.
-Nik ez nuen gustuko inori musu ematea, ez amamari, ez izebari, ezta nire... beno, bai, amari bai, baina arrebari ez eta pentsatu ere!
-Egarriak egon nintzen arratsalde osoan, ur azpian zegoen mutikoari musurik ez ematearren-.

Beranduago, ordea,“Txintxo” albora etorri zitzaionean, Joxe konturatu zen uretan beste txakur bat zetorkiola.

-A ze haserrea. laster dira borrokan- bere artean; baina gero, elkarri musu ematen ziotela eta, azalpen baten bila hasi zen.

Eta zera, txakur biek aurpegi eta keinu berbera zuten, eta baita sudur gaineko orbantxo zuria ere.

-Biak “txintxo” dira- ondorioztatu zuen... Ez hori bakarrik, izugarriagoa: alboan zegoena Joxe bera zen!
-Aiba! Hau neu naiz!-

Egunero bezala, Joxe behiei begira zegoen, eta koloreei buruz izandako hausnarketa gogoratu zuen. Jadanik bazekien behi guztiak txuri-beltzak zirela, hori zen benetako egoera, -ukaezinezko egia-; eta norbaitek ezetz esaten bazion bazekien zer erantzun:

-erakutsi frogak, nik baditut. Nik esaten dudana ikus daitekeen zerbait da, behi guztiak txuri-beltzak dira. Joan zaitez edonora eta munduko toki guztietan behiak txuri-beltzak ikusiko dituzu-.
Ziur zegoen.

Baina berari beste koloreren batekoak zirela irudikatzea gustatzen zitzaion.

-Eta behiak beltzak balira? A ze barregura! Ukuiluan sartu, eta, han, ez ziren ikusi ere egingo. Nola bereizi, bada, ilunean, beltz-beltzak izanik?
-Usaimenaren bidez- bururatu zitzaion, baina gero atzera bota zuen ideia hori, -han dagoen simaur usainarekin zaila-.
-Eta gauean? hura bai iluntasuna! Orain ere, txuri-beltzak izanik, ttuntturroaz bakarrik bereiz daitezke eta- zion bere artean.

Gau batean, -gogoratu zuen-, orban beltz handi bat ikusi zuen. Behia zelakoan hurbildu zitzaion. Goiko baserriko aitona zen, hego haizetan lotan. Beno, makilakadarekin esnatu zela argitu behar.

-Jaiki behi alferra!-.

Joxe, orduantxe konturatu zen errealitatea eta honen itxura ez dela, batzuetan, gauza bera. Egurra eman zionean mugitu zen, baina ez zuen, ez ttuntturro tintinik ez marrurik sumatu, oihu samin samar bat baizik.

Berak ere, hurrengo goizean, matrailekoaren berotasuna sumatzen zuen oraindik aurpegian.

Behiak zaintzeak eta bere buruaren hausnarketak neka-neka eginda uzten zuten Joxe, afaltzera, etxera heltzen zenerako. Hala ere, gau hartan esna zegoen. Gauza ziurrak aurkitu nahi zituen, egiak.

-Bat badaukat, baina ba ote gehiago?
Halako batean, kolore guztietako behiak ikusten hasi zen.
-Ze...zer da hau! Behi txuri-gorriak. Hara, Athletic-ekoak dira horiek- esan zuen Joxek. -Hango haiek behi-pailazoak dira: hori eta more, urdin eta berde, dena nahasturik-.
-Atzealdeko hura behi gardena da, bere atzean dagoena ikus daiteke. Nola daiteke behi gardena? Hango hura behi-txoria da, eta hegal handi-handiak ditu. Han behean, errekan, behi-amuarraina; oinen ordez hegatsak ditu, baina ez du zakatzik. Hara, orduan ez da behi-arraina, izurde antzeko uretako ugaztuna edo...Agian itsas behia izango da. Izan ere, gure maisuak esaten du badaudela halako animalia arraroak: itsas behiak, itsaselefanteak, itsastxakurrak, katuarrainak... Mundu hau benetan bitxia da- pentsatu zuen gure mutikoak

Argi distiratsu batek beldurtu zuen. Eguzkia zen, baina ez zegoen bestetan bezala, zeruan borobil-borobil, geldi-geldi. Hazten hasi zen, gero eta argi itsugarriagoa ematen zuen, gero eta bero handiagoa. Kolorezko behi guztiak ihesi zihoazen, A ze beroa! Urtzen ari ziren. Hura kiskali beharra! Nolako argitasuna! Begietan min zeukan Joxek, gorputza izerditan.

Erretzen hasi zen, gori-gori jarri zen, Ahhh!

Ohean jarrita esnatu zen.

-Hainbeste hausnarketa ez dakit ona den buruarentzat-.

Joxe etzanda zegoen pagoaren itzalean. Urrutian irudi txiki batzuk ikusi zituen.

-Han datoz ama eta maisua berriketan. Niri buruz ari ote dira? Bada, nik azken asteetan ez dut ezer txarrik egin. Eta etxeko lanak ere egin ditut...gehienetan-.
-Han beste aldetik aita ere. Gaur feriara joan da. Ea oparitxoren bat ekartzen didan-.
-Aiba! Zer da hori? Animalia handi bat da, baina horrelakorik ez dut inoiz ikusi. Behiak bezain handia da. Behien antzeko marruak egiten ditu. Bi adar ditu gainera, behiek bezala. Ugatzak ere baditu, behien antzera... Hurbildu egingo naiz-.

Mutikoak, bere aitarengana zihoan heinean, belaunak gero eta dardaratsuago sumatzen zituen. Behi itxura osoa zuen, baina...baina horrek, berak ziurtzat zuen baieztapen ziurrena ezeztatzen zuen. Behi antzeko hura marroia zen eta horrek bere behiei buruzko hausnarketa guztiak pikutara botatzen zituen.
Bihotza taupaka hasi zitzaion, gero eta gogorrago. Zorabioa sumatu zuen.

-Behi marroia! Behi marroia! Nola liteke! Behiak txuri-beltzak izan behar dute! Nire munduan txuri-beltzak dira!

Aitaren albora heldu zenean, hark igarri zion bere onean ez zegoela, baina...

-Begira zer ekarri dudan feriatik, behi mota berri bat, okelarako erabiliko dugu hazten denean-.
Joxe ez zegoen aitaren etorkizuneko salerosketetan pentsatzen: bere mundu ziurra desegiten ari zen, zalantzak irabazi zuen. eta behatz potolotik hasi eta gorputz osoa txindurritzen hasi zitzaion; segurtasunik gabe, kolokan sentitu zen, bakarrik, hutsune handi batean ezjakitun.
-Zer gertatu zaizu, seme? Ez al duzu behia gustuko?-
Joxe behiari begira ahozabalik zegoen, eta konortea galduaz lurrera erori zen. Ama eta maisua korrika etorri ziren, mutila lurretik altxatzera eta iratzartzera.
-Joxe, Joxe, Zer zabiltza? Esna zaitez! Esna zaitez!- zioen amak, maisua aitarengana hurbildu zenean.
Aitak, orduan, -ez dakit zer, baina bazuen zerbait buruan. konortea galdu aurretik zera esan dit: “Nik bakarrik dakit ezer ez dakidala”-.

Orduan maisuak, harri eta zur, -horixe bera esan zuen orain bi mila eta bostehun urte Greziako pentsalari handienak...Sokratesek...-

-Badator, badator- Amak.

Joxe bere onera etortzen ari zen, baina burua eta hausnarketa ezin gelditu. Ahots ahularekin, begiratu zien, eta zer esango, eta...-Badut ziurtasun bat, ezer ez dakidala badakit behintzat...-

Eta berehala jaiki zen.

Gurasoak eta maisua ahozabalik zeuden zelairantz abiatu zenean, txistu joka, sokatik behi marroia hartuta.

Iñaki Odriozola
 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago