Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Beriain handiaren zelatapean
argia7    
pdf    
Nafarroako Sakanaren bihotzean, mendi ikusgarriz inguraturik dagoen herri berezia da Arbizu. Iparraldean, Aralar, Lizarrustiko igarobidea eta Putterriko tontor harritsua. Hegoaldean, Lizarralderako atea den Lizarragako mendatea, San Adrian ermita izen bereko gailurrean, eta ekialderago, Sakana osoa menderatzen duen Beriain gailur lerdena.

Arbizu Euskal Herriko erdigune geografikotik oso gertu dago. Haren iparraldean Aralar mendilerroa hedatzen da eta hegoaldean Urbasa eta Andiakoak; azken horretan dago Arbizutik ikusita hain itxura lerdena duen Beriain edo San Donato mendi ezaguna. Herri-gunearen iparraldean orografiak sakonunea marrazten du, eta bertatik igarotzen da Sakana osoa zeharkatzen duen Arakil ibaia. Arbizu herria bera, berriz, hegoaldetik datorren Leziza ibaiak bustitzen du.

Deigarria da herriaren zatirik handiena basoek hartua izatea, belardi, larre zein soroekin alderatuz. Datu horrek Arbizuk bisitarientzat duen erakargarritasunaren arrastoa eman diezaguke, inondik ere. Paisaia bera da, etxe dotorez osaturiko herri-gune ikusgarriarekin batera, Arbizura bisitan datorren kanpotarraren arreta piztuko duen herriaren ezaugarri nagusia.

Udako solstizioa iragartzen duen San Joan egunaren bueltan izaten dira Arbizun jai nagusiak. Abuztu amaiera aldera, Sandindegi edo Sandindeiko erromeria ospatu ohi dute urtero. Sanjoanetan, bada urtero errepikatzen den ohitura bitxia: Udaletxean dagoen egur landuzko kutxa eder batean 1712an egindako zilarrezko zenbait katilu gordetzen dira. San Joan bezperan, ermitan bezperak entzun ondoren, ardoa banatzen zaie herritarrei, eta baita festak irauten duten egunetan beste zenbait unetan ere.

Arbizun, Etxarri Aranatz edo Lakuntzan bezala, Euskal Herriko hainbat lekutan egun imajina ezina den ohitura bizirik da oraindik ere: auzolanean aritzea. Herriko familia bakoitzak lau auzolan egin behar izaten ditu urtero, herriak jarritakoak, eta egiten ez duenak zerga gehigarria ordaindu behar dio herriari. Zuhaitz adarrak moztea, herriarentzat basotik egurra ekartzea eta gisa horretako lanak egin behar dituzte. Bada beste lanik ere: kultur jardunari ez diote muzin egiten Arbizun, eta 2000. urteaz geroztik Zizkerte kultur taldea ari da hura bultzatzeko ahaleginean. Eta kirol jarduerari erreparatuz gero, Arbizuko Udalak urtero antolatzen duen duatloia aipatzea ezinbestekoa da, Euskal Herriko distantzia motzeko duatloi koparako puntuagarria dena. Parte-hartze handia izan ohi du urtero, paisaiaren edertasunak aise erakartzen baititu kirolariak Sakanako herri eder honetara.

Olatzeako landa-hotela, herriaren apustu turistikoa

Leziza ibaiaren ertzean kokaturiko Olatzea landa-hotela iaz ireki zuen Arbizuko Udalak, bisitariek herrian ostatu hartzeko aukera izan dezaten. Horretarako, antzinako errota zaharra berreskuratu zuten. Garai batean, Arbizuko herria argindarrez hornitzen zuen errota zaharberrituak, egungo hotelaren azpiko galerietan martxan dagoena. Argindarra sortzeko erabiltzeaz gain, garia eta artoa ehotzeko ere erabili izan zen bolada batean errota zaharra. Aterpe dotore batean ostatu hartu ahal izango du Olatzea landa hotelera inguratzen den bisitariak, eta bide batez, garai bateko errota zaharrak nola lan egiten zuen bertatik bertara ikusteko aukera izango du. Aurrera begira, errotaren aitzakian museoa ere eraikitzeko asmoa dago.

Naturaz gozatu nahi duten bisitariak erakartze aldera, gutxi barru “Borden Ibilbidea” deritzon txangoa markatuko dute Arbizun. Gaur egun bada distantzia laburreko zenbait ibilbide markaturik herri-gunetik hegoalderantz joanda, Beriain eta Urbasaren magalean. Oraingo hau, ordea, iparraldean egongo da kokaturik, eta hamalau kilometro inguruko bidean lau borda bisitatuko ditu. Borda horietako batean, gainera, konponketa lanak egin eta aterpea jarri nahi dute, bertan gaua pasatzeko aukera emanez txangozaleei. Ibilbidea pagadietan barrena joango da ia erabat, eta 500 metrotan kokaturik dagoen Arbizuko herri-gunetik ia 1.000 metrora igoko da. Aralarreko mugaraino bertaraino iritsiko da, Mezeriaingo larreraino.

Gorka Azkarate

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago